Gauzak nola aldatu

Gauzak nola aldatu –

Pako Aristik BERRIAn.


Mundua mundu denetik, historia konkista militarren historia da, irabazleen aldeko kronistek gozotzen dutena; edo bestela, herri indartsuen mehatxupean, kalte larrien beldurraz, menpeko joera hartzen duten herrien ez-historia. Ejerzitoak: horra aspaldian inork kuestionatzen ez duen estamentua, daramatzaten dirutzak itzultzeko inork eskatzen ez diena. Munduko paisaiaren zati natural izango bailiren.

Gauzak nola aldatu

Nazioak mugitu egiten dira, eta beste nazio batzuk okupatzen dituzte, ustiatzen eta esplotatzen, ekonomikoki eta kulturalki kolonizatzen. Kolonizazioa ontzat eman da historian: egin zutenek ezinbesteko arrazoiengatik justifikatzen dute; nozitu zutenek kontrako diskurtsoa sinesgarri bihurtzeko duten ahuldadeagatik. «Hori egiten zuten denek, garai hartan normala zen», esaten zaigu kolonizazioaz eta honek eragindako milioika hildakoez. Haien samina ahazteko esaten zaigu: «Gauza onak ere eraman genituen».

Iradokiz nazio menderatuen destinoa hobea izan dela konkistatuak izan zirelako. Eta ideia honen antzeko pertzepzio bat ere badago Euskal Herrian. Horretarako sortu ditu metropoliak erakunde politikoak herri azpiratuetan, ezer gertatu ez balitz bezala bizitzen jarrai dezaten, erabakitzeko orduan autonomoak diren ilusio batekin. Garaileak garaituari ematen dizkion erakunde hauek integrazio helburu bat dute beti; ez dira askatzaileak, emantzipaziorako bideak itxita daude. Lotesleak dira, zapalkuntza normalizatzen duten unean, zapalduak bere egoera normaltzat hartu dezan.

Bere menpekotasuna kontatzeari uko egiten dion herriak bere burua ulertzeko klabea den osagarri nagusia galtzen du. Hartara, bere klase politikoa buru-hausterik gabe kokatzen da Espainiako eta Frantziako erakunde politikoetan, eta belaunaldi berriei ahantzarazten die etorkizuna geuk antolatu beharraren garrantzia, beste pertzepzio auto-suntsitzaile bat hedatuz gizartean: ez ginatekeela, herri gisan, hori egiteko gauza, eta hobeto gaudela Estatu handien abaroan, gure ekonomiari oxigenoa eman diezaieketenak, eta errespetua ere badigutenak, ez gaituztenez 500 urtetan suntsitu. Esango balute bezala: «Ez zarete helduak, hobe duzue kudeatzaile esperimentatuen esku utzi zuen kontuak, zuen lan-harremanak, zuen kultura ttikia, zuen bizitza dena».

Subordinazioaren ideia, horrela dagoen herriaren diskurtsotik desagertzen denean, esan liteke, zalantza handirik gabe, herri hori asimilatua izan dela, amaitu dela konkista militarrak aspaldi, batzuetan mende asko lehenagotik ere, abiatu zuen bidea. Herri hori kokatu dela, eroso, metropoliaren sabelean, pentsamenduaren autonomia galdu duela, etorkizuneko independentzia ere irudikatzeko bere ametsen indarra galdu duela, gutxietsi duela, diskurtsiboki bada ere, beste egoera bat aurreikusteko ahalmena. Hau oharkabean eman bada, poliki-poliki, minik gabea izanen da bere heriotza, munduan nazio batzuek beste batzuk irensten dituztela normaltzat jotzen duen pertzepzioan murgilduta.

Baina konfrontazio latzak izan dituen gurea bezalako aberri batean mingarriagoa izanen da, hala izan behar luke, behintzat, Espainiatik eta Frantziatik zerbait bereizia garen kontzientzia dutenengan. Edo hala uste dut nik. Betiko kontuekin nabilela esango dute batzuek, baina oker leudeke: menderakuntza da betiko kontua, egunero arnasten duguna hedabideetan, kultur ekimenetan, politikoen ahotan, iritzi emaile askoren lumetan, bai espainieraz, bai frantsesez eta bai euskaraz.

Eta mende batzuk atzeragoko testuak, bertsoak eta abarrak irakurtzea ere aski da horretaz ohartzeko: ez garela inoiz eroso egon koordenada sozio-politiko arrotzetan. Eroso gaude orain? Erantzunak izua eragiten dit.

Arazoa da herri bat irentsia izan denean, berak sortzen dituela mekanismoak, ageriko zein ez hain ageriko, insubordinazioaren eta emantzipazioaren ideiak mututzeko, mezuon igorleak baztertzeko, haietaz trufa egiteko, kulturaren zirkuitu ofizial edo herrikoietatik haiek marjinatzeko. Eta zirkulazioan jartzen ditu egoeraren alderdi onak goraipatuko dituzten bozeramaileak, hiperboleak erabiliz gure egoeraren miseriak mozorro positiboz jantziko dituztenak: «gaur adinako auto-gobernurik ez dugu inoiz izan», «gaur adina euskal hiztun ez da egon», «gaur adina…» eta erantsi nahi dituzuen aspektuak.

Errelatoaren guda aipatzen da, Espainia garaileak ezarri nahi lukeen kontakizun historikoa dela eta, baina jada gure historiaren kontakizuna garaileen kontakizun bat da, hala ikasten da eskoletan. Aldi historiko garaikidean, errelatoaren gudatik geratzen den borroka geure baitan ari da gertatzen, sistema autonomikoak eta gure herriaren zatiketa administratibo/politikoak muturreraino eraman duen asimilazio prozesuaren aurrean.

Labarraren ertz-ertzera bultzatuak izan gara, ez zaigu jada zalantzazko beste pauso bat ere emateko lekurik geratzen. Etorkizun eder baten ordez suntsiketa ideologikoa daukagu aurrean, irentze intelektuala. Dilema baten aurreraino eraman gaituzte denen artean: edo onartzen duzu dagoen sistema, espainola edo frantsesa, noski, edo ez duzu arnasarik ere hartuko, bizitza irabaztea ere zail izango zaizu, bukatu dira zuretzat eman geniezazkizun onurak, enkarguak, proposamen eskuzabalak. Atzean gauzkazu, geneukan erresistentzia apurra birrindu dugu eta zeuk ikusi: aurrean ez daukazu amildegia baino. Ez zara, agian, bakarrik amilduko; zure lako inkonformista batzuk lagun izan ditzakezu, baina ez dago mobiolarik behin maldan behera abiatuz gero.

Hau ez da soilik prentsa eta literaturaren esparruan gertatzen, baita ere euskararen normalizazioari dagokionean, gizarte hobe baten aldeko mugimenduetan, pandemia berak ahalbidetu duen eraso instituzionalen arloan. Orokorrean.

Hala eta guztiz ere, munduan leku-hartu ezin hau ez da existentzialista, politikoa baizik. Euskal Herri independentea da munduan nire lekua, beste herrialde guztiei aurrez aurre begiratzeko, konplexu gehiagorik gabe, kulturalki eta politikoki euskaldun gisa bizitzeko eskubidea bermatuz, Espainiaz eta Frantziaz desintoxikatu ondoren. Eta aldaketa iristen ez bada, haren iritsi beharraz mintzatuko den mundua da nik bizi nahi dudana.

Diskurtsoa da erresistentziaren oinarria, gauzak nola kontatzen diren, argitzen diguna zeri ezin diogun, inolaz ere, uko egin.

Gauzak nola aldatu Gauzak nola aldatu Gauzak nola aldatu

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude