Garaile eta garaituaren eskema

Garaile eta garaituaren eskema –

Artean fresko dira Arnaldo Otegik ETBn joan den astean (asteartean?) ETAren armagabetzearen inguruan adierazitakoak, gogora ekarriz Espainiako agintariek eta alderdiren batek edo bik, zeintzuk diren guztiok ezagutzen baititugu, kontra hartu duten jarrera, eta ez zaie Sortuko buruzagiaren esanei arrazoirik falta, estimatzekoa betiere haren gogoeta ausarta.

Garaile eta garaituaren eskemaEz dira hain aspaldikoak guztiok gogoan ditugun hitzak: “guztiok gaude ETAk ekintza armatua utziko duela iragartzen duen egunaren zain”, edo “indarkeriarik gabe dena da posible”, edo “Estatuak jakingo du eskuzabal izaten”. ETAk, bada, iragarri egin zuen armak erabiltzeari utziko ziola 2010ean. Horrekin estatua nahikoetsita ez, ordea, ezta EAJ eta PSOE ere; ETAren bigarren adierazpen bat ere etorri zen, lehenengoa argiegia ez bazen: 2011. Tira, azkenean, oraingoan baietz. Distentsioa noizbait ere heldu beharko eta hau izango ahal da unea.

Presoen egoerari buruz, ordea, albisterik ez. Senitartekoek diote, gauza lehengo horretan edo okerrago dihoala, eta distentsioaren keinurik ere ez begi bistan, legean ezer aldatu beharrik ez badago ere: gaixo larrien larria gaiztotzen ari da, gaiztotzen. Kasu, orain eragozpena ondorengoa baitzen: ETAk arma guztiak eman beharra. Hara, uste genuen, eta hala esan digute behin eta berriz, legeak bere autonomia duela, bere eskukoa dela.

Batzuek ETAk arma guztiak utzi beharra jotzen baitzuten ETAren indarkeria ibilbidearen amaieraren erakusgarritzat, urtetan ahotan hartu eta amestutako etapa historikoaren azkena. Tira, heldu zen, heldu, egun hori, eta baten batek, orduan, zer esan eta gehiago merezi zuela Bilboko 3. metro linearen inauguraziora joatea Baionan lekuko izatea baino, brabo zuretzat ba: batzuek kategoria politikoa deituko diote horri. Bakarrik falta zitzaion esatea hobe zela telebistan Athleticen partida (edo entrenamendua) ikusten geratzea!

Eta azken aurrekoa (azken azkenaurrekoa…), orain Espainiako gobernuaren eskutik, ezer ez dela aldatu, eta ETA desegin egin behar dela (eta hori hurrengo pausoaren ataria bide dela), kartzeletako presoen eskubideak inoiz beteko badira, tartean Oier Gomez bezalako minbizi larriak jotako presoarena: ETAkideek barkamena eskatu eta ekintzak argitzen lagundu behar dituztela baldin eta… Bale, gora espetxe sistemaren eta legearen autonomia!

Galdera ezin bestean dator: polizia ala politika, zer dugu Espainiako gobernuan? Porrazalea dugu bai gehiago legezale baino. Erkorekak behin baino gehiagotan gogorarazi izan die Madrilgo agintariei legea (la konsti) urratu eta urratu ari direla, Gernikako Estatutua lege organikoari buruz ari zela (orain, ordea, Lege Zaharrekoek PPrekin hitzartu dute jaurlaritzan jarraitzeko, jarrai dezala funtziyoak…).

Makiavelo ez dut laguna, Gramscik haren lana ontzat bazuen ere, baina gogoeta eta azalpen gogoangarriak utzi zituen, tartean Fernando Katoliko delakoaren (Falsarioaren) gobernu praktika makiavelikoez (“bakea beti aipatzen eta beti gerran”), eta Makiavelok berak dioenez, printzeari komeni zaio etsai bat beti ondoan/azpian izatea, agintariek kohesioari eutsiko badiote, zatiketarik izango ez badute. Ezaguna egiten?

Garaile eta garaituaren eskema

Itzultzailea, hizkuntza-irakaslea eta eleaniztuna, historiazalea, WPko beteranoa, bizi(kleta)duna, besteak beste.