Gaur hautetsontzia, bihar erabakia

Ekainaren 21eko ekimen erraldoiari begira, “Gaur hautetsontzia, bihar erabakia” spot-a aurkeztu du Gure Esku Dago herri ekimenak.


Gaur da urtebete, 2014ko ekainaren 8an, eskuz esku giza katea egin eta milaka Euskal Herritarrek Durangotik Iruñera bitarteko bidea lotu zutena, erabakitzeko eskubidearen alde. 

Geroztik makina bat ekimen gauzatu ditu Gure Esku Dago herri plataformak; urteko ekitaldi nagusia, ekainaren 21ean izango da.

Aurten ekimena presente izango da Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan; Bilboko San Mamesen, Gasteizko Buesa Arenan, Iruñeko zezen-plazan eta Donostiako Anoeta estadioan.

Gaur hautetsontzia, bihar erabakiaBerria egunkarian irakurri dugunez, “aldarria bera baino gehiago, erabaki hori nola eta noiz gauzatu da gure erronka, eta horretara goaz”, esan zuen ekitaldien aurkezpenean Zelai Nikolasek Bilbon. “Alderdi politiko bakoitzaren estrategia eta interesetatik harago, eta horiek ere kontuan hartuz, herritarren borondateak” elkartu nahi ditu Gure Esku Dagok. “Erabaki nahi duen herri bat elkarlanean jartzea lortuz gero, bidearen erdia egina” izango delakoan.

Aipatutako lau hiriburuetan Oihal Kateak egingo dituzte eguerdian, azken hilabeteotan herriz herri josi diren oihalekin “borondateen elkartzea” irudikatuta -oihal digitalak sortzeko aukera ere bada helbide honetan-. Eta arratsaldeko 17.30ean Ekitaldi Nagusiak izango dira, “egunaren puntu gorena: Egun, herri eta auzoetan dauden borondatez jositako oihalen bitartez hautetsontzi erraldoiak eraikiko ditugun momentua izango da”. Aldarrikapena festa bihurtuko da gero, besteak beste erromeria eta guzti.

Ekimenaren atarian diotenez, “ekainaren 21a etorkizunari begira jartzeko eguna izango da. Erabakitzeko eskubidearen gauzatzeari ateak zabaltzeko eguna, aldarrikapenetik gauzapenera bidean aurrera egiteko pausu garrantzitsua”.

“Erabakia ehuntzen” izeneko bideo  honetan ikus daiteke urte betean Gure Esku Dago plataformak burutu dituen ekimenak eta etorkizunerako dituen erronkak: