Gaztaroaz

Gazte garaia eroa izaten da. Noraezean joan arren zein bide hartu pentsatzeko denborarik gabea. Iraultzailea omen da gaztaroa; errebeldea. Gaztaroan mozkortu zaitezke lurrera erori arte eta hurrengo egunean lasai barre egin gertatutakoaz. Gaztaroan igo zaitezke edozein talderekin abestera oholtzara lagunek azpitik barre egiten duten bitartean. Gaztaroan erabaki dezakezu konpromisoetatik pira egitea; bikoteak sortutako buruko minak eskola atzeko txokoan erretzea. Gaztaroan egin ditzakezu xirriak tabernako komunetan; erre ditzakezu porroak egun argitan.

GaztaroazGazte garaia deserosoa izaten da. Norbere ertzak zorrotzegiak dira mundu borobilegirako. Mundua jan beharraren jan beharraz, azkarregi irenstegatik okatu behar izaten du gazteak. Ikasiaz eta ez ikasiaz, eginaz eta egin gabeaz, hartuaz eta hartu gabeaz damu da gaztea. Etxean lekurik aurkitzen ez eta etxetik kanpo lekurik ez duena, bere buruarekin gozatzea ahaztu eta lagunekin soilik gozatzera kondenatua, dirurik ez balu bezala baina diruarekin bizi nahi duena da gaztea.

Gazte garaia erabakigarria izaten da. Ikasketak, lanbidea, sexualitatea, harremantzeko moduak, lagunak, drogak, militantziak, hipotekak. Erabakitzea, ebakitzea izaten da askotan. Zilbor-hestetik libratzea beste heste batera (batzuetara) kateatzeko.

Gazte garaia gorabeheratsua da. Negarrak eta barreak, juergak eta ajeak, lanak eta langabeziak, matrikulak eta suspentsoak, hasierak eta bukaerak. Ihesi doa beti gaztea, maileguan utzi dioten etorkizunaren hipotekaz ohartu gabe. Txupitotan edaten da gaztaroa, katxi basoak atseden hartzeko erabilita.

Gazte garaia pikantea da. Hankarteak deskubritzeaz haratago gorputzak aurkitzekoa. Konkistarako baino gehiago bisitarakoa. Probatzekoa, jolastekoa, gozatzekoa, inprobisatzekoa, ikastekoa eta desikastekoa da gaztaroa.

Adin tarte bat baino gehiago bizitzeko modu bat da gaztaroa. Eroa, deserosoa, erabakigarria eta pikantea da gaztaroa. Bizi gabe uztea pena eta beti bertan bizitzea neketsua den aroa da gaztaroa. Esateko hainbeste gauza izan eta entzun nahi ez zaituzten aroa da gaztaroa; aldaketarako indarra izan eta preso hartzen zaituzten aroa da gaztaroa. Badoa.

Gaztaroaz