Gasna istorio

Iragan egunean, lanetik tarrapataka haurrak besapean sartu bezain laster, usaiakoak egiteko artetik, irratia piztu nuen. Tenore arrunt horietarik batez zen, noiz eta ere aktualitateko gaien inguruko tertuliak pasatzen baitituzte. Egun hartan ipar Euskal Herriarentzako lurralde kolektibitatearen gaia jorratzen zuten luze eta zabal, nondik zetorren gaia, zein ziren erronkak, zer nolako lana eta bidea eginak izan ziren adostasun politiko hain zabalaren lortzeko, lurraldeak eskain ditzakeen aukerez erabaki guneen berkokatzeko, arlo sozialaren hobeki kudeatzeko, lekuko ekonomiaren berriz bultzatzeko eta nola ez euskararen etorkizunaren baikorki ikusteko.  

Belarri batez solasak entzuten nituela, sukalderaino joan nintzen, hozkailura zuzen, ahamen zerbait kausituko nuelako esperantzan, afari ordu arte irauteko doia eginen zidakeena. Hortik zen gasna puska batek afera eginen zuelakoan, zaska batez xafla bat atera nion. Eta gogora jin zitzaidan ene aitaren gasna.

Gure aitak egiten zituen gasnak. Ez saltzeko, etxeko baizik, familia eta lagunentzat. Ez gaurko hotzaren eta garbitasunaren katearen arau guziei jarraikiz segurki. Haatik denek espantatzen zuten horretaz. Gure aitak egiten zituen gasna batzuk ahotik ezin utziak, gustu deskribagaitzekoak. Egun guziz, apairu ondarretan mahai erdian ezartzen zen, bakoitzak bere aldi ganibet xorrotx batekin, bazterretik hasiz eta erdi-bihotzeraino iraganez ateratzen zion xerra bat papera bezain fina eta denbora hartuz eta preziatuz gozatzen zuen.

Noizbait, adinean aitzina joan arau, gelditu zen gure aita gasna egitetik; lan horrek bere nekea ere izaten baitu, egin eta entretenitu behar baitira, iraunarazi sasoin batetik bestera eta ondokoen artean nahiago izaten dugunez beste gisa bateko denbora pasatan higatu, horrela gelditzen zen kontua.

Geroztik jan izan ditut gasnak trumilka, zernahi eta edozein tranpakoak. Gure etxeko gasnen parekorik ez dut sekulan kausitu. Artetan, diru puska xahutu izan dut ustez balioko zuen zenbait ekoizpenen etxeratzeko; aitortzen dut noizean behin gertatu zitzaidala hurbileko zerbaiten atxematea. Kasu horietan, mirari gisako zerbait bizi izan nuen, mirari Proustiarra: ahoratu orduko gustua kasik-kasik berdina iritzi izan nien gasna puska batzuei, frango antzekoak iduritu izan zitzaizkidan eta nire baitan barna inarrosi zituzten mila sentimendu. Haurtzaroko oroitzapenak, aitamen larderia, gure bazterren ederra larrazkeneko eguzkitan, iraganeko bozak, seguritate eta betetasun sendimendua, iragankortasun larrigarria, haurridearen aingeru aurpegi ahanztezina, naizena eta jada ez naizena, herria, lana eta holako gauzak, aldi eta egunen arabera baikorragoak edo ezkorragoak, oroz gainetik niretzako egiak direnak eta mundua halaber marrazten dizkidatenak.

Dudarik gabe, onartu beharra dut ez dudala gehiago sekulan kausituko etxeko gasna haren heinekorik, haren gustuaren parekorik. Hala ere, jarraituko dut bilatzen eta noiztenka baten batek ilusioa berriz piztuko du nigan. Dena izanik ere, ez niezaioke gasna jateari utzi, horrelakorik ez, ene naturaren kontra joatea litzateke; segituko dut gasnaz asetzen ahal bezainbat, beti zaila bada ere pseudo-gasna industrial geza gusturik gabeko horietarik ahal bezain urrun egotea. Bekatu mortalak. Alta, hauek ere norbait biziraunarazten dute nahiz ez duten nortasun izpirik.
Ene gasna puskaren mastakatzea bukatzen nuela, sukalderaino heldu ziren irratiko emanaldiaren zenbait oihartzun eta nire baitaraturik berriz ere gogoratu zitzaidan lurralde kolektibitatearen istorio hori dena. Bidea luzea izan da, bihurgune historiko batera helduak gara dudarik gabe eta gaurko egunean herritar ororen amets eta desira, basamortu honetan besterik deus ez dugunek bizirik iraun nahi badugu, behar-beharrezkoa dugun egitura. Nehork ez lezake horrelakorik uka. Denek baietza diogu.
Emankizuna bukatu zen, hitzordua oroitaraziz. Lurralde kolektibitatearen prentsaurreko adierazpenak entzunarazi zituzten bukatzeko: adierazpenak euskaraz doblatu behar izan zituzten. Euskaraz ez baitzen hitzik ere eman. Baina hori beste aldi batez tratatuko dukete seguraski, gai honek ez dukeelakoan consensus-ik momentukoz.Azkenean, haskariatakoaren hondarra, ez zena ikaragarria baina bere afera egiten zuena, berriz bere hozkailu apalean ezarririk nire egitekoetan segitu nuen.
Argazkia: Harpea Ezterenzubin by Garaigoikoa

IRUTEN ARI NUZU