Gobernu erakundeek fracking proiektua bertan behera uzteko manifestazioa egingo dute Gasteizen

Frackingak kezkatuta ditu arabarrak. Patxi Lopezek proiektua 2011ko urrian iragarri zuenetik, fracking edo haustura hidrauliko bidez lur azpiko gasa erauzteko mehatxuak Arabako lur gaina aztoratu du. Fracking ez! plataformak lan gogorra egin du nazioarteko kasuak aztertuz eta teknikaren nondik norakoen inguruan ikertuz. Ondorioa argia atera dute: Fracking ez hemen ez inon.

Arabatik haratago (gasa penintsulako iparralde ia osoan dago sakabanaturik) mundu mailan ere zalaparta piztu du Texasen jaiotako teknikak; Gasland dokumental sarituak salatu zuen fracking-ak inguruneak kaltetzeko duen ahalmena (lurrikarak, ura kutsatu, gas ihesak…).

Une honetan PP eta PSE-EE dira fracking teknika Araban aplikatzearen alde dauden alderdi politikoak. Argudiatzen dute 60 urteko autonomia energetikoa eman dakizkiokeela gasak EAEri. Dagoeneko zundaketak hasteko baimenak emanak ditu Eusko Jaurlaritzak, nahiz eta epe motzean ez den lanekin hastea espero. Hein handi batean, datorren Jaurlaritzaren araberakoa izango da haustura hidraulikoaren proiektua.

EAJk, gaur gaurkoz, proiektuaren aurkako iritzia du, baina ñabardurekin, ez baitu beste teknika molde batzuekin gasa erauztea berez txartzat jotzen. EH Bilduk eta gainontzeko alderdi ezkertiarrek haustura hidraulikoaren kontrako jarrera dute. Ez bakarrik ingurumenari eragiten dion mehatxuagatik, baizik eta erregai fosilen aroa amaitutzat jotzen dutelako. Energia berriztagarrietan inbertitzeko hautua egiten dute alderdi politiko hauek. Javier Maroto Gasteizko alkateak ere, alderdiari kontra eginez (zenbateraino den itxurakeria beste auzi bat da) Green Capital eta gas proiektua bateragarria ez direla dio, eta udaletik ikerketak hasteko oztopoak jarri ditu. Gas aurkikuntza publiko egin zenetik urtebete igaro den honetan, informazio jarioa apaltzen ari da. Baina, elkarte ekologisten artean mesfidantza da nagusi.

Mikel Otero Fracking Ez! plataformako kideak joan zen ostiralean Arabako Hitzan galdera hau luzatu zuen azken asteetan proiektuen inguruan izan den informazio gabeziaren zergatia azaltzeko. “Geldirik al dago frackinga?”. Erantzuna ezezkoa da, “informazioa ezkutuan” darabilte orain bai instituzio publikoek bai enpresek. Gauzak horrela, urriaren 6an, larunbata, manifestazio erraldoia ikusi nahi dute plataformako kideek Gasteizko kaleetan (Bilbo plazatik, 18:30etan). Santader hirian ere Kantabrian gasa erauztearen aurka aterako dira kalera. Gobernu erakundeei mezu argia helarazi nahi diete. Arabarrek eta gainontzeko lurraldeek ez dezaten kezkarik izan, behingoz har dezatela proiektua eteteko konpromisoa: Fracking ez hemen ez inon.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu “Gobernu erakundeek fracking proiektua bertan behera uzteko manifestazioa egingo dute Gasteizen”-ri buruz