G7a Biarritzen, ihardokitzea antolatzen

G7a Biarritzen –

Agorrilean Biarritzen iragan beharra den G7-aren kontrako ekintzak antolatzen ari da G7EZ plataforma, zailatasunak zailtasun. Adibidez, borroka ezberdinen interkonekzioa plantan ezartzen ari dira. Hara horren guziaren berri.

G7a Biarritzen

Pasa den apirilaren 18an Euskal Herriko G7EZ ! plataformak prentsaurreko bat eman du Baionan, prefetarekin bildu ondoren. Bertan jakinarazi du eta gogor salatu ere, frantses administrazioak Ipar Euskal Herriko eremu zabal batean ez zuela baimenduko G7ren kontrako mobilizaziorik. Ondorioz holako ekimenak antolatzeko aurreikusitako azpiegiturak lortzeko (Baionako fakultatea kasu) inongo aukerarik ez. Bestalde, kontra-gailurra Akizen egiteko Estatuko ordezkarien proposamena ukatu zutela azaldu dute plataformako ordezkariek. Horren parean, kontra-proposamena planteatu eta gauzatzeko borondate firmoa adierazi dute: hots, G7aren aurreko egunetan konferentziak, herrixka alternatiboa bai eta herri mobilizazio handia ere Hendaia-Irun eskualdean egitearena. Dirudienez, prefetak onartuko luke zenario berria. Bere aldetik Hendaiako auzapezak G7aren kontrako mobilizazioak ulertzen dituela aitorturik ere, zailtasun logistikoak azpimarratu ditu.

Baimen eta debekuen artetik

Azkenik plataformak gailurra baino hilabete bat lehenago, uztailaren 13an, larunbatarekin, Biarritzen G7 eta bere munduaren kontrako manifestaldia konbokatzeko asmoa zabaldu du. Aldiz, gailur denboran antolatuko diren desobedientzia ekintzez ez du oraindik deus komunikatu G7EZ! plataformak.

Agorrileko mobilizazioak baimen eta debekuen artetik definitzen diren bitartean, G7a prestatzeko hitzorduak finkatu bezala betetzen ari dira Frantzia mailan. Gizon eta emazteen arteko berdintasunerako Aholku batzordea osatu da Parisen, Macronek finkatu dituen lehentasunak gogoetatzeko. Apirilaren 4 eta 5ean Parisen bildu dira zazpi herrietako barne ministroak. Adosturiko adierazpenak besteak beste, migrazioei buruzko seguritate obsesioa berresten du, pertsonen joan etorrien kontrola Europatik kanpoko herrialdeetara desplazatuz eta migranteen askatasun eta giza eskubideak zangopilatuz. Apirilaren 5 eta 6an Saint-Malon bildu dira Kanpo Harremanetarako ministroak eta munduko egoeraren irakurketa plazaratu dute Estatu dominanteen ikuspegitik, herri eta populuentzako ikasgai eta iradokizunez beterik. Maiatzaren 5 eta 6an Metz herrian ingurumenaz hitz egiteko bilduko dira Estatuetako ordezkariak eta horrela, agorrila arte, gai desberdinak landuko dituzte, Biarritzeko Estatu buruen bilkura prestatzeko. Halere G7ak nazioartean izan litzakeen eraginaz aparte, argi da Frantzia mailan bestelako funtzioa ere baduela: Macronen irudia hobetzeko komunikazio operazioa.

Ihardukitzea eta mobilizazioak

Denbora berean ihardukitzeak eta mobilizazioak antolatzen ari dira. Saint-Malon G7 eta bere munduaren kontrako plataforma sortu da eta Metzen kontra-gailurra antolatuko dute. NDDL-eko ZAD-n eraiki ambazadaren inguruan sortu eta bi urtez iragan zen aste intergalaktika agorril hondarrean Euskal Herrian antolatuko dela jakin dugu, borroken inter konexioa gai nagusia izanik. Jaka horien aldetik ere bada mugimendu. Apirilaren 8an Saint-Nazairen bildu den asanbladen Asanbladan (800 delegatu bildurik), G7aren karietara mobilizaziora deitzeko asmoa aipatua izan da. Ekainean burutuko den hurrengo Asanbladak azkeneko erabakia eta deialdia adostuko ditu. Bitartean martxoaren 29an “G7ari alternatiben plataforma” aurkeztu zen Parisen, 25 eragile bilduz : ATTAC, Conf. Paysanne, CRID, Amis de la terre, CCFD, LDH, OXFAM, etab.

Bere aldetik G7EZ! plataforma
hedatzen ari da.
46 dira gaur egun
deialdia izenpetu duten
eragile, sindikatu edo alderdiak (www.g7ez.eus)
eta erregularki biltzen dira
erabaki nagusiak hartzeko.

Agorrileko mobilizazioetan parte hartzera deitu duten ekimen guzti horiek Euskal Herriko plataformarekin elkarlanean aritzeko nahikaria azpimarratu dute, hemen finkatu behar eta helburuak kontutan hartuz. Bere aldetik G7EZ! plataforma hedatzen ari da. 46 dira gaur egun deialdia izenpetu duten eragile, sindikatu edo alderdiak (www.g7ez.eus) eta erregularki biltzen dira erabaki nagusiak hartzeko. Horrez gain Iparraldean eta Hegoaldeko herrialde bakoitzean koordinazio guneak funtzionatzen dira. Bilkura publikoak antolatzen hasi dira eta ondoko asteetan biderkatuko dira, plataformaren helburuak azaltzeko eta mobilizazioak antolatzeko.

Plataformari juntatu nahi duten eragile guztiak eta lagundu nahi duten pertsona oro ongi etorriak dira (info@ g7ez.eus). G7 eta bere munduari ezetz errateko, Euskal Herritik bestelako mundu bat eraikitzeko denen beharra bada.

Jakes Bortairu

G7a Biarritzen

G7a Biarritzen  G7a Biarritzen

Helduen euskalduntze alorreko langilea, BATERAko kidea eta Abertzaleen Batasuneko militantea.