Gaizkiaren hutsalkeria gara

Gaizkiaren hutsalkeria gara

Eta konponbidea ez dago gure esku. Ala bai.Kontraesanaren harria hor dago beti, aurrean, eta behin eta berriz erortzera kondenatuta gaude. Ez dugu hausnartzen egiten ari garena ondo ala gaizki dagoen: egin egiten dugu, sistemaren eskema aurre-zehaztuek hala eskatzen dutelako

Mundua hankaz gora dago. Milaka-milioika hiltzen dira (hiltzen ditu sistemak) egunero, baina gure errutinak aurrera darrai. Arazoa ez da klase politikoa, arazoa herria da. Klase politikoak nekez iraungo baitu ernegu betez aurka duen herri baten oposizioaren aurrean. Beldurra sartu digute barruan. Edo ez. Kontzientzia-askatasunak ez du beldurra ezagutzen. Ideiak ezin dira atxilo jarri, ekintzak bai. Argi dago, disidentzia politikoa barroteekin ordaintzen dela, baina ideietatik ekintzetara badago alde bat. Eraldaketa politikoa esan nahiko lukeen aldea. Hor dago gakoa. Ekintza zuzenak eragiten ditu paradigma aldaketak, eta horretarako babes sozial handia behar da. Eta hor dago arazoa, herriak oso barruan duela sartua eredu kapitalista-kosmopolita honetako parte dela. Herritarrak kondenatzen duela politikarien ustelkeria, baina hortik bost segundutara “nik neuk ere berdina egingo nuke” bezalakoren bat botatzen duela. Ez da ustelkeria klase politikoaren atributu bakana, gizartearen jokabidearen isla baizik; etekin pertsonala bilatzen baitugu uneoro, ongizate orokorraz ahantziaz.

Eta konponbidea ez dago gure esku. Ala bai. Ez da egunik –bakar batzuk, agian- horretaz pentsatzen oheratzen ez naizenik. Horregatik joaten naiz Madrilen konbokatzen den elkarretaratze bakoitzera: aldaketa irrits horren ordezkari gisa, bai, baina baita berekoikeriagatik ere, nire buruarekin ondo sentitzearren. Aldaketa ez dagoelako ordenagailuko teklatu aurrean, ariketa horrek masa-emantzipaziorako balio dezakeen arren. Kontraesanaren harria hor dago beti, aurrean, eta behin eta berriz erortzera kondenatuta gaude.

Herria ez da gaizkiaren konplizea bakarrik, aktore nagusi baizik. Etxegabetze bakoitzeko ate-sarraila aldatzen duen sarrailagilea (cerrajero, gazteleraz, despistatuentzako), statu quo hau biolentzia armatuaz defendatzen duten polizia eta UIPak (antidisturbio, gazteleraz, despistatuentzat), Ceutara eta Melillara gosez hilda datozen gizakiei -guk garbitutako Afrikan jaiotzea izanik euren akats bakarra- sarrera ukatzen dieten aduanazainak etab. Kalifikatzaileekin ez naiz ausartzen.

Eta momentu horretan oroitzen da bat Hannah Arendt,Eichmann eta gaizkiaren hutsalkeriaz (la banalidad del mal, gazteleraz, despistatuentzat). 1961. urtea zen, Tel Aviven (Israel).Adolf Eichmann Alemania naziko SSetako goi-mailako ofiziala ari ziren epaitzen, II. Mundu Gerran herri judutarraren aurkako genozidioa egozten zioten. Auskalo zenbat pertsona hil zituenEichmannek, batek daki. Publikoki irekiak izan ziren epaiketak, zientoka kazetari bertaratu ziren. Denak berdina zioten, ez zegoen eztabaidarik, zer esango dute ba horrelako hiltzaile nazi bati buruz? Eta halako batean agertu zen ArendtThe New Yorker aldizkariko berriemaile berezia.

Arendt-en aburuz, Eichmann ez zen “munstroa”, ez eta “gaizkiaren putzua” ere. Kazetariak argi zuen Eichmannen ekintzak barkaezinak zirela, eta Eichmann bera, erruduna, baina ekintzak testuinguru baten barruan analizatu zituen. Arendt-en ustez,Eichmannen jarduna ez zuen gorrotoak eta gaizkiak bideratzen, gaizki horren normalizazioak-edo baizikEichmannek ez zuen hausnartzen egiten ari zena ondo ala gaizki al zegoen, egin egiten zuen eta kito, sistema gobernatzen zuten arauek hala markatzen zutelako. Hala ondorioztatu zuen Arendt-ek. 1962ko maiatzaren 31n hil zuten Eichmann, Ramla (Israel) hirian, urkatuta.

Eta gaur ere gaizkiaren hutsalkeria presente dugu begien aurrean. Agian gu ere gaizkileak gara eta ez gara ohartzen. Gauza bat argi dago: gaurko egunez milaka (edo gehiago, txarra naiz zifrekin) pertsona hilko direla gosez, beste milaka bihar hilko direla gaur daramaten bizitza miserableari agurra emanez, eta guk geurean jarraituko dugula. Chip-a aldatuko dugu eta heredatutako meritokrazia ahalguztidun honek eman digun posizioaz disfrutatuko dugu, taberna izkinaren batean, garagardoa eskuan.

Azpeitian, 2014ko uztailaren 12an.

(Jatorrizkoa Zirriborroak blogean)

Gaizkiaren hutsalkeria gara

Zer duzu buruan “Gaizkiaren hutsalkeria gara”-ri buruz

  • Klase politikoa herritarron islada da. Beraiek dira politikoak eta gainerakoak herritarrak gara. Hemen ere, Jurgi, badugu gure bipartidismoa. Ez al da EAJ eta EHBildu gure bipartidismoa? Bipartidismoa Espainian dago, noski. Aldaketa guregan gauzatu behar dugu: deskolonizatu behar gara. Baina ez desespainiartu bakarrik. Gauza asko desikasi behar ditugu. Espainiarrengandik asko dugu ikasteke. Zer ikas dezakegu espainair mugimendu askatzaileengandik Euskal Errepublika eraikitzeko? Front National alderdia omen da arazoa edo Partido Popular alderdia. Ez, arazoa sistema da. Arazoa demokrazia da. Afrikarekin edo Amerikarekin edo Asiarekin europarrok dugun arazoa historikoa da: kolonialismoa. Kolonialismoa kapitalismoa bider bi da. Baina hipokritak gara. Europa barruko kolonialismoa salatzen badugu ere, ez dugu euskal industria armamentistikoa salatzen. Gure buruarengandik deskolonizatu behar gara. Frantziarengandik eta Espainiarengandik deskolonizatzeko bide bakarra gure buruarengandik deskolonizatzea da. Adibidez, bandera errepublikar espainiarra laguntasun internazionalista bezala aireratzea Euskal Errepublika aldarrikatzeko ikurrina aireratzen dugun momentu berean. Ez dut nahi internazionalismorik gabeko Euskal Errepublikarik, eta ez naiz Saharari buruz hitz egiten ari. Mundua da gure internazionalismoa. Palestina askatu. Kasta, ez hemen ez inon. Ortuzar, Barcina, Urkullu, Barrena, Garitano… KASTA!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude