Gabon Nafarroa! Eskerrik asko!

MjEwOQ==

Gabon, Nafarroa! Eskerrik asko!  

 Nork esan du? Miguel Sanzek? Roberto Jimenezek? Yolanda Barcinak? Andres Burguetek? Ez, halakorik ez haien ahotik; ohikoagoa da hona etortzen direnean Joaquin Sabina, Chambao, Juanes, Andres Calamaro  eta  Estopa euskaraz aritzea, gure agintariak baino. Gabon, Eskerrik asko. Sanzek eta enparauek ez dute euskara beretzat. Eta euskara ikasiko balute? Hori litzateke ziurrenik Sanzek, Barzinak eta gainerakoek euskararen alde egiten ahal duten ekarpenik handienetarikoa, euskaraz aritzea, eta ez gaur egun euskararekin daramaten politika. Azken batean, beste arlo askotan bezala, eredugarria izatea da arrakastaren giltzarria. Klase politikoa eredu eskasa dugu, baina, gure artean.

  Eta horretaz gain, gaur egun Nafarroako Gobernuak daraman politika euskararen kontrakoa da. Vascuenceren lege desegoki horretan oinarrituta, urteak daramatzate nafar guztien hizkuntza eskubideak urratzen. Azken boladan, gainera, erasoak etengabe ikusten ari gara: diru-murrizketak, injustiziak, babes gabeziak nonahi ditugu. Bestalde, egiten ez dena ere hizkuntza politika da: euskaraz ikasteko eskubidea bermatuta al dugu? Kultur eskaintza? Hedabideak? Administrazioan euskaraz egiteko aukerarik? Luzea da gabezien katea.  

 Euskarabidea sortu zutenean itxaropenari tarte bat ireki genion baina hasieratik bere mugak agerikoak izan dira. Aurrekontuak murriztuta ditu eta ez ditu euskaltzale askoren expektatibak bete, ezta pentsatu ere. Euskarabidea ez baita UPNren politika gauzatzeko tresna bat besterik.  

Euskararen normalizaziorako urratsak nahi ditugu. Eta hiztun masa kritiko nahikorik gabe alferrik dira gainerako kontu guztiak; beraz, helduak euskara ikasi eta erabiltzea ezinbesteko urratsa dugu, etxean eta eskolan ikasterik izan ez duten helduek euskara ikasteko erraztasunak behar dituzte. Baina, horretaz gain, guri, euskaldunoi dagokigu gure inguru erdalduna euskararen bidean jartzea, gonbita ditzagun gureak euskara ikasi eta erabiltzera. Joaquin Sabinak eta Juanesek gehiagotan egiten dute euskara Sanzek baino, baina kontzertuetan publikoan dauden asko ere Sanzen antzera. “Euskaltzale” hauek, agian, euskara bihotzean dute, baina euskara ezpainetan da, ez beste inon. Esan bezala, euskaldunoi ere dagokigu eredu izatea, gu euskaraz arituz gero, euskara osasuntsuagoa egonen da.    

 Herritar asko etortzen dira gure euskaltegietara euskara ikasi eta erabiltzeko asmoz. Askotan, Administrazioak kudeatutako euskaltegia merkeagoa izan arren, gure euskaltegia lehenesten dute gure metodologia eta eskaintza goraipatuz. Eta bestela zein aukera du herritarrak euskara ikasteko Sartaguda, Billatorta, Zangotza, Mañeru, Mutiloa, Artaxoa, Tafalla, Lizarra, Berriozar, Lekunberri edo Eskarotz bezalako herrietan? AEKko euskaltegia!!  

 Euskara jakitea borondatezkoa da; Nafar Gobernuaren estrategian euskara jakitea baliogabetuta dago; eta hala ere, ahalegin eder bat eginez (denboran eta ekonomikoan) milaka herritarrek eman dute urrats hori. Nafarroako Gobernuak ahalegin hori arintzeko egindako saiakera lotsagarria izan da; euskaltegion partidatik euro batzuk kentzea ikasleei limosna gisa banatzeko. Aurten, berriz, ez dute halako laguntzarik banatuko ere.Dirurik ez dagoela izan ohi da Gobernuan aritzen direnen erantzuna (Euskarabideako edozein “euskaltzale jatorrak” ere erabiltzen duen betiko argudioa). 40.000 euro jasoko ditu Bianako Printzea saria “irabazi” duen hizkuntzalariak. Saria: 40.000 Ikasleen bekak: 0 Hizkuntzalariak bai dira euskaltegietan ari den herritar horiek.  

Eta horrekin batera, euskara irakasteak suposatzen duen ahalegin ekonomikoaren aurrean, Nafarroako Gobernuak euskaltegioi emandako diru-laguntzak oso txikiak dira. Euskaltegiok hartzen dugun zama izugarria da  

 Azaldu bezala, helduen euskalduntzean eta euskararen munduan, oro har, garai latza dugu. Horren aurrean, Kontseiluarekin bat eginda,  dinamika bat abian jarri dugu hainbat eragilek eta norbanakok. Lehenik eta behin, erasoek ez gaituztela geldituko esatea garrantzitsua da. Hemen gaude, eta ozen esan nahi dugu. Maiatzaren 15ean hitzordu ezin hobea paratu dugu oihu hori plazara eramateko.

  Eta maiatzaren 15eko manifestazioa Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politikari erantzuteaz gain, beste hizkuntza politika baten beharra aldarrikatu behar dugu, euskararen normalizaziora eramanen gaituzten baldintza politiko, administratibo, sozial eta ekonomiko berriak lortzeko lanean jarraitu beharko dugu. Nafarroako Gobernuak, gaur egun, estrategia argi eta landu bat du; guri ere estrategi egoki eta indartsu bat garatzea dagokigu. Urrats txikiak eta egunerokoak behar ditu euskarak, baina horiek ez dira nahikoak; euskarak urrats sakonak eta handiak ezinbesteko ditu, batez ere.  

Maiatzaren 15ean Iruñean euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dugu eta indar erakustaldi hori baliatuz, hurrengo egunetik bertatik beste egoera batera eramanen gaituen estrategia lantzen jarraituko dugu, euskararen normalizazioa gauzatu arte Beraz, maiatzaren 15ean, Iruñean denok elkartuko gara!! Ogi gogorrari hagin zorrotza!          

Irudia | Entzungo ote? | Ion Markel | Creative Commons By SA
euskaltegiak, euskara, euskarabidea, manifestazioa

2009ko urritik aurrera AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko Kidea, Nafarroako arduraduna, hain zuzen ere. Hainbar urtetan Donibane auzoko Irrintzi Euskaltegian, ikasle, irakasle, didaktikari eta arduradun aritu ondoren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude