GAL

GAL –

Estatu Batuetako CIA-k berrikitan GAL nola antolatua izan zen ezagutzera eman du. Argitalpenak denek zakitena baieztatu du: garai haietan Madrilen boterean zen PSOEK eta Felipe Gonzalez gobernu buruak sortu eta egituratu zutela mertzenario talde hiltzaile hori ETA kide eta errefuxiatuak hiltzeko. Halaere, baieztapen horrek hautsak harrotu baditu ere, gune ilun asko gelditzen da argitzeko, erantzukizunak zehazki norenak izan ziren jakiteko.

GALNork erranen zuen GAL banda terroristari buruzko azkeneko hainbat zehaztapen CIAri esker publiko eginen zirela? Duela gutti alta, hala gertatu da. Jadanik halere GALen iturburu «politikoa» hainbat aldiz frogatua izana zen, bereziki Espainian jujatuak eta «kondenatuak» izan baitziren minixtro bat, estatu idazkari bat, estatu seguritate zerbitzuko zuzendari orokor bat, gobernadore zibil bat, PSEren Bizkaiko idazkari orokor bat eta hainbat polizia. Gai ilun hori beraz berriz argitarat jin zauku CIAren 1984-an idatzitako informe bati esker, hastapen batean «secret defense» sailkatua bainan duela bederatzi urte, arrazoin ezezagun batengatik desailkatua eta ondorioz ipar amerikar agentziaren web orrian agerian dena, xinpleki! Informe hori biziki argigarria da, alabainan. Bertan zehazten da Felipe Gonzalez dela mertzenario taldearen asmatzaile eta sortzaile lehena, legez kanpotik beste «mertzenario» batzu hiltzeko. Ardura hori funtsean jadanik aitortua zuten beren auzian Amedo polizia inspektoreak eta Riardo Garcia Danborenea bizkaiko sozialisten arduradun ohiak, 2019an Espainiako ministro ohiak, Alfonso Guerrak, oraindik sinestsarazi izan nahi bazuen ere GAL izan zela «soilik talde terrorista bat beste talde kriminal bateko kide batzu hil zituena.», argi da ez girela kasu huntan bakarrik gai judizial eta penal arrunt baten aintzinean, bainan erdiz erdi trama politiko huts baten erdi erdian, Espainiako sistema politikoan hainbat ramifikazio eta adar izan dituenak hastapen hastapenetik.

.

Nor bustia izan zen ez jakin

Demokrazia heldu batean, Ipar Amerikako agentziaren informea publikatu ondoan Espainiako gobernuak beharko zuen bere baitarik esplikazione guziak eman Kongresuan, oposiziotik behartua izan gabe. Aspalditik beharko zen bai Kongresuan eta Senatuan sortu ikertze batzorde bat behingoz eta betiko gerla zikin hortako ardura politiko guziak aitortzeko eta zigortzeko. CIAren informeak dio Felipe Gonzalezek GAL taldearen sortzea erabaki zuela Mitterand frantses presidenteak Ipar Euskal Herriko ETAren “sanktuarioarekin” bukatzea ezin zuelako lortu. Ezintasun politiko bati behar izan zuen erantzun joko demokratikotik arrunt kanpo diren metodo batzurekin, helburu osoki politiko bat lortzeko. Eta lortu zuen ere erdiz erdi!

Urte ainitz iragan dira bainan oraindik ilun gune ainitz gelditzen dira argitzeko 27 euskal herritarren biziarekin bukatu zuen taldearen xehetasun guziak jakiteko. Duda gutti da halere azpimarratzeko gaia osoki seriosa dela eta bere denboran Espainiako sistema politikoaren hainbat arduradun eta instituzio hunki dituela.

Zer gertatu da xuxen eta nor bustia izan da oraindik hainbeste urteren buruan ez argitzeko osoki hostokada ilun hori?

PSOE, PP eta Vox alderdi politikoek beren botzak batu dituzte Kongresuan ikerketa batzorde baten sortzeari kontra egiteko. Pentsa hastapen batean Podemos alderdi ezkertiarra ere printzipioan kontra agertu zen, ondotik bere ikusmoldea arra ikusi bazuen ere.

.

Irakurketa kritikoaren beharra

Gerla zikin harek errana izan den eta frogatua izan den bezala bi helburu argi zituen. Alde batetik Frantziako presidentearen jarrera aldaraztea eta ETAren kontrako estrategia batera erakartzea. Beste aldetik Iparraldean «aterbetuak» zirenen eremua kolpatzea, informazioa tortura bidez eskuratzea, militante batzu hiltzea eta desagertaraztea. Arrunt inozentea litaike pentsatzea halako izugarrikeriak posible izan zirela goi mailako babesik gabe. Denak orroit gira funtsean kartzelara sartu aintzin zer nolako besarkadak eman zizkien Felipe Gonzalezek bere bi minixtro kondenatueri.

ETAren jardunaren irakurketa kritikoa eta autokritikoa egin behar den molde berdinean, garrantzitsua da Estatu krimen argitu gabeko horiek ere argitzea ofizialki eta zigortzea osoki auzibidez, argitaratuz nork agindu zituen, nork eta nola gauzatu ziren, nork eta nola finantzatuak izan ziren.

ETAren kasuan edota GALen kasuan egiari zor zaio, biktimeri eta haien hurbilekoeri zor zaie, eta GALen kasuan estatuek (Espainiakoak baita Frantziakoak) dute eginbehar hori bete behar, gutieneko sinesgarritasuna eskuratu nahi badute behintzat!

Horregatik garrantzitsua da indarkeria jarduera guziak ikertzea bururaino, aspaldiko kontuak direla azpimarratu gabe behin ta berriz.

Bururaino ikertuz agian froga litaike ere ustelkeriak joa duela monarkia sistema guzia, legezkoak ez ziren egiteko molde batzu babestu direla, finantzatu ere direla droga trafikoaren bidez, nolabait estatuaren babespean antolatu indarkeria «politiko» bat legeztatuz.

Espainiako demokrazia aski heldua ote da hau guzia argitzeko?

 

Andde Sainte-Marie

GAL

GAL

Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.