Galdutzat ematen zen euskarazko lehen filma aurkitu dute

Gure Sor Lekuaren fotograma bat, 1956an Gure Herria aldizkarian argitaratu zena

‘Gure Sor Lekua’ren azterketa sakona egiten ari da Josu Martinez bere tesian.

Galdutzat ematen zen ‘Gure Sor Lekua’ filmaren kopia mutu bat aurkitu du EHUko ikerlari Josu Martinezek. Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko NOR ikerketa taldearen proiektu baten baitan eman den aurkikuntza honek garrantzia historiko izugarria dauka.  Izan ere, Martinezek deskubritutakoaren arabera, Gure Sor Lekua,  lehen euskarazko filma izan zen. Orain arteko historiografiak apenas aipatu du dokumental hau, guztiz ezezaguna zelako eta hari buruz emandako datu urrietan, ez zen ageri euskaraz izan zitekeenik.

Gure Sor Lekua Euskal Herriari buruzko ordu eta erdi irauten duen koloretako dokumentala da eta 1956an estreinatu zen Hazparnen (Lapurdi), bertakoa baitzen zuzendaria, André Madré jenerala. Diasporako euskaldunei zuzendua zen, egilearen hitzetan, Sor Lekua iruditan ikusiz, haien herrimina arintzeko asmoz.  Hitzak, Jean Elizalde, ‘Zerbitzari’ idazle, apaiz eta euskaltzainak burutu zituen. Horixe izan zen Madrék burutu zuen pelikula bakarra.

Orain arte, euskarazko lehen filmetzat Gotzon Elortza getxoztarrak zuzendutako lau dokumentalak (1959an, 1960an, 1961ean eta 1962an eginak) hartu dira, eta horiexek dira osorik kontserbatzen diren bakarrak. Izan ere, Josu Martinezek etxe partikular batean aurkitutako Gure Sor Lekuaren kopiak ez dauka soinurik, baina pelikula euskaraz zela baieztatu dute garaiko prentsako zenbait artikuluk eta lekuko batzuek.

Josu Martinez (Bilbo, 1986), Ikus-Entzunezko Komunikazioan eta Antropologia Sozial eta Kulturalean lizentziaduna eta lau dokumentalen egilea, UPV/EHUn burutzen ari da bere tesia, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Josu Amezaga irakaslearen zuzendaritzapean. Tesia Gure Sor Lekuaren inguruko ikerketa sakona izango da, eta 2014an bukatzea aurreikusten du. Orduan jakingo dira filmaren eta autoreari buruzko datu gehiago.

Aurrerapen gisa, filmaren bertsio laburtu bat abenduaren 20an aurkeztuko da Hazparnen, ‘ZINEGIN’ Euskal Zinemaren Festibalaren barnean. Emanaldi berezia izango da, 1956an estreinatu zen leku berean (Haritz Barne zineman) proiektatuko baita, hainbeste urte galduta egon ostean. Aurkitutako kopia mutua izanik, Joserra Senperenak espreski konposatutako musikak lagunduko dio proiekzioari. Hasparneko emanaldian Xare Laborategiko ‘Hertz’ ganbara laukotea izango da musika interpretatuko duena.

Hazparneko aurkezpenean egongo dira UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia, ikerketaren zuzendari Josu Amezaga, Hazparneko auzapez Beñat Intxauspe eta Josu Martinez bera.

INFO+ nortaldea.com

euskara, euskarazko lehen filma, euskarazko lehen pelikula, Gure Sor Lekua, Josu Martinez, NOR ikerketa taldea, Sor Lekua, UPV/EHU

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude