GALDE aldizkari sortu berriaren hizkuntza hautuez

Jaso berri dut GALDE aldizkari sortu berriaren gonbid(ap)ena (sic), datorren asteartean, hilak 16, Donostiako KMn antolatu duten mahai ingururako. Ez dute mahai inguruaren hizkuntza adierazten.

GALDE aldizkari sortu berriaren hizkuntza hautuez

Informazioa lehenik euskaraz eskaintzen didate, beraz pentsatu nezake mahai ingurua euskaraz izanen dela.

Edota, pentsatu beharko dut, ‘Galde’, ‘politikari eta kulturari buruzko aldizkari berriak’ bere webgunean bezala , seguruenera, espainola inposatuko digula barra-barra mahai inguruan ere, agian ‘arratsaldeonen’ bat eskainita?

Agian izango da, webguneko ‘Nor Gara’ atalean adierazten den eran, aldizkaria bide delako: ‘Euskadiko eta Nafarroako gizartearen gisa[ko] eta era ezberdinetako konplexutasunen eta pluralitateen inguruko, eta bere ondorioen inguruko, aldizkari “espezializatua”,’

Ikusirik hala ere nortzuk diren ‘Galde’koak, oraindik pentsatu ote nezake mahai ingurua, Donostian, euskaraz egingo dutela?

Webgunean diote garbi: ‘Gu gara: Anaitze Agirre, Peio Aierbe, Xabier Aierdi, Iñaki Altube, Enrique Bethencourt, Santiago Burutxaga, Antonio Duplá, Mariano Ferrer, Lourdes Oñederra, Miren Ortubay, Fernando Golvano, Iñaki Irazabalbeitia, Felipe Juaristi, Elo Mayo, Clara Murgialday, Fernando Pascual, Josu Perales, Rafael Ruzafa, Koldo Unceta, Agustín Unzurrunzaga, Koldo Uranga e Imanol Zubero’.

Euskaraz? Espainolez? Apustuak irekiak.

Nolanahi, agian dira oraindik iritzia aldatzeko gauza ere, estimatuko genieke,  eta mahai ingurua, behar den bezala, euskaraz eskaini Donostian, berriro espainolik inposatu gabe. Ikus dezatela ene begiek.

Emaitza asteartean.

Ondo izan

……………..

P.S. Poztuko nintzateke aldizkarikoek beraiek erantzungo balidate eta zalantzatatik atera.

P.P.S. Argitaratu berri dute aldizkariaren lehen alea. Ez dut betarik izan ikuskatzeko. Agian besteren batek kontatu liezaguke aldizkariaren hizkuntza hautua.

4 pentsamendu “GALDE aldizkari sortu berriaren hizkuntza hautuez”-ri buruz

  • Ederra artikulua Bittor, ohiko legez. Segi luze hala!

  • Web orrian hiru artikulu euskeraz daudela ez duzu ezta aipatzen ere.
    Aldizkaria ez duzula irakurri onartzen duzu.
    Hitzaldia euskera hutsez “eskaini behar” dela diñozu. Nahiz eta Donostian euskal elebidunak 1/3a izan.

    Hizkuntz komisarioaren papera jokatzeaz aparte, profesionaltasun eskasa…

    • Bittor Hidalgo
      Bittor Hidalgo 2013-04-15 23:55

      Errupin maitea:

      Eta denok ere jakin dezagun, email pribatuan galdetuta GALDEkoek ziurtatu didate Donostiako mahaingurua espainolez izango dela (beraiek ‘gaztelaniaz’ diote, agian ‘espainola’ fuerteegia gertatzen delako, baina nago ni gure artean gaur egun ‘gaztelera’ eta ‘gaztelania’ bezalakoak ‘eufemismo’ gisa baino ez direla erabiltzen, ez dakigun gogorregia gertatu espainolaren inposaketa.

      Eta diozu zuk Errupin maitea “Web orrian hiru artikulu euskeraz daudela” eta egia diozu. Felipe Juaristi, Lourdes Oinederra Iban Zalduaren bana. Zorionak hirurei.

      Gainera, ‘Krisia’ txostenean, bada Mikel Zurbanoren laugarren bat (zorionak), 10etik: %10.

      Espainolez aparte beste 10 ere badira webgunean.

      Denera 24 artikulu, zeinetako 20 espainolez, 6tik 5 (%83,33) eta 4 euskaraz, 6tik 1 (%16,66).

      Aldizkariaren 1. aleak (webguneko argibidetik) 28 artikulu bide ditu (hainbat, webgunekoak dirudienez), eta horietako 24 espainolez (%85,71), eta 4 euskaraz (%14,29), aipatu F. Juaristi, I. Zaldua eta M. Zurbanorenez gain, Iñaki Irazabalbeitiaren bat (zorionak).

      Nik lerro artean nioen ‘Galde’ aldizkariak espainola barra-barra inposazen ote zigun bere webgunean. Orain esan nezake are gehiago iknposatzen digula aldizkariaren 1. alean.

      Diozu ere euskal elebidunak Donostian 1/3 garela, eta hori dioke 2011ko V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak 16 urte eta gehigokoen arterako (zehatz dio %33,5 ‘elebidun’, %14,4 elebidun hartzaile, %52,1 erdaldun).

      Eustatek burutu 2006ko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Estatistikaren arabera ordea (2006 – IV. Mapa Soziolinguistikoa [EAE], 52 eta 59-61), 2006an Donostiako 5 urte eta gehiagoko 171.514 biztanleetatik 69.481 dira elebidun (%40,5), 35.468 ‘elebidun hartzaile’ (%20,7), denera %61,2 gutxienez ulertzaile, eta soilik 66.565 (%38,8) erdaldun huts.

      Uda honetan Eustatek argitaratuko dituen 2011ko datu parekagarrietan Donostiako elebidunak %50 izango gara, %70 gutxienez elebidun hartzaile, eta %30 baino ez erdaldun huts. 2013ko honetan datu are euskaldunxeagoak.

      Baina bakoitzak erabili litzake estatistikak nahi duena saltzeko. Badakigu.

      Kontua da, zenbat-nahi ere garela, Donostiako euskaldunok euskaraz jaso nahi dugula guri zuzendutako informazioa. Informazio guztia, eta ez bakarrik informazioaren %16. Eta hori eskatzen dugu, eta nahi dugu bermatzea, beste guztia espainolaren inposizioa zaigulako. Donostiako espainoldun hutsek ere informazio guztia espainolez nahi badute eta eskatzen badute ikusi dezala GALDEk espainolez ere eman nahi dien.

      Baina oraingoz zuek espainolez bakarrik ziurtatzen diezue informazioa hasla nahi dutenei, eta euskaraz nahi dugunoi espainolezkoa inposatzen. Eta hala da, eta hala da.

      Gainera eskertu behar dizuegu mahaitik botatzen dituzuen ogi apurrak euskarazkoak izatea. Latza behar da azala.

      Email pribatuko erantzunean diostate zehatz: “Astearteko mahai-ingurua gaztelaniaz izango da, eta ziur nago oso interesgarria izango dela, hiru hizlariak benetako adituak direlako krisiari buruzko gaietan.
      “Galde eta euskara” arazoaz, benetan ahal dena egingo da, horrek esan nahi du ahal den guztia.”

      Pena oraingoz ahal den guztia izatea mahai ingurua espainolez bakarrik inposatzea euskara ongi ulertu lezaketen donostiarren %70i, edota zuen webgunea eta aldizkaria %15 inguruan ematea euskaraz.

      Zein dira inposatzaileagoak Espainiako irrati-telebistak, espainolez bakarrik dihardutelako (eta ingelesez ere batzuetan), edota zuek (ia) dena espainolez ematen diguzuelako. Bai, bwana!

      Hizkuntza komisarioarena, munduari ikuspegi euskaldun batetik begiratzearen ondorio baino ez da (hori behintzat Txillardegiri ikasi uste nion, eta harro nago).

      Profesionaltasun eskasarena, bat iristen den lekura iristen da, baina saiatzen naiz nire txikian gezur handirik ez esaten, zuriari zuri esaten eta kontuak gehiegi ez zuritzen. Ez dakit berdin esan zenezakeen, Errupin maitea.

      Adeitasunez, gabon izan dezazula

  • Euskera en libertad 2013-04-16 09:34

    Hori esango dizute Galdekoek, Bittor. Hizkuntz aukera librea egiten dutela eta inor ez dutela behartzen euren aldizkaria erostera. Eta egia da.
    Esaten ez dutena da, euskaldunok ezin dugula hizkuntz aukera librea egin Euskal Herrian ere; espainieradunek bai. Nonahi eta edonoiz.
    Esaten ez dutena da, euskara eta sinadura euskaldunak apaingarri gisa ari direla erabiltzen. Ezkutu gisa. Inork ez diezaien egin zeurearen antzeko akusaziorik.
    Izena ere euskalduna jarri diote aldizkari erdaldunari, pentsa! Zakurrei bezala: Txuri, Sua, Lagun. Edota haurrei bezala, Iker(kasillas), Ainhoa, Leire, Vanessa (ai, ez. Euskaraz v-rik ez da eta).
    Baina hausnartzera jarrita… Kontxo! Ez ote da gauza bera gertatzen Deiarekin, Gararekin, edo Euskal Herria aldizkariarekin?
    Funtsean bat nator zeure salaketarekin Bittor. Mozorroa kenarazi behar genieke euskaraz jantzitako egitasmo español peto-peto askori.
    Behinik behin, zergaitik ez dituzte izen egokiak erabiltzen? Preguntar, Somos, La llamada, El Norte de España…
    Egoeraren gordina askoz gardenago ikusten lagunduko ligukete. Eta jakina da, egoeran aldaketarik eragin nahi bada, lehenik ondo ezagutu beharra dagoela.
    Hipokrisiari stop! Segi bizkor, Bittor.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude