Gabarra eta tabarra, ospakizun bat (bideoa)

(hobe dozu paso egin ez bazara futbol zalea)

Athletic-en gizonezkoak Superkopa irabazi ebenekoa; talde zuri-gorriak barrutik bizitakoa.

 

Ospakizuna

.

Gabarra eta tabarra, kontutxu batzuk

Futbol zaleak ez diranen aldetik, eta futbol zaleak izanda Athletic ez beste taldeetako zaleak diranen artean batez bere, asko zabaldu da egunotan titularrekoa, Gabarra eta tabarra parez pare jartzekoa.

Benetan tabarra handia emon dogu zale zuri-gorriak? Akaso bai, Athletic zaleok pozik gagoz eta gure alaitasuna lau haizeetara zabaltzeko ohitura izan dogu beti, harrotasunez.

 

KOMUNIKABIDEAK. Ez nator guztiz bat, baina, gaiak komunikabideetan leku gehiegi hartu dabela dinoenekin -egunotan ez telebista ez irrati ez dodala ikusi ez entzun onartuta bere-. Ea azaltzeko gai nazan: Egunerokotasunean dau futbolak gehiegizko garrantzia eta periodikoetan neurriz kanpoko presentzia, de akuerdo gagoz.

Baina euskaldun mordoak, benetan mordoak, euren poza kalean agertzeak eta telebisinoak poz hau jasotzeak, sanoa begitandu edo ez, ez dakar beren horretan kalterik; poz hori danborra jotzeko, karakolak jateko, bertsotan egiteko, zezenen aurrean parau eta arineketan egiteko edo Athletic-en garaipen barri bat ospatzeko agertzen bada bere.

 

Gabarra eta tabarra, ospakizun bat (bideoa)
Oteizaren txapela zuri-gorria.

TXAPELAK. Aspertzeraino entzun dogu Athletic-ek, aurtengo Superkopa irabazi arte, 31 urte eroazala txapelketarik irabazi barik, eta ez da egia osoa. Gizonezkoen azken txapelketa 1984ko Kopa bada bere -urte horretan euren historiako bosgarren dobletea lortu eben; gehien dabezana da-ta-, emakumezkoen taldeak lau Liga txapelketa lortu ebazan 2002tik 2007ra, taldea sortu eta lehen hiru urteetan errenkadan -eta atzo bertan Cotif torneoa irabazi eben, zorionak!-. Halandaze, hamarkada bat bere ez eroazan Athletic-ek txapelketarik irabazi barik, ez gehiago.

Superkopa ez leukela jokatu behar bere entzun izan da, ez ebalako taldeak Liga ez Koparik irabazi igaz. Baina 1990etik aurrera txapelketako finala urtero jokatu da, talderen batek dobletea irabazi ezkero Kopako txapeldunordea konbidatuta. Halan irabazi eban txapelketa Bartzelona berak 1996an -eta Mallorcak 1998an-. Aparte, gertatu izan da antzekorik beste txapelketetan bere. Bartzelonarekin jarraituta, munduko talderik onena deitua danak Txapeldunen dema irabazi eban igaz, aurreko urtean txapeldun izan barik -ez eban ezer irabazi, Athletico Madrilek irabazi eban Liga-ta-; baina lau lehenek jokatzen dabe Champions txapelketa.

 

BELAUNALDI BAKOITZAK BEREA. Athletic zaleak harrotasunez agerten dau bide propioa aukeratu izana egungo futbol modernoak beste bide bat daroanean. Baina txapelketen neurria -Superkopa txikia dala-, garaipen bako tarteak eta ospakizunak antolatzeko orduan, kostaten jako diskurtso ofizialari ez jarraitzea -Madril eta Barçak agindutakoa-; eta propioa garatzea.

Titulurik irabazi barik hogeita hamaika urte egin izan ezkero bere, komenidu da gogoratzea urteroko uzta jasotzera ohiturea daben Bartzelona eta Real Madril kenduta -azpitik dira Athletico, Valentzia eta Sevilla; gainetik zuri-gorriak-, talde bakotxak loria ilauna izaten dauela historia osoan zehar. Hego Euskal Herrian, adibidez, Osasunak Kopa finala jokatuta 2005ean izan ebana, Alaves-ek UEFA finala jokatuta 2001ean, eta Errealak 80ko hamarkada hasierako taldeagaz, bikainetan bikain -ez dogu ahaztu 1987ko Kopa bere (ezta 1909koa), nasai-.

Athletic zaleak, euren aldetik, esan leikie belaunaldi bakotxak izan dauela bere titulua ospatzeko aukerea. Egun aitxitxe amama diranak 1955-56ko dobleteak, hamaika baserritarren talde ahaztu ezina-; gurasoak 80ko hamarkadan Errealari txanda hartuta, Clementek zuzendu eban taldeagaz; eta umeak, harainegungo garaipenaz gaine zelaian galdu arren galerarik ekarri ez deutsozan finaletan eta, batez bere, emakumeen taldeagaz.

 

Gabarra eta tabarra, ospakizun bat (bideoa)
Neskak bostetik Ligak lau, sardina bakalau!

EMAKUMEZKOEN TALDEA. 2002an sortu zanetik lau bider izan da txapeldun Athletic emakumezkoetan -ez dau erronka makala Ibaiganeko zuzendaritzak etorkizunerako, bi taldeak parekotzen; al bait lasterren egin beharra-.

Txapelketak irabazi arren, emakumeek sekula ez dabe Gabarra zapaldu. Bilbon, bere garaian, eztabaida biztu eban kontuak. Zuzendaritzak esan ebanez, gizonezkoak eben erakarpen indarra ez ebenez, jente gitxiago hurbilduko zan ospakizunetara. Taldeak ederra galdu eban aukerea zaleari poza azaleratzen itxi eta, batez bere, emakumeei jagoken tokia autortzeko.

 

GABARRA (ditxosozkoa). Komunikabideen matrakaren eraginez (gurago badozue tabarra), Gabarrak aspaldikoa emetzen dau, baina kontu modernoa da Athletic taldearentzako. 1983an ospatu eban lehenengoz taldeak Liga garaipena Gabarran, eta hurrengo urtean berriro, dobletea gainera. Halandaze, bi aldiz baino ez dabe jokalari zuri-gorriak Bilboko itsasadarrean gora egiteko erabili. Eta itxaron beharko dau hirugarrenez nabigateko, taldearen zuzendaritzak harainegun ez ateratea erabagi eban-ta; barriro be huts galanta, gure ustez.

Emakumezkoek Ligak irabaztean hartutako jarrerari sinisgarritasuna emetzera dator erabagia -askok benetako errazoiak zalantzan jarten genduzan arren-, orain orduan lez bilbotarrak oporretan egoneran bazterretan behar beste zale egongo ez zala esaten eban tesietako batek-ta.

Horretxegatik, autobusez eroan ebezan jokalari zuri-gorriak batetik bestera, bere garaian emakumezkoak lez -oker ez banaz, orduan kamiona gainean egin ziran ospakizunak-. Argazkietan ikusten dan jendetza kontutan hartuta baina, eta hitzordua aurretik ondo antolatutu ezkero, aurten bere zaleak (eta asko ziran Udaletxe aurrean) Gabarraren itzulereagaz gehiago gozauko ebala begitantzen jaku.

Gabarra eta tabarra, ospakizun bat (bideoa)
Athletic gabarra, kieto-parau.

Beste tesi batek defenditzen dau Superkopa ez dala Gabarra aterateko besteko txapelketa -maiatzean Kopa irabazi ezkero nabigazioarako prest egoan baina-. Eta zeren zain gagoz, Txapeldunen Liga irabazteko zain?

Badakigu ez dagoala ezkontza bat urtebetetze batekin konparatzerik, baina ospakizunera konbidatu ditugun lagunak kontutan hartea be komenidu da. Zuzendaritzako kide guztiek eta San Mamesera bi domekatik behin joaten diran gehienak egonak dira Athetic-en familiako ezkontzaren batean, jokalariengandik gertu, baina belaunaldi barria, gazteetan gazteena, urtebetetzea topera ospatzeko desiatzen egoan, aitxitxe amamei entzundako kontu zaharrak eurona egitekoa.

 

“HERRITIK SORTU ZINELAKO…”; halan dino ereserkiak. Baina ospakizuna instituzionala izan da erabat, Begoñako elizatik -ondino abadeen sotanapean gagoz?- Aburto alkatearengana hasteko eta Rementeria Ahaldun Nagusiarengana gero, agintarien loriarako. Eta bien bitartean, zaleak batetik bestera -Lezamatik Begoñara, Begoñatik Udaletxera eta Udaletxetik Aldundira-, bi harreretan jokalariak balkoira noiz urtengo.

Ez dagigun ahaztu non dauen taldeak indarra: “Maite zaitu herriak” jarraitzen dau ereserkiak, “Athletic gu gara” dinoe jokalari ta zaleak.

Ospakizunegaz bete betean ez dala asmau begitandu arren, ez larritu. Zorionez, laster bueltauko gara!

.

Zer inporta dau (Superkopa) titulu txikia izeteak poza handia bada?

Gabarra eta tabarra, ospakizun bat (bideoa)

Zer duzu buruan “Gabarra eta tabarra, ospakizun bat (bideoa)”-ri buruz

  • Tabarra ederra, Zuzeukoek athleticekin ematen duzuena … jode…