Galde-erretolika bat

Galde-erretolika bat –

Itzea Urkizu Arsuagak Tolosaldeko Atarian.

Galde-erretolika batZein gutxietsita dauzkagun galdera erretorikoak; sasigaldera horiek. Edo, hala komeni denean, gure diskurtsora ekarrarazten ditugun baliabide literarioak. Erantzuna soinean, probokazioa esanahian; horrela sortzen dira mundura, xalo. Zorrotz, batzuetan, eta punta-zorrotz, odola egin nahi denetan. Galdera erretorikoa neurri berean baita hitzezko arma eta trintxera, karta guztiak mahai gainean jarri gabe eztabaida bat irabazi nahi duenarentzat.

Aitortuko dut, neronek oso tarteka baino ez ditudala baliatzen; ziurrenik, ikasi beharko nuke bat edo beste egokiago formulatzen, nire zutabeen arkitektura hobetze aldera. Gaur, ordea, bestelakoa izango da testua josiko duten galdera erretorikoen egitekoa: meloitxo bat zabaltzea, erabateko erabakimenez zabaltzen ari naizela agerian utzi gabe. Berriki kantu bat heldu baitzait, whatsapp mezuz, zuzen-zuzenean interpelatzen nauen galdera erretoriko batekin, iradokiz ezpada fermuki baieztatuz, gure semea matrikulatu dugun ikastetxe horretan matrikulatu dugula, arrazoi bakarragatik: migratzaileekin nahasteko aukera saihesteagatik. Arma ala trintxera?

Zergatik kondenatu polarizazioa bi eskola- -komunitate, etorkizuna bide berera batuta irudikatzeko gogoa behar luketen bitartean? Zintzoki, bi polo horietako batean arazoa eta bestean konponbidea daudela uste al dugu?

Ikus dezagun. Izan ere, zein da, azken aldi luze honetan, fokuaren argi guztia beste inori segregatzaile deitzeko ahaleginean jartzearen arrazoia? Harrapatuta gauzka norgehiagokaren erotikak? Zergatik kondenatu polarizaziora bi eskola-komunitate, etorkizuna bide berera batuta irudikatzeko gogoa behar luketen bitartean? Zintzoki, bi polo horietako batean arazoa eta bestean konponbidea daudela uste al dugu? Benetan? Zeren, hala baldin bada, nolatan baliatu, gero, segregatzailearen etiketapean sailkatu dudanaren hezkuntza-proiektu propioa, nire etxean? Akaso, kontua ez delako itunetan, dirutan eta sistemaren nolakotasunean neurtzekoa bezain sinplea? Jokoan dagoelako unibertso oso bat eta bertan bizitzeko eta sentitzeko moduak hezkuntza-proiektu formatuan transmititzeko bermea ere? Beharbada, elkarrekin aztertu beharko genituzkeelako unibertso horretako ateak munduko edozein herri, auzo, etxe, klase, familia eta txokotatik datorren ikasleari zabaltzeko moduak? Hainbeste sasi-iritzi eta sasiadituren aurretik, eztabaida honen erdigunea hartu beharko luketelako eskola-segregazioa jasan dutela sentitzen duten ahotsek ere? Eta, hori egin beharrean, mezu populistak gizonki zabaltzen aritzea txalo errazaren bila abiatzea besterik ez delako? Auskalo; ni, badaezpada ere, banoa nire trintxeratxora.

Galde-erretolika bat

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude