Frantses bidea utzita, 10. etapak Araban murgildu du EuskarAbentura

Frantses bidea utzita, 10. etapak Araban murgildu du EuskarAbentura –

Juan Carlos Medina Añanako alkateak eta Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskara Zuzendariak eman diete ongietorria Añanan.

10 egun joan dira EuskarAbentura 2022 espedizioa bizitzen ari diren 128 jzioquitarrak Maulen elkartu eta abentura nomadari ekin ziotenetik.

Aurreko bost egunak Nafarroa Garaian barrena eman dituzte, Donejakue bide frantsesak markatzen duen ibilbidearen zati bat osatuz: 103 km orotara, 150 baino gehiago Mauletik atera zirenetik.

Lizarran hasi dute eguna atzo. Autobusez mugitu dira Yuso monastegia (Errioxa) bisitatzera eta gero, autobusez baita ere, Añanara iritsi dira.

Orain Araba dute begi aurrean, lurralde honetan osatuko baitituzte datozen lau egunetako etapak; Barnealdeko Donejakue bidea jarraituko dute, baina kontrako norabidean, ipar-mendebalderantz.

UZTAILAK 10: Lizarra -> Donemiliaga Kukula -> Añana

EuskarAbentura 2022 espedizioaren 10. etapak Araban murgildu ditu jzioquitarrak. Atzokoan ez dute kilometro bakar bat ere egin oinez, baina egun oso-osoa izan da hala ere.

Frantses bidea utzita, 10. etapak Araban murgildu du EuskarAbenturaGoizean goiz abiatu dira Lizarratik, autobusez, Errioxara. Donemiliaga Kukula herriko Yuso monastegia bisitatu dute, eta bertan ulertu dute espedizioaren ‘Jzioqui dugu!’ leloaren zentzua. Izan ere, euskaraz idatziriko inoizko esaldirik zaharrena da ‘Jzioqui dugu’ (orain arte aurkitutako zaharrena bederen), eta hain justu Yuso monastegian gordetako latinezko liburu batean topatu zuten, bazter batean ohar edo glosa modura idatzirik. Adituek diote 1000. urtean idatzi zirela Donemiliagako Glosak eta, esanahia guztiz argi ez badago ere, ‘Piztu dugu’ izan liteke itzulpen fidelena.

Monastegi alboko belazean bazkaldu ondotik, berriro ere autobusez, Arabaranzko bidea hartu du espedizioak. Añana izan dute helmuga, eta bertako gesaltzen paisaia eta historia bertatik bertara ezagutzen eman dute arratsaldearen lehen partea.

Horren ostean, EuskarAbentura 2022 espedizioa arabar lurraldean sartu denez gero, ongietorri instituzionala jaso dute espediziokideek. Juan Carlos Medina Añanako alkateak eta Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiaren Euskara Zuzendariak hartu dituzte.

Juan Carlos Medina Añanako alkateak “harrotasuna” sentitzen duela esan du, alkate eta herritar gisa; EuskarAbentura espedizia hirugarren urtez bertatik pasatzea “ohorea” delako. Eta Añanako gatzagen berri zabal dezatela ere eskatu die gazteei: “Itzuli zaitezte, familiarekin eta lagunekin, ongietorriak izango zarete eta”.

Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiaren Euskara Zuzendariaren hitzetan, “liluragarria” da hainbeste gazte euskaldun Añanan batuta ikustea, eta aitortu du espero duela jzioquitarrekin batera euskara ere “are gehiago” sartzea arabar lurraldean. Jzioquitarrei aholkatu die probestu dezatela EuskarAbentura disfrutatzeko eta euskara erabiltzeko: “Agian oraindik gazteegiak zarete jabetzeko, baina sekulako altxorra duzue, eta laister konturatuko zarete nolako balio erantsia duen euskaraz ikasteak eta lan egiteak”.

Gaua Añanako igerilekuko belazean igaroko du espedizioak; izarrak behatzeko eta konstelazioak identifikatzeko ‘bibaka’ egingo dute. Uztailaren 11n, bestalde, oinezko bideari helduko diote berriz, Argantzunerantz, Trebiñun.

.

EuskarAbentura 2022 espedizioa

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 16-17 urte bitarteko 128 gazte euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera daramatzan oinezko espedizioa da EuskarAbentura. 2018ko eta 2019ko udan izan ziren aurreneko bi edizioak, EuskarAbentura izeneko eta irabazi asmorik gabeko elkarte euskaltzaleak bultzatuta. 2020an, aldiz, pandemiak galarazi zuen, eta 2021ekoa ere osasun larrialdiak baldintzatu zuen neurri handi batean.

Baina 2022an EuskarAbenturak jatorrizko izaera berreskuratu du, eta ibiltaria izaten ari da berriro ere. Hilabetez, uztailaren 1etik 31ra bitarte, Mauletik Getxora arteko bidea osatuko dute 31 etapatan; 700 kilometro baino gehiago orotara, horietako 500 oinez.

EuskarAbenturazaleek aldean eramango dute hilabeteko espediziorako behar duten guztia, besteak beste, lozakua eta estera, kantinplora, jateko ontziak eta tresnak, nezeserra eta arropak. Nomadek frontoietan, kiroldegietan, eskoletako aretoetan hartuko dute aterpe.

Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural anitzeko gazteak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezin hau euskaraz bizi dezaten nahi du EuskarAbentura ekimenak.

Bidean, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako leku eta eraikinak bisitatuko dituzte, baita Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalaren adierazle diren beste asko ere: Orreagako Kolegiata, Donemiliaga Kukulako Yuso eta Suso monastegiak, Añanako Gesaltzak, Amaiurko gazteluaren hondarrak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria; Ekain, Zugarramurdi nahiz Santimamiñeko leizeak; Euskal Kostaldeko Geoparkea; eta Gernikako Juntetxea eta Bizkaia zubia, besteak beste.

Frantses bidea utzita, 10. etapak Araban murgildu du EuskarAbentura

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude