Futbolean oso txarra nintzen

Ni futbolean oso txarra nintzen. Lehenaldian diot, orain ona banintz bezala, zalantza airean utziz. Errekreoetako partiduetan azkena aukeratzen zuten horietakoa nintzen, tira ez, batzuetan Urtzi aukeratzen zuten azkena. Baina bera edo ni izan, biok elkarrekin bukatzen genuen portxetan Dragoi Bolaz hitzegiten-edo. Baina bai, oso nintzen txarra. Nire bokazioa ikusita, ikastolako gelako hondartza futbol taldean defentsa postuan jarri ninduten. Hondarretan menditxoak eta ubideak egiten nituen aurrelaria labana gurinean bezala arean sartzen zen bitartean. Zenbat purrustada jaso ote nuen lagunen partetik, zenbat gurasok egin ote zuen negar irriz, ni hain inuzente hondarretan jolasean ikusita. Egun batean ikasi nuen baloia ezin zela eskuekin ukitu, ez dut ahaztuko egun hura.

Ez dut sekula ahaztuko buruz gola sartu nuen igandea ere. Korner batean izan zen. Baloiari nik eman nion, ala baloiak eman zion nire buruari asmatzea zuen imaginazioarentzat utziko dut. Kontua da denak gainean sentitu nituela, dena zela harridura, eta animoak, eta txaloak. Eta nire aitak lehenengo aldiz harro egoteko motiborik sentitu zuen alboko marratik. Egun hartan jakin nuen handitan futbolari izango nintzela. Gero ordea konturatu nintzen berriz ezetz.

Eta horrela. Bizi osoan zehar jolastu (eta ez jokatu) izan dut Zarauzko plaieroetan. Oraindik ere jolasten dut lagunekin egindako talde handi batean, senior ligan. Orain ordea ez ditut hondarretan menditxo eta ubideak egiten, baloiari adi izaten saiatzen naiz. Eta batzuetan lortzen dut.

Debolexek egindako dokumagazin ederra Zarauzko plaieroez:

Ekaitza bainuontzi batean