Filmak euskaraz

MTQxMQ==

Josu Barambonesek ETB1eko ikus-entzunezko itzulpen lanak aztertu ditu. Eta, hain zuzen ere euskarazko itzulpenei hainbatetan kritikatu izan zaiena agerian utzi du ikerketa honen bitartez. Itzulpena eta jatorrizko testuak konparatu ostean, euskaraz lexiko zintzoagoa erabiltzen dela dio.

Ahoskeran ere, Euskaltzaindiaren arauak erabiltzen dituzte ahozko irakurketarako. Jatorrizko bertsioetan, aldiz, askotan ahozko hizkuntzara hurbiltzen diren bitartean.

Jatorrizko testuek, sintaxi mailan ere, ahozko erregistroaren antz handiagoa dute, itzulitako testuek baino. Azken horiek kohesio maila handiagoa baitute.

Tesiaren egilearekin bat nator, itzulpengintza, eremu urriko hizkuntzetan (gurea kasu) oinarrizko kultura-ekintza dela esaten duenean. Normalizaziorako eta biziraupenerako ekarpen handia egiten duela baieztatzen duenean. Eta itzulpengintzaren alorrean lan egiten dutenek euskararen alde lan handia egin dutela ere gehituko nuke.

Baina susmoa dut, euskarazko itzulpengintzak beldurra duela ahozko formetara jotzeko. Noiz ikusi ahal izango ditugu filmetan gazteak, gazteen argotean hitz egiten? Noiz herri xehea, herri xehea bezala hitz egiten? Kalean hitz egiten den bezala? Ez ote litzateke era horretan sinesgarriagoa? Errealitatera hurbiltzeak ez baitu esan nahi hizkuntza pobreagoa erabiltzea.

Irudia | cowboy | zz | Creative Commons By SA
ETB1, euskara, itzulpengintza

3 pentsamendu “Filmak euskaraz”-ri buruz

  • Ni berriz, pelikulak bertsio originalean eta azpititulaturik ikustearen aldeko naiz! Sinesgarriago eta interesgarriagoak izateko biderik onena.
    Ez dut ulertzen zergatik ez den aukera hau gehiago bultzatzen!

  • Biokin ados. Bietatik behar da, bertsio originala azpitituluekin baina baita ere errealismo handiagoaz egindako bikoizketak. Nik uste sektore honek bultzada behar duela. Katalunian zorte handiagoa daukate. bikoizketa estudioak , aktore bikoizleak. aipatu izan da katalunian egiten direla bikoizketa asko, eta askotan gaztelerara bikoizketa egiten duten aktore berberak katalanezkoa egin ohi dutela. oraintxe dabil han eztabaida bero-bero, zinemaren lege katalanarekin.

  • Gogo onez irakurriko dut Josuren tesia argitaratzen dutenean, oso interesgarria iruditzen baitzait gaia.
    Bitartean, apunte inpresionista bat egin nahi nuke marrazki bizidunen itzulpenei buruz.
    Nik, neure haurren adinagatik, modu intentsiboan jarraitu nituen bere garaian Sin Chan eta Doraemon telesailak ETB1en. Doraemon gaztelaniaz ere ikusi dut noizbait, eta bi hizkuntzetako itzulpenak eta doblajeak (biak itzulpen baitira noski) paretsuak egin zitzaizkidan belarrira. Baina, Sin Chan telesailaren kasuan, aldeak izugarriak dira, eta neure ustez euskarazko bertsioa bikaina da gaztelaniazkoaren aldean, kontuan izanda telesail hori (bere hala behar ote zuen beste kontu bat da) haur txikiei begira bota izan dela eta botatzen dela oraindik ere telebistetan. Gaztelaniazkoak, beharbada, “kaleko” hizkera erabiliko du, baina gordina, traketsa eta sinesgaitza gertatzen zait. Euskarazko bertsioak ikusi eta egoera berberak beste era batera ulertzen eta interpretatzen dira. Telesail horrek islatzen dituen baloreak zalantzan jartzekoak dira neure ustez (emakumearen rolak adibidez), baina euskarazko bertsioan oreka bat ikusten dut gertatzen denaren eta erabiltzen diren hitzen artean. Ama, adibidez, ezin histerikoagoa da gaztelaniazko bertsioan. Euskarazkoan, askoz ere leunduagoak daude bere hitzak, doinua… Haurrentzako produktuez ari garelarik, uste dut hori ere hartu behar dela kontuan, eta behar denean goraipatu ere egin behar dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude