“Gaizki esanak barkatu eta ondo esanak kontuan hartu”

Atzoko artikuluak sortu duen zalapartaren karira, azalpen batzuk eman nahiko nituzke,hein handi batean putetxe honen arduraduna bainaiz. Ezeri ekin baino lehen, Herriraren kontrako operazioaren aurka nagoela argi eta garbi adierazi nahi dut. Batzuek egoera politika aipatu dute nik, ostera, elkartasuna ez dela delitua diot. Argi gera dadila.

1- Erabilitako anekdota hutsala ez da egokiena izan. Lehengo iruzkinak irakurri bezain laister konturatu nintzen eta akatsa aitortu nuen. Artikulua idazten ari nintzela, EAJren kontrako aldarriak aipatzea pentsatu nuen errespetu faltatik sortzen den enpatia eza islatzeko. Halere, Ertzaintzak Hernanin izan zuen jarrera oldarkorra kontuan hartuta, bestea aukeratu nuen. Besterik ez.

2- Artikuluak herri honetan dugun enpatia falta azpimarratu nahi izan du. Ez bakarrik Ezker Abertzaleak besteekin izan duena, bazik eta beste eragile politikoek Ezker Abertzalearekin izan dutena ere kontuan hartu dut. Sortu eta Guardia Zibilaren aipuak helburu hori zeukan.

3- Aurreko puntuarekin lotuta, errespetu faltak elkartasun keinuak adierazteko oztopoak direlakoan nago. Adibidez, EAJ Herriraren operazio honen erantzule bilakatzea ez dut uste jeltzaleek larunbateko manifestazioa parte hartzeko bide eraginkorra denik. Berdin “Sortu = ETA” diotenei buruz, hori ez baita jarduera armatuarekiko iritzi kritikoak bultzatzeko bide aproposa.

4- Era berean, ondokoari egoeraren erru osoa botatzea oso erantzun eskaxa da, areago inolako autokritikarik egin gabe. Zergatik EAJk ez du larunbateko manifarekin bat egiten? Zergatik Sorturi kostatzen zaio ETAren jarduera gaitzeztea? Aurreiritziak alde batera lagata, egin beharreko galderak dira.

5- Ni ez naiz inor inori klaseak emateko, horregatik “gu” erabili dut, zeren autokritika ere baitago artikuluan. Halere, bigarren parrafoan beste baten tokian jartzen naiz eta aipatzen dudan balizko egoera hori gertatu balitz, arrazoi guztia izango zukeela diot. Askok gutxitzat joko duten arren, ez da hutsaren hurrengoa ere.

6- Testu honen akatsak kontuan hartuta, esan behar dut iruzkingileren batek baino gehiagok ez nauela ulertu nahi izan. Horren kontra ezin dut ezer egin.

Ondo ibili 

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.