Gogoratu, gaur Katalunia Bilbon dago

Gogoratu, gaur Katalunia Bilbon dago –

Gure artean despistaturen bat balego ere, gogoratu Gure Esku Dago ekimenak gaur Bilboko kaleak betetzeko deia egin duela, “Katalunia eta urriaren 1eko erreferendumari babesa adierazteko”.

Gure Esku Dago ekimenak “Demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko herritar eta eragile guztiak” batu nahi ditu manifestazioan:

“Ilusioz bizi dugu une historiko hau. Ilusioz, itxaropenez, arduraz eta, batez ere, arretaz. Kataluniak urriaren 1ean hitzordu bat du demokraziarekin, hitzordu bat du etorkizunarekin. Hilabete barru bide emango zaio katalanen hitzari eta borondateari. Gehiengo zabalez, etorkizuneko estatus politikoa erreferendum baten bidez erabakitzera doaz. Kataluniako herriaren ametsa betetzera doa eta haien ametsa gurea ere bada: herritar gisa erabakitzea. (…)

Mobilizatu beharra daukagu funtsezko askatasunen defentsan, mobilizatu behar dugu katalanek bozkatu ahal dezaten, gure bozkatzeko askatasuna ere jokoan dagoelako.

Kezkatuta eta arduratuta gaude katalanen bozkatzeko nahiari eta erabakitzeko eskubidea erabiltzeari Espainiako Estatutik iragartzen ari diren erantzun demofobikoekin. Herritarron ardura da autoritarismoari aurre egitea. Eta, beraz, euskal herritarron babesak balio behar du zigor bidea, neurri errepresiboak eta mehatxuak alde batera geldi daitezen. Erabakitzeko bozkatzea demokrazia delako, ulertezina da erreferenduma auzitegien jomugan jartzea eta herritarren botoaren balioa ukatzea. Kataluniako herritarren gehiengoaren borondate demokratiko eta baketsuari erantzuten dio erreferendumak, eta, horregatik, erreferenduma posible izan behar da. (…)

Testuinguruak eskatzen duen tamainako erantzuna eman nahi dugu Euskal Herritik. Demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen alde dauden indar guztiak batu nahi ditugu. Denon artean babesa eta elkartasuna adierazi nahi diogu Kataluniako herriari eta urriaren 1eko erreferendumari; baita Kataluniako erakundeei ere, eztabaida politikoari bide emateko erakutsi duten borondate irmoagatik, herritarren hitza eta erabakia lehenesteagatik eta hautetsontzietan jasotako agindua betetzeko hartutako konpromisoagatik. (…)

Irailaren 16an Bilbon begirunea eta errespetua adieraziko diogu Kataluniako herritarren gehiengoaren borondateari; hau da, herritarrek etorkizuna erreferendum baten bidez erabakitzeari. Erabakitzeko bozkatzea demokrazia baita. Demokrazia besterik ez. Bilboko Autonomia kalea betetzeko deia egiten dugu.”.

Gogoratu, gaur Katalunia Bilbon dagoGaur Katalunia Bilbon dago Gaur Katalunia Bilbon dago