Gabonetako euroa

 http://alteretaego.wordpress.com

 

 Alter dixit.

Orga huts bat ikusten dudan bakoitzean, nahitaez, atzean duen istorioa asmatu nahiak harrapatzen nau. Eta, zer esanik ez, gaur gauean hasten den oturuntza zikloan murgilduta gaudenean.

Egunotako menuak, agian, ez dira jada gure amumek edo lehengo amek prestatzen zituztenak bezalakoak. Baina ezta ere, adibidez, joan den asteko astelehen gauekoak bezalakoak. Izan ere, Gabonekin, poltsikoko azken euro soltearekin bezalatsu, bakoitzak nahi duena egin dezake.

Neguriko Margarik, adibidez, lepo beteko du itsasoari begiratzen dion bere jangela biribila: senarra, hiru semeak eta errain biak, alabetako bat -gazteena Washingtonen geratuko da- eta mutil-laguna, bost biloba eta bere asteroko bermuteko lagun alargun bat.

Ez da bera, noski, afariaz arduratuko, baina egun horretarako behar den guztia erosteko ardura beregain hartzen du beti. Ikaragarri gustatzen zaio sendi osoa bere gonapean egotea. Hori bai: lan honek guztiak nekatuta uzten du eta urtero, Errege beste egunean, bainuetxe batera joan ohi da lagun batekin, zenbait egunez.

Rachelentzat, aldiz, nahiko bestelakoak izango dira aurtengo Eguberriak. Hilabete joan da Groenlandiara eraman zuen bekarako sostengu ekonomikoak alde egin zuenetik eta, sostenguarekin batera, latitude haietan bizimodu berri bat finkatzeko aukerak. Gustura eman zituen sei hilabete bertan, azkenengo eguneko poz garratza gora-behera.

Groenlandian ez ezik, Chantilly aldean ere ez omen zegoen lanik berarentzat. Eta lanik ezean, alokairua ordaintzeko dirurik ere ez dagoenez, joan den astean bueltatu zen Algortan bizi den ahizparen etxera.

Pablok, azkenik, ez du lana galdu izanaren arrangurarik bere barruan. Azken hogei urteotan ez du lanik izan, goizero itzartu eta gaua izartu arte irautea lan bezala onartu ezean behintzat. Bere etorkizunaren kontzeptua gaurko gaua non igaroko duen bermatzeraino iristen da, ez doa haratago. Baina etorkizun labur hori planifikatzea errazagoa zen Diana bere alboan zuenean. Tamalez, astebete ere ez da pasa zaldiak eraman zuenetik eta Pablok, oraindik, ez du bere burua kokatu. Harrezkero, ez da Orient Express-era bueltatu: Erromoko hustutako biltegi batean ematen ditu gauak.

Abenduaren 24ko arratsaldea da. Margarik eta bere bi neskameek hustu dituzte Range Rover-era erositako azken orduko jangai denak. Margarik etxerako gogoa du eta orga bertan behera uzteko agindu die laguntzaileei, batuko duela norbaitek eta. Total, euro batengatik!

Rachelek iluntzean egin du azken ordukoak erosteko osteratxoa: urdaiazpiko ona, otarrainxka izoztu batzuk eta dozena erdi azpizun-xerra, mehe ebakita. Gainera, zorioneko dago gaur, antza: euro bat soinean duen orga bat aurkitu du bertara doala. Erosketak Dacia Duster-era hustu eta gero, orga bere lekuan utzi du. Euroarekin geratzeko tentaldia izan badu ere, eskean dagoen tipoari bota dio, irribarretxo batekin.

Pablok, euro harekin, atzoko urdaiazpiko egosiarentzat moldeko ogia erosiko du, afaritarako.

Ego dixi.