Fikziozko eztabaidak: “Hitlerrek ere boto asko jaso zituen”

frustracionAtzo Plato 2.0 ETB2ko saioa bero-bero zetorren. Hauteskunde emaitzak eta ondorengo paktuak izan zituzten aztergai. Hala ere, Bildu izan zen eztabaidaren muina. Entzundakoak entzunda, batak eta besteak mundu ezberdinetan bizi direla besterik ez da agerian gelditu.

Nortzuk zuten hitza?

Legebiltzarkideak izan ziren gonbidatuak. EAJ, PSE, PP, Aralar, EA, EB…eta UPyD. Datu bat: UPyDk Etxebarriako La Voz del Pueblo alderdiak baino bozka gutxiago lortu ditu Hego Euskal Herrian, 2.500 inguru, eta zinegotzi bat ere ez.

Sei gonbidatuetatik bakarra zen emakumea, Aintzane Ezenarro. Hika-miketan eta oihu (maskulinoen) artean lotsatuta sentitu zen eta azpimarratu zuen eztabaida horretan ematen ari ziren itxura kaxkarra. Pastor, Barreda eta Maneiro gainean izan zituen hitzetik hitzera etendu nahian.

Anti-Bildu

Eztabaidaren muina: PP-PSOE-UPYD VsEA

Juanjo Agirrezabala hormaren aurka jarri zuten behin eta berriz Leopoldo Barredak, Jose Mari Pastorrek eta Gorka Maneirok: Elorriokoa, iraganaren gaitzespena, hautagai independienteak nortzuk diren, ustezko mehatxuak, “incidentea”, ETAri desagertzea eskatzeko…

EAko legebiltzarkideari hitzak trakets atera zitzaizkion eta motz gelditu zen. Twitterren Kmatxainek zioen bezala, “kuadrillako gizajoaren paperean”.  Jokoa euren zelaira eraman zuten espainiarrek, estu ibili zen Agirrezabala eta orokorkerietan erori zen. Ez zuen Gernikako Akordioa aipatu ezta ezker abertzalearen ibilbidea ere. Lekuz kanpo zegoen Bilduren ahotsa behar zuena izan.

Burutik pasa zitzaidan ezker abertzaleak, eta Bilduk, nola botatzen dituzten faltan bozeramaile trebeak…  Arnaldo Otegi libre balitz beste kuku batek joko luke.

Aintzane Ezenarrok, Joseba Egibarrek eta Mikel Aranak gehiago egin zuten ezker abertzalearen ibilbidea goraipatzeko EAko bozeramaileak baino.

“Fikzioaren amaiera”

Hala zioen Egibarrek, amaitu zela itxurakeria, errealitatea heldu dela, emaitzak oraindik ez dituztela ulertu PSEk eta PPk. Hauteskundeetan jipoia jaso dute eta ez dute ikusi nahi abertzaleek, gehiengo handiak, alegia, ikusten duena. Hatz bakarra ez dute mugitu ez ETAren su-etenaren aurrean ezta ezker abertzalearen apustuari dagokionez ere.

  • PP-UPDren leloa honakoa: “Orain 20 urte bezala gaude, atzerakuntza demokratikoan gaude”.
  • Leopoldo Barreda: “Hitlerrek ere boto asko jaso zituen”

300.000 bozka lortu ditu Bilduk, eta hori da burutik pasatzen zaiena? Ez al zaie burutik pasa galdera sinplea? Zergatik irabazi du Bilduk eta zertarako bozkatu dute? Egia absolutua balute bezala hitz egiten dute euskaldunon heldutasuna ukatuz.

Mikel Aranak bitan erantzun zion Gorka Maneirori higuinduta:

  • “Herritarrek Bildu bozkatu dute! Haien iritzia kontuan izan beharko da, ezta?”
  • “Ez dago gobernuan zozketa bat irabazi duelako, baizik eta hauteskundeak irabazi dituelako. Badirudi hori ahaztu egiten zaizuela!”

Eta, moderatzailea?

Eider Alkortak Twitterren esan zuen “Moderatzaile gixajoa”. Ihes egin zion eztabaidak eta oilategia bilakatu zitzaion. Pena.

Zer duzu buruan “Fikziozko eztabaidak: “Hitlerrek ere boto asko jaso zituen””-ri buruz

  • Ondorio positibo bakarra, nere ustez, euskaldunak (Arana barne) humanoagoak ageri direla, PSE-PP-UPyD multzokoak baino. Baina bai; oro har, negargarria.