Gazte lehiakor eta profesionalak sortzeko makinak martxan

Gazte lehiakor eta profesionalak sortzeko makinak martxan –

Gazte lehiakor eta profesionalak sortzeko makinak martxan

Gaztetasuna izan, sentitu eta sufritu ere egiten da. Blogeko lehenengo sarrera eta arazoez mintzazen hasi behar, marka da gero. Hobea litzateke gazte indarraz, aldaketarako gogoaz, festaz, sexuaz eta beste mila kontutaz arituko banintz baina handi-mandiek ez didate utzi.

Maiatzaren 17an LOMCE  izeneko legea aurkeztu zuen, Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak, beti ere mandatari eskuindarren talaiapean.  Lege honek gazte lehiakor eta profesionalak sortzea du helburu. Behin eta berriz errepikatzen dituzte bi hitz horiek diskurtso artifizialetan. Ikasleak lan merkaturako prestatu gura dituzte, ikasleak merkantilizatu alegia. Hezkuntzaren jomugan lan merkatua jarri eta heziketa pertsonal batek dakartzan balizko balioak alboratu. Agian, gu gara oker gabiltzanak eta lehiakortasuna eta profesionaltasuna dira gaurko mundu neoliberalean behar diren ezaugarriak. Albokoa zapaldu eta denen gainetik gora egiten duen horrek izango du tokirik honena gaurko Status Quo honen baitan.

Jose Ignacio Wert ministroak martxan jarri nahi duen legeak hainbat protesta sortu ditu.  Lege zentralizatu, espainol eta baztergarritzat hartu dute aurka azaldu diren gehienek, hauek baitira legearen nondik norakoak hobekien deskribatzen dituzten adjektiboak.

Zentralista

Lege zentralizatua dela diodanean, eskolen autonomiaz ari natzaizue. Gobernu zentralak kontrol handiago bat ezarri nahi du hauen gainean eta horretarako eskolez kanpoko azterketa  batzuk ezarri nahi ditu ikasketa etapa bakoitzaren bukaeran.  Lehen hezkuntzan egingo zaien proba orientagarria izango den arren, DBH eta Batxilergoaren bukaeran egingo direnak nahi edo ez gainditu beharko dira. Gainditu ezean, erdi mailako edo goi mailako ikasketak egitera bideratuko dituzte ikasle horiek. Honekin batera, selektibitatea kenduko dute, baina unibertsitate bakoitza libre izango da nahi izanez gero beste azterketa bat egiteko. Kasu horietan ikasleek bi azterketa gainditu beharko dituzte unibertsitatera iritsi aurretik. Azterketa hauek guztiak noski, berdinak izango dira Espainiar Estatu guztian, autonomia erkidegoen gaineko kontrola bermatuz. Buruzagi oro jakintsuen ustetan sistema honek gazteen “lehiakortasuna sutatu”  eta “esfortzuaren kultura” indartuko dute.

Bestalde, eskola kontseiluak konpetentzietako asko galduko ditu, eta eskolako zuzendaria aukeratzerako unean ere indar gutxiago izango du. Badirudi guztia kontrolatu nahi horretan traba egiten dietela hezkuntza benetan ezagutu eta bizitzen duten horiek eta paretik kendu nahi dituzte, horrela, txotxongiloen gisan men egingo dieten zuzendariak aukeratuz.

Espainola eta katolikoa

Curriculuma sortzeko orduan bi ezaugarri horiei berebiziko garrantzia eman dio gobernuak, hezkuntza katolikoa eta espainola izango da. Horretarako, eskola guztietan ikasgai berberak ematea adostu dute, hauek bi multzotan banatuz: enborrekoak eta hautazkoak.

Enborreko ikasgaien baitan Matematikak, Zientziak, Gaztelera, Historia eta Atzerriko Hizkuntza jarri dituzte. Hizkuntza koofizialak, horien artean euskara, ikasgai tronkaletatik at utziz. Beraz, euskal  hiztunok gure hizkuntzaren ordez atzerriko hizkuntzei eman beharko diegu lehentasuna. Gure hezkuntza askatasuna urratu eta atzerriko hizkuntza pisutsuekin zapaldu nahi dute gurea. Katalanen kasua ez da hobea, izan ere, estatuak diru laguntzak emango dizkie eskola pribatuei, eskola publikoetan gazteleraz ikasteko aukerarik izan ez duten ikasleei aukera bat eskaintzeagatik.

Lege katolikoa dela diodanean, erlijioko ikasgaiari egiten diot erreferentzia, izan ere, espediente akademikoan kontuan izango da ikasgai honetan lortutako kalifikazioa. Beraz, bekak eskatzeko unean erlijioan izandako puntuazioak eragin zuzena izango du.

Zu bai eta zu EZ!

Wert legearen arabera ikasleek 3º DBHn hartu beharko dute ikasten jarraitzeko edo bidea bertan bukatzeko erabakia. Honela, ustez ikasteko balio ez dutenak unibertsitatera joatea ekidin nahi dute. Matrikulen prezioak gora egin du nabarmen eta bekak berriz beherako doaz. Honen aurrean PPk soluzio erreza atera dio problema matematikoari, unibertsitateko sarbideari filtro handiagoa ipini eta hamasei urterekin beharrean hamalaurekin bideratu lan – edo langabezi- mundura ikasteko gaitasun gutxiago dituzten ikasleak.

Arrazoi ugari eman dizkigu Wert jaunak bere kontra altxatzeko, Euskal Herritarroi, beste guztiei kaltetzen dizkien neurriez gain, gure gain genuen autonomia gutxitu eta euskararentzako neurri kaltegarriak hartu dituztelako batik bat. Honen aurrean manifestazio, firma biltze eta errebindikazio anitz egin dira baina badirudi goi mailako oligarka eskuindar horiek beraien moduko diru gosedun enpresarioak  sortu nahi dituztela eta ez askatasunez pentsatzeko eta bizitzeko gai diren gazte independenteak.

LOMCE legearen aurka egindako adierazpena sinatu zuten eragileetako ordezkariak, Bilbon, agiriaren berri emateko agerraldian
LOMCE legearen aurka egindako adierazpena sinatu zuten eragileetako ordezkariak, Bilbon, agiriaren berri emateko agerraldian

Gazteon heziketak baldintzatuko du etorkizuna eta boterean daudenak heziketa hori elkarren arteko lehiakortasuna bultzatuz egin nahi dute. Gaur egun giza eskubideak kolokan badaude, pentsa eskolak enpresario handi-mandiak sortzeko fabrikak bihurtzen direnean. Ez dugu lehiakorrak  izaten jakin nahi, elkarlanean bizi nahi dugu. Ez dugu une oro gure gaitasuna neurtzen ibiltzerik nahi, ikasten disfrutatu nahi dugu. Ez dugu euskara bigarren mailako hizkuntza izaterik nahi, euskaraz bizi eta ikasi nahi dugu. Ez dugu hezkuntza molde inposaturik nahi.Hori dela eta, urriaren 12an martxa bat antolatu du hezkuntza komunitateak LOMCE legea inola ere ez aplikatzeko. Esan dezagun ozen guztiek entzun dezatenLOMCE legeari EZ!

(Jatorrizkoa ‘Gaztekeriak’, Malen Aldalurren Argiako blogean)

Gazte lehiakor eta profesionalak sortzeko makinak martxan
ARGIA, LOMCE, malen aldalur, wert

ZuZeu-ko editoreek sarean aurkitzen dituzten artikulu interesgarriak, CC-BY-SA 3.0 lizentziapean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude