Filtrazio mundialak (edo gure bazterrak nola nahastu)

elmfIa gatazka bezain zaharra da Espainiako hedabideen eta Barne Ministeritzaren arteko harreman estua. Esku batean sekretupeko sumarioa eta bestean prentsarentzako filtrazio interesatua. EPPKko bitertekarien sarekada egin zenetik El Mundo egunkaria egun batean bai eta hurrengoan ere bai, pilulak bailiran filtratzen ari da gero Euskal Herrian egiatzat jo diren dokumentu zakua. 

Burrunba mediatiko itzela dabil azken asteetan. Iskanbila artifizialei eta filtrazioei esker batez ere. Euskal gatazkak Espainiako agendan burua erakutsi du aspaldiko partez, bakearen aldekoen kontrako diskurtsoarekin bada ere. Parot doktrina-ren baliogabetzearen ondoko sutik gaurko txingarra. Bitartean, abenduaren 28ko EPPKren adierazpena, Durangoko agerraldia, polizia sarekada, manifestazio debekatuaren aurreko erronka, ETAren barne-agiria eta El Mundok kaleratutako bake biderako proposamenak.

Informazio uholde honek guztiak Espainian hiru letrarekin laburbiltzen den auzia azaleratu du. Gaur bertan Garak argitaratu duenez, FAES fundazioak ETAren itzulera jarri du mahai gainean, hipotesi erreala bailitzan. Ez da harritzekoa, tamalez, Mariano Rajoy Espainiako presidenteari Antena3 telebista katean egin zioten elkarrizketan kazetariak egindako iruzkina: “Ekonomia hobetuz doa, baina politikoki okerrera doa Espainia. Kataluniako hordago subiranista eta ETAren berpizkundea”. El resurgir de ETA. Zerk elikatzen du tamainako gorotza milioika ikusleren aurrean egiten duen kazetaria?

El Mundo

Urtarrilaren 8ko sarekada txapuzeroaren ondotik El Mundo egunkariak izan du Guardia Zibilak harrapatutako dokumentu eta entzuketa guztien esklusibitatea. Fernandez Diaz eta enparauen interesentzako ideia bikaina izan da filtrazioak egitea, Angeles Escriva kazetariaren luman utziz propaganda haizatzea.

Erdi-gezur eta erdi-egien nahasmahasean El Mundok urtarrilaren 14an argitaratu zuen ETAren barne agiriaren benetakotasuna baieztatu zuen Garak. Astelehenarekin Pedro J. Ramirezen egunkariak albistea eman zuen: EAJk eta Sortuk bakerako bide-orria hitzartu zuten. Ordu gutxira Jaurlaritzako bozeramaile Erkorekak akordioa ukatu zuen, baina filtratutako proposamena benetazkoa zela baieztatu zuen. Sortuk gaitzetsi egin zuen Erkorekak filtrazioaren gainean emandako azalpena. Bada, gaur, El Mundoren arabera, Sortuk ere bidali zion Jaurlaritzari beste bide-orri bat.

Azken asteetan Espainiako Ministroak bere eskuin esku mediatikoaren laguntzaz agenda politikoa lekuz aldatzea lortu du. Haiek txirula jo eta Euskal Herrian dantza. Egia da filtratu edo leak egindako edukien gainean hemengo begiradatik interpretazio interesgarriak egin daitezkeela. Eta, zeresanik ez, jakingarria da bai ETAren zein alderdi politikoen jarreren berri izatea. Baina, komenigarria da jakitea? Espainian argi dute datorrena: El Resurgir de ETA. Ez da ziegetako ateak zabaltzeko akuilu egokiena.

Jakina da fokuetatik kanpo egiten dela lan konplexuena, berdin sukaldaritzan ala politikan. Ea nork ateratzen dituen orain babak heltzetik.

 

bakea, El Mundo, ETA, fernandez diaz, filtrazioak, Gezurra, hedabideak, manipulazioa, prozesua

2 pentsamendu “Filtrazio mundialak (edo gure bazterrak nola nahastu)”-ri buruz

  • Betidanik espainolismoaren komunikabideek paper berbera jokatu dute Espainiak Euskal Herria zapaltzearen alde, gezur asko eta egi gutxi nahasiz gure aurkako borroka militarra eta politikoa ezinbesteko osagarri moduan.
    .
    Ados nago El Mundoren informazio horiek “gorotza” direla esatearekin. Baina deigarria da ikustea norberari komeni zaionean iturri eta helburu politiko berberak dauzkaten beste gorotzei ematen diogun sinesgarritasuna. Esaterako:
    .
    “GABONAK BAINO LEHEN ETA ARMAK ENTREGATZEN HASIKO DA, EFE AGENTZIAREN ARABERA”
    https://zuzeu.eus/2013/09/12/gabonak-baino-lehen-eta-armak-entregatzen-hasiko-da-efe-agentziaren-arabera/
    .
    Gure nahi poltikoak asetzen ez badituzte “gorotza” omen dira, aldiz, gure gustukoa baldin badira informazio sinesgarri moduan ematen diegu oihartzuna.

  • Botere mediatikoaren eskala inperiala da:
    1. Hedabide inperialistak (Le Monde, Le Figaro, El País, El Mundo)
    2. Hedabide kolonialistak (Sud Ouest, El Correo, El Diario Vasco, Diario de Navarra)
    3. Hedabide kolaborazionistak (Le Journal du Pays Basque, Grupo Noticias, Gara/Naiz)
    4. Hedabide konstituzionalistak (Berria?)

    Kolonialismo egoeran, eskala honetan beherago dauden guztiek jokatzen dute goikoen dantza. Hedabide konstituzionalistek euskal boterea ezartzen duten arte jarraituko du eskala inperialak indarrean, eta hori ezkerraren eta eskuinaren arteko borroka mediatikoa hizkuntza nazionalaren baitan ematen denean iritsiko da soilik. Euskara da gure territorio libre bakarra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude