Zer berri? Gartzia berri

Zer berri? Gartzia berri

Gaur zortzi, maiatzak 25, ETBeko albistegietatik deitu zidaten ea iritzia eman nezakeen García deitura euskalduna ote den erabakitzen laguntzeko, berriro ere polemika antzu hori berpiztuta. Ocho apellidos vascos film arrakastatsua estreinatu eta hiru urtera harrotu ditu berriro hautsak García-ren ustezko euskalduntasunak, INEek gure arteko deiturarik ohikoenen zerrenda plazaratu duenean. Iritzia hitzetik hortzera eman nuen, datuak berrikusi gabe eta erantzunek behar zituzten ñabardurak ezin eginda. Kontuak azalpen osoagoa behar eta gogoeta patxadatsuagoa merezi duelakoan, papera hartu eta idatziz ematea deliberatu dut.

Zer berri? Gartzia berriAuzia ez da erabakitzen erraza eta irizpide eta amarru ezberdinak erabil daitezke erantzuna alde batera edo bestera makurrarazteko. Hasteko eta behin, “euskal deitura” zeri deitzen diogun zehaztu behar da; zeri “euskal” eta zeri “deitura”. Izan ere, erantzunaren mamia VIII-X. mendeen artean kokatu behar da eta garai hartan García izena zen eta ez deitura, deiturak artean –gaur egun ezagutzen ditugun gisa behintzat– ez ziren existitzen eta muga geopolitikoak oso bestelakoak ziren. Argitzapenok, zoritxarrez, muga gaindiezina dute. Garai hartatik guregana iritsi den dokumentazioa hutsaren hurrengoa da, auziaren alderdi linguistikoa behin betiko ixteko nabarmen urria, zeharo ez nahikoa bestela esanik. Aukera ezin hobea, betiere, behingoz hitzen eta izenen azken jatorria kosta ahala kosta asmatzeko seta apaldu dakigun.

García izena nafarra edo baskonikoa dela defendatzeko arrazoi pisutsuak daude, baina erantzuna erlatiboa izango da beti. Ia erabateko adostasuna dago izena Penintsulara Nafarroatik zabaldu zela onartzeko orduan, Nafarroako errege batzuen prestigioa lagun. Honek ez du esan nahi, haatik, azken jatorria ezinbestean Nafarroan edo Baskonian zuenik, ez eta hizkuntzaz euskarazkoa denik ere. Sancho zen García deituraren lagun edo lehiakide handia orain mila urte Nafarroan, eta Fortunius ez zerraien oso urrunetik. Esan gabe doa, begien bistakoa delako, García-ren bi lagun horiek sortzez ez direla euskarazkoak eta, kontua ilunagoa bada ere, gauza bera susma daiteke García-rako ere. Nafarroako izen gehienak ez ziren euskarazkoak, Gaztelakoak gaztelaniazkoak edo Kataluniakoak katalanezkoak ez ziren bezalaxe. Izendegi –hizkuntzaz– patrimoniala oso urria izan dugu historian zehar. Garai hartan, orduan ere eta horretarako ere arrazoi nagusiena moda izanik, jatorri germanikoko izenak ziren nagusi Europa osoan barrena. Latinezkoak ez zebilzkien oso atzetik eta luze gabe aurrekoei inposatzen hasi zitzaizkien. Oinarrizko aldaketa horrekin batera, izenen kontzentrazioa handitzen eta izenen stocka murrizten hasi zen, Nafarroan beste leku batzuetan baino nabarmenago. Horrek ordura arte nagusia izana zen izen bakarraren usadioak kate antroponimo konposatuei eman zien bidea. Ordukoak bide dira denboragarrenean deitura bihurtuko ziren patronimikoak, besteak beste.

Paradoxikoki, Nafarroan García-ren patronimikoa Garceiz –berriro ere aldaerak ezinbestean alboraturik– izan zen, bestetan nagusiki García izenak berak aldi berean izenaren eta patronimikoaren funtzioa betetzen zuen bitartean. Hemen hasten zaigu García deitura “arrozten”. Deitura gisa García-ren arrakasta askoz mugatuagoa izan zen gure artean eta García de Salazar moduko konposatuetan bereziki gorde genuen. Egunotan INEk eman dituen datuetan ikusten den García deituraren nagusigoa, bada, “gainetorria” edo –zehazkiago esanik– “gainjarria” da, bertako García zahar apurrei XIX-XX. mendeetako emigrazio uholdeetan gureganaturiko hainbat García gaineratuta.

Gauzak horrela, García deitura sortzez bertokoa izanik ere, egungo bertoko García gehienak jatorriz euskaldunak ez direla esan liteke zabarki. Euskaraz ez dugu erraz bereizten hizkuntzaz euskarazkoa dena eta kulturaz –zentzu historiko-geografiko zabalenean– euskalduna dena eta ez da erosoa, hortaz, honi buruzko zehaztapen eta ñabardurak egitea. Arzac –edo Arzak– gaskoia da jatorriz baina inork ez diezaioke euskalduntasuna uka Donostialdean 5 mende inguru eman eta gero. Gure Ros deiturak denbora bikoitza eman du Estellerrian baina horrek ez dio erromantzezko jatorria ezabatzen. Jakina da jatorri linguistikoa eta etnikoa ez direla zertan bat etorri. Izenak –eta horietatik eratorritako deiturak–, jatorria ilunduta askotan, neurri handi batean apatridak dira, denetakoak eta inongoak ez.

Zer berri? Gartzia berriGarcía izenari hartz eta gaztea etimoak bilatu zaizkio deituraren nafartasuna hizkuntzaz ere berretsi beharrez. Gaur ditugun datuak eskuan, zaila da horri eustea. Lehenagotik esana da hartz-etik nekez hel gaitezkeela García-ra. Artza izengoitia badugu, Otxoa –gero izen eta ondoren deitura bihurtuta– dugun bezalaxe. Gaztea eta Gartzea formaz hurbilekoak dira, eta badakigu nahasturik ageri direla inoizka dokumentazioan, baina gaztea-tik nekez sor liteke Gartzea, horretarako bide fonetikoa malkartsuegia baita. Kontrakoa ere proposatu izan da inoiz, gure gazte hitza gartze-tik datorrelakoa, alegia. Zailtasunak zailtasun, bide hori ez da aurretiaz baztertzekoa, baina kasu horretan azkenaurreko jatorria frantses zaharreko garse genuke, eta azkena *warkjo ‘exiliatu’ frankoa. Gars (garçon bilakaturik azkenik) eta garse femeninoa hitz gutxiesgarriak ziren, behe mailako gazteak adierazteko erabiliak, azkenaren kasuan ‘prostituta’ zentzua hartzeraino. Izen bihurtu bazen, nomina umilitatis gisa gerta zitekeen eta garse horrek euskarazko gazte eman bazuen zentzu gutxiesgarria batetik –frantsesez gertatua– eta femeninoa bestetik galdu behar izan zituen bidetik. Gaskoieraren bidetik sar zitekeen hitza edo zuzenean izena, bertan ere antzinatik errotua baita. Gauzak, ordea, are korapilatsuagoak dira. García izena Aragoira goiz eta erruz zabaldu zen baina bakan Kataluniara. Han, Garsianne familiakoak batetik eta Garsindi familiako femeninoak bestetik baliatu ziren. Bestalde, Garseand modukoak ez dira ezezagunak gure artean. Guzti horrek jatorri germanikoko izen bitemetikoetara hurbiltzen gaitu bide ilun batetik.

Hasieran esan bezala, informazioa eskasegia dugu auzia erabakitzeko eta oztopoak agerikoak. Dena ezin jakitea naturaltasunez eta umiltasunez onartzen ikasi beharko genuke eta bide batez jatorriak –zeinahi eta nolanahikoak direlarik ere– bizi-transzendentziarik gabeko jakinmin hutsez hartzen ikasi. Bien bitartean, lanean jarraitzea besterik ez dugu. Informazio urria dugu, horrek saihestezinago egiten du dugun apur hori behar bezala jaso, aztertu eta horretaz baliaturik ganorazko izendegi eta deiturategi historikoak apailatzea. Katalanek eta gailegoek, penintsulako ezker-eskuineko muturretakoak bakarrik aipatzearren, alde handia daramakigute horretan, askoz ere arroitu gutxiago aterata. Onomastika Elkartean, haien eredu eta itzalari jarraiki, lanari lotuak gara.

Zer berri? Gartzia berri Zer berri? Gartzia berri Zer berri? Gartzia berri Zer berri? Gartzia berri Zer berri? Gartzia berri

7 pentsamendu “Zer berri? Gartzia berri”-ri buruz

  • Euscal litteratur traditione ossoan deithura edo icen hau bethi idatzi içan da GARCIA, ahosquerá edocein delaric ere.
    Naffarreraz, erran gabe doa, GARCIA da idatzizco formá, eta ahosquerá /garzia edo /gartzia.

  • Arrazoi osoa duzu, jauna! Izenburuan Gartzia asko pentsatu gabe jarri dut, egia esatera. Segurki, eztabaida edo auzia delako kontua. Testuan, idatzizko tradizioari men eginik, García idatzi dut; izenburuan deituraren euskalduntasuna defendatzen dutenei men eginik Gartzia, eztabaida nolabait isla dadin.

  • Tchiquitan, Basaurin vici nincela, bacegoen eguncari salçaile bat cein deitzen baitzen García García García, icena eta bi deithurac berdinac.
    Ez çait gaizqui iruditzen batzuec idatzi nahi badute Gartzia edo Agirre, baina euscal forma traditionalac euscaraz Garcia eta Aguirre içan dira.

  • Amonamantangorri 2017-06-01 11:43

    Niri atentzioa eman zidan erreportaian Gaztea/Gartzea eta hortaz, Gartzeiz/GASTEIZ aldaerak ez aipatzea, izan ere, hori baita neuri eskolan “ontzat” irakatsi zidaten etimologia.

    “… gaztea-tik nekez sor liteke Gartzea, horretarako bide fonetikoa malkartsuegia baita”.

    Hipotesi horren aldekoak beste/bertze, heste/hertze, osti/ortzi, bost/bortz bezalako aldaeretan oinarritzen bide dira. Baia ere, zt > st bilakabidea ere nahiko zaharra omen da dokumentazioan.

    Baina bo, ni adituen arteko eztabaidan entzulea baizik ez nauzue.

  • Gasteizen forma çaharra GASTEHIZ da.

  • Zuzen diozu. Bertze/beste, bortz/bost horietan forma primarioa zein den ez dakigu, etimologiari esker ez bederen. Urtzi / ortzi osagaia dutenetan, berriz, argi samar dago ortz- > ost- dugula. Fonetikoki horixe dugu azaltzen erraza eta ez alderantzizkoa.

    Betsalde, Gastehiz formaren ez bide da etimologia, hiatoa markatzeko grafia hutsa baizik.

  • http://www.celtiberia.net/es/biblioteca/?id=2852&cadena=Andrade

    GASTEIZ formá hobea date GASTEHIZ baino.