Franko eta Eliza uztartu zituen kartzela

Franko eta Eliza uztartu zituen kartzela –

Benetan eskertzen diegu “Apaiz kartzela” zinemara eraman dutenei. Diktadurako milaka atxilotuen ondoan Zamorako taldea talde txikia da, 53 lagun soilik, baina bai aipagarria. “Abade Kartzela”, munduan bakarra izan da. Baina, adi! Non eta Erregimen hiper-katolikoenean, nazionalkatolizismoa sortu zuenean. Denbora laburrean, 1968tik 1975era bitartean, ekintza gogorrak bizi izan zituen: ihesteko zuloa, eraikinari su eman, hainbat gose greba eta zigor ziegak. Edozein ikusmiratik begiratuta, betidanik erakarri du hedabideen atentzioa. Ez da harritzekoa zinera eramatea.

Franko eta Eliza uztartu zituen kartzela

Altxamendutik gaurdaino Elizak eta Estatuak bat egin dute, elkarri eutsiz eta babestuz. Garaile irteten lagundu ziolako, pribilegioz hornitu zuen Frankok Eliza. Konkordatua da beren hartu-emanen ituna. Kontraesanez josita baldin bada ere, akonfesionaltasunarekin adostearren makillaje baten ondoren Konstituzioan sartu zuten  eta bertan dirau. Monarkiarekin batera,  Konkordatua da Frankoren ondare bikainetakoa, sistemaren zutabe nagusiak biak.

Beraz, hasieratik amorru bizian ahalegindu ginen Konkordatuaren ikurra zen kartzela salatzen eta ahal genuen neurrian apurtzen, ihesteko zuloa eginez eta azkenik su emanez. Ezin genuen jasan bi botereen artean gezurraz eta higuinaz sortutako espetxe maltzurra. Franko eta Eliza uztartu zituen kartzela zen. Frankok eragindako errepresioaren neurria eman zuen. Kartzela gaitzesten bagenuen, ordea, ez zen bertako kondizio txarregatik, baizik bere esanahi eta jatorri politikoagatik.

Abade oldartuek arrazoi askogatik egin genion aurre frankismoari: euskara eta Euskal Herriaren izaera suntsitu nahi zuelako, langileriaren grebak gogor zigortzen zituelako, belaunaldi oso bat, milaka gazte, sistematikoki atxilotu, torturatu eta espetxeratzen zituelako. Eginahalak egin genituen, pulpitutik hasita; agiriak erruz, gose grebak eta itxialdiak, Deriokoa azkena. Oro har kondenatu genuen diktadura, Estatu-terrorismotzat joaz eta Eliza babesle gisa. Hitz batean, sistema politiko osoa eta Eliza biluzik laga genituen herri osoaren aurrean.

Jakina, halako oldartzea ondotxo ordaindu behar izan genuen geure larrutik. Izun piloa, zuzenean kartzelara eramatea, bidean hamazazpi torturatu; hilabetetako eta urtetako atxiloketak. Zortzi epai militar sumarisimo hemeretzi laguni; hamaseiri 11 epai TOP tribunaletan. Gose greba bategatik 10 eta 12 urteko zigorrak. Kartzelan gaixotu eta ardura-ezagatik hila ere izan genuen, Nikola Telleria. Hura ere urruneko kartzela zen, kartzela diskriminatua; egoiliarrak ugaltzean, espazio eta instalaziorik ez; urritzean, berriz, azkenaldera sei lagun, bizibide bakartiegi eta gogorra, Gaztelako hotz eta beroaldi larrienak lagun.

Tamalgarria da historia hau, diktadurako beste espetxeena bezala, isiltasun lotsagarrienean jausi izana. Egiteke dago presoekiko azterketa, torturarekiko antzekoa. Ez Estatuak, ez eta Elizak ere, ez dute kondenatu. Garaia da. Epaitegi frankisten sententzia eta kartzela oro gaitzetsi behar genuke, konkordatarioa barne. Memoriaren Lege berriak ere eskua sartu behar  lekioke. Nola ez?

Franko eta Eliza uztartu zituen kartzela

Zamorako preso oiha

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude