Garraio publikoaren erabilera sustatzeko beste burutazio bat

Garraio publikoaren erabilera sustatzeko beste burutazio bat –

Juan Carlos Poderoso, AP-68 Dohainik, AP-8 Peajerik Ez eta A-636 Peajerik Ez plataformak, BERRIAn.


Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasunari buruzko azterlan berri bat aurkeztu du Batzar Nagusietan, garraio publikoaren erabilera sustatzeko enegarren saiakera gisa. Helburua bada garraio publikoa bultzatzea eta ibilgailu pribatuaren erabilera murrizten saiatzea, ez zen halako azterketarik egin behar, irtenbidea oso erraza baita, eta herrialde askotan aplikatzen baita: garraio publikoa 0 kostuan. Garraio publikoa doakoa den lekuetan trafikoa %60raino jaisten da. Horrek bizi-kalitatearen hobetzea dakar, kutsadura gutxitu egiten delako, bai ingurumenekoa, bai soinuzkoa, eta horrek erakundeen inbertsioa errentagarri egiten du.

Garraio publikoaren erabilera sustatzeko beste burutazio bat
Arg: Zarateman

Euskal Autonomia Erkidegoan, garraio publikoaren doakotasuna ezartzea konponbide azkar eta eraginkorra da. Errezeta erraza, baina badirudi Iosu Ramirez jaunak —Leber Plangintza eta Ingeniaritza SAren ordezkariak, lan hori egin duen enpresa— ez duela ezagutzen. Azterlanak adierazi ez arren, doako garraio publikoa jada aplikatzen da autonomia erkidego batzuetan.

Bestalde, Bizkaian garraio-sare txukuna dugu, baina Bilborantz bideratuegia, eta, horren ondorioz, Bilbo Handitik kanpora edo hainbat herriren artean ibili behar dutenek hainbat garraio-linea kateatu behar izaten dituzte, eta horrek, denboraz eta prezioz, ez die autoa bazter uztea errazten.

Badirudi azterlan honetan Bizkaiko Foru Aldundiak jarraibideak ezarri dituela ondorioak politika ultraliberala justifikatzeko erabil daitezen, eta, horrela, bidesari errentagarriak aplikatzen jarraitzeko, ez bakarrik autobideetan eta autobietan, baita Bilboko sarbideetan ere. Hau da, bizkaitarrek jasango dituzten zergen gaineko zerga berriak, ibilgailua edukitzeagatik kopuru izugarriak ordaintzen ari diren arren (kontsulta bedi erregaien egungo prezioa, erdia aldundiaren zergak baitira).

Azterlan horrek ondorioztatzen du AP-8 eta AP-68 errepideetako bidesariak erabat kaltegarriak direla herrialdearen hegoalde eta ekialdearekiko konexioetarako, eta soil-soilik horrekin gatoz bat, argi eta garbi geldiarazten baitute haien ekonomia eta garapena. Baina Unai Rementeria diputatu nagusiari hori ez zaio nabarmentzeko bezain garrantzitsua iruditu. Dirua biltzeko haren irrikaren aurkakoa da, izan ere.

Ez zen beharrezkoa diru publikoa ikerketa honetan xahutzea, irizpide argiekin eta emaitza positiboekin Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan dagoeneko egiten dena ezartzeko, trafikoa arintzeko eta hirietako kutsadura murrizteko (handiak zein txikiak). Frantziako Colomiers hirian (38.801 biztanle) poz-pozik daude 1971n garraio publiko doakoaren politika ezarri zutenetik (mende erdi baino gehiago jada), eta baita Luxenburgon ere, Dukerri Handian garraio publiko guztiak doan baitira. Atlantikoaren beste aldean, Michelle Wu, Bostongo alkate hautatu berria, Doako Garraio Publikoaren hauteskunde promesa ezartzen ari da pixkanaka.

Aitzitik, hemen pozez zoratzen daudenak Batzar Nagusietako gure politikariak dira, guri zerga gehiago ezartzeko formularen bila, haiek txofer ofizialarekin gama altuko auto distiratsu eta garestietan mugitzen diren bitartean, zeinak kutsatu, gogaitu eta barruan doazenen kontraesanak agerian uzten baitituzte. Haiei «garraio publikoan joateko» eskatu beharko litzaieke, «guk jada egiten eta ordaintzen dugun gisan». Bizkaian garraio publikoa hain bikaina eta eraginkorra balitz, inork imajinatzen al du Unai Rementeria jauna eta haren segizioa batetik bestera modu horretan, hauteskunde-garaiaz kanpo?

Garraio publikoaren erabilera sustatzeko beste burutazio bat

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.