Gasteiz itsasoari begira hazi balitz…

Oraindik ezagutu ez dudan artista baten margolana da. Hedegile kaleko denda baten erakusleihoan aurkitu nuen lehenbizikoz, eta txunditu ninduen. Gasteiz itsasoari begira, hondartza eta guzti. Daukagunaz ez naiz kexu, baina nola ez naiz ba liluratuko? 

Gasteiz itsasoari begira hazi balitz...Margo dendara hurbildu nintzen hurrengorako, prezioaz galdetzeko asmoz, joana zen. Dendariari obrari buruz galdetu nionean argi igarri nuen: ez nintzen Gasteizko itsasoaz galdezka zetorren lehenbizikoa. Norbaitek erosia zuen ordurako. Ez da harritzekoa.

Gasteiz, Alde Zaharra zehatzago, itsasontziz inguraturik, hondartza (X.Montoiak lehendik asmatua) eta kaia. Andra Maria Zuriko monumentu patriotikoa hondarretan birrinduta. Plaza Berritik haratago basoak eta ibaiak, ez adreiluzko langileria auzorik ezta babestutako etxebizitza bloke zatarrik. Getaria patatero bat, gutxi gora behera. Nahiz eta pataten ordez mahastiak izango genituzkeen. Ez da truke kaskarra. Eta solomo merkeen ordez txitxarroa erreta. Eta pentsatzen hasita, zenbat gauza nahi genituzkeen gasteiztarrok izan. Eguzkia betiko, euskaldun batzuk gehiago -euskalki polit batekin-, bikinian fakultateko neskak (gainerakoa zeure sormenaren esku uzten dut) Probetxurik ez duen ariketa da zer nahi genukeen izan imajinatzea, daukaguna zukutu eta hobetzeko lana egin ordez. Apuntatu esaldi hau, ispiluan begiratzen zaren hurrengorako.

Berriz ikusi dut irudia, liburu-disko-poltsa-arkatz-euritako megadenda horretan. A ze poza! Liburuaren azaleko tipografia infantila aparte (eta irudia), liburu irakurgaitza dirudi: “Historia de Gasteiz y Vitoria. Geodiversidad incluida”. EHUk argitaratuta, eta Luis M. Martinez-Torresek idatzia. Ez dut oraindik ulertu zergatik dioen “historia de Gasteiz y Vitoria”, bi hiri balira bezala, Vitoria-Gasteiz unibertsala (denok pozik uzteko modukoa alegia) bezain nekagarria hobesten den garaiotan. Ulertzen ez dudan beste kontu bat: nola arraio hitz egingo digun Martinez-Torresek geoaniztasunari buruz, azaleko irudi fantasioso hori erabilita. Nekez irudikatu nezake futbolari buruzko gidaliburu bat, zeozer esatearren, 30 jokalari agertzen diren zelai baten marrazkiarekin. Luis M. badakizu zertaz hitz egingo duzun, ezta? Bere aukera egin du Martinez-Torres jaunak, eta izango du horretarako arrazoirik.

Liburua ez dut irakurriko, agerikoa da, baina pozten naiz Gasteiz coast berriz ikusteaz.

p.s: laster ekarriko dizuet margolanaren egilea.

Gasteiz itsasoari begira hazi balitz…

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra