Gauza ezohikoren bat

Gauza ezohikoren bat –

Four Weddings and A Funeral, edo, euskaraz, Lau ezkontza eta hileta bat filmari esker, izugarri famatu zen W. H. Auden poeta. Pelikulan, Matthewk, John Hannahk gorpuztu zuen pertsonaiak, irakurri zuen poema izenburuko hiletan: “Geldi itzazue erloju guziak, isilarazi telefonoa…”.

Gauza ezohikoren bat
Marrazkia: NCMallory

Poema ederra bada ere, ez da, Audeni irakurri dizkiodanen artean, nire gogokoena. Bat hautatzekotan, segur aski William Butler Yeats poeta irlandarraren omenez eta oroimenez idatzi zuena hartuko nuke, eta poemak dituen hiru ataletarik, dudarik gabe, lehenbizikoa. Hor, poetaren hondarreko momentuak ditu mintzagai Audenek, haren azken arratsaldea: “Bere gorputzeko probintziak matxinaturik / Hutsik ziren bere burmuineko plazak / Eta isiltasunak mende hartu zituen auzoak”.

Poesiak, dio Audenek, ez du deus aldatzeko balio, baina, halere, poeta bere miresleen memorian geldituko da. Urtero, guti batzuek hil zeneko eguna gogoratuko dute, segitzen du poemak, “egun hartan gauza ezohikoren bat egin izan balute bezala”.

William Butler Yeats 1939ko urtarrilaren 28an desagertu zen, negu gorrian; gaurko predikuan ez naiz, beraz, poeta irlandarraz ari. Baina, hala ere, martxoaren 29a, 2017koa hain zuzen ere, egun hartan gauza ezohikoren bat egin izan banu bezala gogoratzen dut nik. Bidenabarkoan, baten batek –ez dut zerrendarik eginen– lotsa pixka bat sentitzea nahiko nuke, alferrik ari naizela badakidan arren.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko martxoaren 29koa]

Gauza ezohikoren bat

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

Zer duzu buruan “Gauza ezohikoren bat”-ri buruz

  • Txuribeltza 2021-04-07 16:51

    Jarraitu zuzen, poeta
    gau hondarrera iritsita,
    zure ahots ezin eutsiz
    gu guztiok poz-araziz

    Bertsoaren goldaketan
    jar mahasti bat, birao ordainetan,
    abestu gizakiaren porrotaz
    ezinegonaren setaz:

    Bihotzaren desertutan
    aska senda-ura oldetan
    bere egunen presondegian
    giza-askeak alaba dagian.