Garraiokeriak Lasartetik

Garraiokeriak Lasartetik

Garraiokeriak LasartetikHerenegun Donostiako erdialdetik pasa nintzen askotan bezala, eta hor zeuden metroaren kontrako taldeak foiletoak banatzen. Beste hainbat hiritan izan naiz, eta metroa oso gustura erabili izan dut gehienetan, jakinik 10 minutuan behin edo maizago ere etortzen direla…, baina hori beste kupel bateko ardoa da, natorren harira.

Maiz erabiltzen dut garraio publikoa (kritikoa naiz, beraz…), baita txirringazalea izan ere, nahiz eta azken aldian Donostian gaizkileen kategorian sartzen ari garen pittaka-pittaka, baina gero eta handiagoa da garraio publikoaren aldeko kontzientzia. Omen.

Tarteka lagun bat baino gehiago etorri izan zait, kexuren bat jaulki izan dudanean, garraio publikoaren loriak kantatzen, zein ona den, eta horiek erabiltzera bultzatuz. Gure lurralde euritsu honetan, irudipena dut horrelako aholkua ematen dutenek garraioa maiz erabiltzen ez dutela, edo monobolumen bat daukate…, edo hiriaren erdian bertan bizi dira.

Garraio publikoaren kontzientziazioari buruzko nire azterketatxo praktikoa egin dut (autobuseko denborak askorako ematen, bai!). Bidaiariei erreparatu diet, eta begi-estatistika martxan jarri. Jende-saldoa (bai, saldoa) begiz orraztu dut txoferraren eserlekutik atzealderantz. Punta-orduan, autobusean 70 pertsonako tropela egotea ez da arraroa. Hona hortik ateratako batez besteko emaitza:

  • % 75 emakumeak dira.
  • Gazteak (gidabaimenik gabeak asko): unibertsitate-ikasleak, erdialdeko denden zerbitzuko neskak.
  • 30-60 urte artekoak: etxe pribatuetan zerbitzari/garbiketan eta dendetan lan egiten duten emakumeak.
  • Azken talde honetan, asko lau sosa irabazten duten etorkinak.
  • Langabeak.
  • Erretiratuak.
  • Hondarra: beste (gizon) batzuk.

Aukera edukita, garraio publikoa hautatu dutenak ez dirudi asko direnik. Hala ere, egia da Donostiara autoz sartzea amesgaizto bat dela eta, beraz, batek (bik) baino gehiagok garraio publikoa aukeratuko zuela horregatik! Esan dezadan nire alde % 75ean kontzientziagatik erabiltzen dudala garraio publikoa, gainontzeko % 25, berriz, zirkunstantziek behartuta (edo alderantziz?).

Garraiokeriak Lasartetik

Donostia, garraioa, hiria
Inn Luzuriaga

Itzultzailea, hizkuntza-irakaslea eta eleaniztuna, historiazalea, WPko beteranoa, bizi(kleta)duna, besteak beste.

2 pentsamendu “Garraiokeriak Lasartetik”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude