Gardentasuna izena du jokoak

Gardentasuna izena du jokoak

Atzo jaio zen Osoigo.com, 10:34ean, 3,29 kg-rekin. Eta begiak zabaldu orduko bere lehen galdera egina zuen jada. Politikarien eta herritarren arteko zubi lana egiteko da sortu eta erantzunak lortzeko erraminta efikaza nahi du izan. Oso erraza da funtzionamendua: Galdera publikatu, babesa langa igaro eta jaso zure erantzuna.

Biluztera noa. Politikarien direktorio bat sortzeko asmoak izan ziren lehen txingarra. Sarean gisako webguneek zuten arrakastari erreparatuta, politikarien amua erabiliz antzeko zerbait egitea otu zitzaigun Garoako sotoan. Zenbat jendek bilatzen ditu Googlen politikariak izen abizenez? Zenbat politikarik bilatzen dute euren burua? Bada, hastapenetan trafiko hori guztia harrapatuko zuen datu base soila zen buruan genuena.

Baina aspergarriak ez garenez, tortillari buelta ematea erabaki genuen herritarren partehartzean oinarritutako webgune bat sortuz. Bi ereduren arteko nahasketa: direktorioak  eta galdera plataformak (Quora.com, Ask.fm). Are gehiago, bertan politikariek borondatez hartuko zuten parte, kalitatea kantitatearen gainetik jarriz. Esan nahi da, nahiago genituela 10 politikari erantzuteko prest, 500 ixilik baino. Bilera andanaren ostean, azkenean, Espainiar Estatuko 11 alderditako 30 politikarirekin hasi dugu proiektua. 30 politikari borondatez parte hartzen, 30 profil, 30 BIO lehen pertsonan eta 30 argazki original. Sare sozialak politikariz gainezka dauden honetan, herritar eta politikarien arteko zubi efikaza izatea du erronka Osoigo.com atariak. Proposamena zintzoa da: Atariak funtzionatu dezan hiru hanka dira beharrezko; gailua bera eta berau zaintzen gabiltzanok, politikarien konpromisoa eta herritarren parte hartze aktiboa. 

Nire aitak ulertu eta erabiltzeko modukoa:

Hiru pausu segi behar dituzu:

  1.  Galdera idatzi eta publikatu: Osoigok babes kopuru bat eskatuko dizu. Publikatu orduko edonork eman diezaioke babesa. (gris kolorea)
  2. Babes kopuru hori lortu: Ezarritako babes kopurua lortzeko sare sozialetan mugitu beharko duzu galdera. Behin babesa lortuta galdera politikariari bidaliko diogu. (laranja kolorea) Zenbat eta babes gehiago lortu, orduan eta arrazoi gehiago erantzuna jasotzeko.
  3. Politikariaren erantzuna.

Andoni Ortuzarrena izan da Osoigo.com-en erabiltzaile batek jaso duen lehen erantzuna. Edorta Arrietak luzatu dio galdera: “Europar Batasunetik kanpo geratuta ere, prest egongo zinateke Euskadi independienta baten aldeko apustua egiteko?” Erantzuna web gunean duzue, hemen. Animatuko zarete parte hartzera? Iradokizunik baduzue proiektua hobetzeko?

Ekaitza bainuontzi batean