Gazte gara gazte… eta ez dakigu noiz arte

Gazte gara gazte… eta ez dakigu noiz arte

“Gaztie nintzen zorue nintzen…”

.

“Gazte gara gazte, eta ez gaude konforme…” kantatu zuen aspaldi Lourdes Iriondok, “… mundu garbiago bat bizi nahi genuke”. Gaztea izatea inkonformismoarekin lotzen du kantuak, eta horrela beharko luke.

Baina… noiz arte gazte?

Gazte gara gazte... eta ez dakigu noiz arteGaztetasunari miresmen neurrigabea dion gizarte honetan gero eta lausoagoa da gaztetasunaren muga, eta hedonismoaren gorazarre diren udako musika jaialdietan, Gazteako entzuleen artean zein gaztetxeetan -izendapen berri bat behar dugu gune autogestionatuentzako- gero eta gehiago dira berrogeiak ere aspaldi atzean utziak dituztenak.

ZUZEUk, esaterako, banketxeek gazte txartelekin darabiltzaten antzeko mugak ezarri eta 30 urte azpikoen sarrerak baino ez ditu saritzen #zuzeuGAZTEAsaria lehiaketan.

Eta Ganbelaik gogorarazi zigunez, Diario Vascorentzat 40 urtekoa jada ez da gaztea, adin horretako bertsolaria `sailkapenetik kanpo´ gelditzen baita.

Beste batzuetan, mugak ez dira horren zehatzak izaten.

Futbol kontuei erreparatuta, Ingalaterrako zaleen artean, jarraitzen duzun taldeko jokalariren bat zu baino nagusiagoa bada, oraindik gaztea zarela esaten ei da. Horrela kontatu zidan aspaldi lagun batek, kirol kazetaria bera, Athletic-ek Armando atezaina fitxatu berria zuela Cadiz futbol taldetik. Sopelarra 39 urte bete zituen arte izan zen zuri-gorrien taldean, gure gaztetasuna dezente luzatuz.

.

Jardunak mugatzen du gaztetasuna

Administrazioarentzako, esaterako, droga zalea bazara gaztea zara per saecula saeculorum, egiten dituzten kanpaina gehienek erakusten dutenez. Eta komunikabide zenbaitentzat, beste horrenbeste Kale Borrokan dabilena: “tres jóvenes encapuchados queman un autobús…”; ez zarete inoiz harritu horrelakoak entzutean? Nola jakin gazteak zirela, aurpegiak estalita bazeramatzaten?

Indefinizio honetan -Etxanoko bertsolaria aipatzera noa eta ezin erabiliko dut “zehaztugabetasun”-, Amurizari behin entzundakoarekin bukatuko dut (horrela dut gogoan, gutxi gorabehera): “Gaur egun inork ez du andrea edo gizona izan nahi; neska eta mutil erabiltzen dira kalean edonor izendatzeko. Eta 30 urtekoa ez da neska, andrea baino… edo gizona. Gizon gaztea, bai, baina gizona!”.

.

“… hankarik altzeu ezin badozu makurtu eixu burue”

.

.
Azaleko gitarra jolea, Pete Townshend (The Who). Sarrerako euskal erromeria, Aurelio Artetarena.
Kantuak:
  • Lourdes Iriondo “Ez gaude konforme” (Lourdes Iriondo, 1968).
  • Balerdi Balerdi “Beti gazte” (Balerdi Balerdi, 1991).
  • Tapia eta Leturia -Amuriza- “Banangoa” (Bizkaiko Kopla Zaharrak, 1999).
Gazte gara gazte… eta ez dakigu noiz arte
gaztetasuna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude