Gabon zuri beltzenak

Gabon zuriak

White Christmas. Gabon zuriak. Hala du izena Black Mirror telesail britainiar sonatuaren azken aleak. Aste honetan bertan eta gabonak gainean ditugula zabaldu dute guztira zazpigarrena den kapitulua, eta  Jon Hamm, Rafe Spall eta Oona Chaplin aktoreak ditu protagonista.

Etorkizun distopiko ez urrunegi bat irudikatzen dute orain arteko guztiek, eta sare sozialen zein aurrerapen teknologioen agerpenaz harago ez dute bestelako lotura edo jarraitutasunik. Ordubete inguruko iraupena duen ale bakoitza besteen beharrik gabe gozatzeko modukoa dela, alegia.

Ispilua

Aurrerapen teknologikoek telesaila zientzia fikzioaren generoaren baitan kokatzera eramaten gaituzten arren, bada hori baino askoz gehiago ere. Izenak berak iradokitzen duen moduan, ispilu beltza da, balizko etorkizunei begira jarrita gure gizartearen erretratu zorrotza egiten duena. Galdera filosofikoak oinarri dituzten gidoi bikainei aktore eta zuzendarien lana gehitu behar zaio gainera, eta emaitza ikusteko modukoa da.

Orain artekoen artean gehientsuenak iruditu zaizkit txalogarriak, baina baten bat nabarmendu beharko banu The National Anthem eta White Bear hautatuko nituzke. Dena dela, inpresioa dut gabonetarako prestatu duten azken honekin koxka bat gehiago egin dutela gora, gogoeta ordu luzerako ematen duten teknologia aurrerapenak narrazio teknika bikainarekin uztartu baituzte. Urte berriarekin sarean ikustea zailagoa izango omen da, ea zorterik baduzuen. Amu gisa, hauxe da trailerra:

1986-(...)