Garai bateko lagunak aurka ikusteak min ematen du

Garai bateko lagunak aurka ikusteak min ematen du –

Duela urte batzuk, emaztea eta biok Galizian barne gabiltzala, nire lagun pare batekin egin genuen topo; Egin egunkarian aholkulari nagusi ohia bata, eta nire maisu izandako kaska gorria bestea. Matematikak irakasten zituen eta gaztea izan arren, oso ona zen. Ez dut esango nork ordaindu zuen, baina elkar afaldu genuen.

Garai bateko lagunak aurka ikusteak min ematen du
Arg: Enzo Fiorelli (flickr)

Gogoan dut zenbat aldiz aztertzen genuen Richard Feynman fisikari amerikarraren lana. Fisikari amerikarrak matematikak zituen “maitale”, asko zekien, ikaragarri. Ba fisikari honek beste gauza askoren artean, hau defendatzen zuen; “Zientzia da, gauzak ezagutzeko modua irakasten duen bideetako bat”.

Ez bakarrik ezagutzen ez ditugun gauzak ikasteko, baita  ezagutza horien norainokoa zein den jakiteko bidea ere bada. Ezer ere ezin baitaiteke era absolutuan ezagutu. Zalantza eta duda-muda erabiltzeko bidea. Gauzen inguruan iritzi jakin bat edukitzearren, pentsatzeko bidea. Egia eta iruzurra, egia eta ikuskizuna etab. elkarrengandik desberdintzeko bidea.

Feynmanek esandakoa espainiar Estatuan, egun bizi dugun egoerari aplikatuz, eta horri  adimen ttantta bat gehituz gero, ikusiko genuen, Moncloako maizterra maiz, oso maiz,  aldatzea, saihestu ezinezko zerbait dela, baita gaur bertan Moncloa hutsik geratuko balitz ere.

Are gehiago, “normaltzat” jotzen dugu; izan ere, sisteman bizi dugun krisi-prozesuaren baitan aldaketarako aukera hori, erabat bateragarria litzateke kapitalismoaren kontraesan sozialekin.

Hori horrela, eta datorkigun errealitatea kontuan hartuz, beste behin esan beharra dago guztiz jasan ezinezkoa eta faltsua dela, bai Moncloan, bai Lakuan, “ongizate soziala” kontsumoarekin parekatuz, defendatzen duten teoria.

Tamalez, langabezia da ekuazio horretan zalantzan jartzen duen lehendabiziko erreferentzia. Eta hori ez da “soilik” hemen gertatzen, gauza bera gertatzen da Europan eta baita mundu zabalean ere, non langabetuen erroldak inoiz ezagutu izan ez ditugun mailak gainditu dituen.

Joko hori berezkoa da demokrazia formaletan. Gobernuak etorri eta joan egiten diren bitartean, handikeria eta diruzalekeria, bertan geratzen dira, ezagutzaren muturreko aurrerapausoak izango balira bezala.

“Beraien” demokrazia horretan, dirua eta urrearen koloreak ordeztu dituzte, morala, kontzientzia eta lotsa. Demokrazia horren bilakaerak, zibilizazioaren modu kolonialaren zabalkundearen biktima bilakatzen gaitu. Balioen suntsiketa garaira garamatza, eta balio horien ordez objektuak baino ez ditugu aurkitzen. Bide hori ez da etorkizunera jotzeko egokiena.

Baina guztiok ez gara halakoak, eta gauzak ez dira betidanik horrela izan. Gure herriak auzolanen bidez administratzen ziren sasoi haietatik, euskal gizartearen eta euskal herritarren bizimodua elkarri lotuta egon dira. Indartsuak izan gara betidanik, eta hala izango gara etorkizunean ere.

Nahiz ta norbaitzuk zalantzan jarri, ezker abertzaleak beti aitortu ditu norbanakoaren berezko balioak, eta hala ulertzen du kolektibismoa, hau da, helburu berbera izanik, pertsona desberdinez osaturiko unitate edo multzoa.

Garena gara, herri burujabea amesten duen proiektu bateko kideak. Pertsonaren baikortasun eta tragedia, biak onartzen ditugu, txanpon beraren aurpegi desberdinak direlako, batak bestea baztertzen ez duen batasun dialektikoa. Beti izan gara horrelakoak, eta hala jarraituko dugu aurrerantzean ere.

Ezin dugu ahaztu sortutako kaltearen oinarria soziala dela, baina ez naturak hala ezarri digulako. Kalte horrek, boterearen indarkeria errealitate bilakatu du. Horregatik, bada inongo zalantzarik gabe esaten duenik, Estatu espainiarrean gobernuak epaitegiak “aktibatzen” dituenean askatasunak isilarazten dituela. Ni ere iritzi berekoa naiz, are gehiago, asko eta asko, dira gaur “idazten” ari garenarekin bat  datozen epaiak. Gertatzen ari denaren aurrean ez ikusiarena egiten dute eta politikan mutur sartzea dute maite. Gaizkideak dira.

Idazketa aipatu dudanez, honakoa baieztatu nahi nuke: bizi dugun egoera konprometituaren aurrean, unibertsoaren eta pertsonen arteko bitartekoa izan beharko lukeela idazleak. Horregatik, epaitegiak aktibatu eta isiltasuna espetxeetako “soinu” bilakatzen denean, guk geuk onartzen dugu espetxe hori, gure isiltasunaren bidez. Hortaz hausnartu beharrean gaude.

Egoera horren aurrean, azpimarra nahi nuke, bizi garen egoeran  ez dagoela tokirik “aseptikoarentzat”. Pertsona “aseptikoak” badaki bide zuzena eta okerra desberdintzen, baina ez da arrazoiaren eta egiaren bidean urrats bat bera ere emateko gai . Tristea,  norberaren buruari iruzur egin beharra, zertarako eta barruan daraman utzikeria estaltzeko. Ze  pena.

Barne begirada bat eginez, sarritan ahaztu egiten dugu zeinen gaztea den -gure herriaren historia kontuan hartuta- gure seme-alabei Euskal Herri aske bat eskaintzeko helburuarekin gauzatzen ari garen borroka. Egia da lan ugari egin dugula, eta egindako bidea luzea dela. Baita duela mende erdi bat baino hurbilago gaudela, bale, baina oraindik ez gara helmugara iritsi. Praxiak erakusten du daukaguna eta etorkizunean lortuko duguna defendatuta baino, ez garela iritsiko helmuga horretara, ez baita posible izanen beti aurrera egitea.

Aurrera egiteko asmoz, aldaketa ugariko bidea hartu dugu, -oraingoa ez da lehena- eta aldaketa horietara egokitu beharrean gaude. Hala ere -nire ustez- dagoeneko definituta dagoena, berriro definitzeak sustatzen ditun tentazioak, saihestu beharko genituzke. Iritsi da unea, ezin gara begira egon. Haserreak baztertu eta bideari ekin, ez baita okerra. Jakinik, aurka dugun indarra handia dela, oso handia, baina ez gaindiezina.

Garai bateko lagunak aurka ikusteak min ematen du
Garai bateko lagunak aurka ikusteak min ematen du
Garai bateko lagunak aurka ikusteak min ematen du

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.