Fikzioa?

Fikzioa? – 

Fikzioa baliabide ederra da errealitatea islatzeko. Irudimena dugulako sortu dezakegu fikzioa. Nik imajinazio ariketa bat proposatuko dizuet:

Imajina dezagun, bada, Kataluniak bere ekialdeko ertz guztian Mediterraneo beharrean estatu boteretsu bat duela bizikide, gaur egun estatu boteretsu deitzen zaion tipo horietakoa: gaizki banatutako diruz gainezka eta gerrarako armamentuz lepo dagoena; bizipozaz eskasagoa ezin eta bizimoduz, norgehiagokeriak eta norberekeriak erabat usteldua. Honetara ezkero izena jarriko diogu, esaterako: Frusia, baina Frusiaren aurkezpena ezin amaitu daiteke funtsezko gauza bat esan gabe, zera: Frusia ez da, Kataluniako mendebaldeko ertz guztiarekin muga egiten duen Espainia handi horren bloke berekoa, etsaiaren blokekoa baizik. Badakizue etsaiak, blokeak eta gauza horiek.

Baina, blokeak bloke, arestian estatu boteretsua nolakoa den esateko erabili dugun deskribapen berbera erabil genezake hemen Espainia deskribatzeko; kopiatu eta pegatu egin genezake, beraz ez dugu egingo.

Demagun, bada, 2017ko Katalunian gaudela errealitatean zegoen antzeko egoeran: Parte hartze handi batekin erreferendum bat egin da eta independentziaren aldeko emaitza ezin garbiagoa izan da, eta are garbiagoa litzateke, errealitatean gertatu bezala, poliziak kolpeka lapurtutako milaka boto gehituko bagenitu. Honen aurrean Parlamentuak Kataluniako Errepublika Independentea sortzea erabaki du gehiengo garbiz eta horren aldarria egin du Generalitateko presidenteak. Jendea, kaleak hartuta, errepublikari ongi etorria ematera atera da algara batean. Orain arte fikzio handiegirik ez.

Une honetan baina,elementu berri bat erantsiko diogu, hau bai fikziozkoa, eta ez edonolakoa, guztiz erabakigarria baizik; eta esango dugu ospatzen ari diren errepublika horretara ailegatzeko armak erabili dituen gerrilla moduko zerbait ere izan dela tarteka, ez nahitaez kantuka eta saltoka errepublika independentea ospatzen ari den jende berberaz osatua, baina bai herritik sortu eta elikatutakoa, nondik ba bestela?

Gure errelatoan aurrera eginda, errepublikaren aldarrikapenak eta ospakizunen hasteak, 100 metroko lasterketa bati hasiera emateko tiro hotsaren eragin bera izan dutela esango dugu, eta tiro-hotsaren oihartzuna desagertu baino lehen hor dira Espainiako tankeak sartzen hala Balaguerretik nola Zaragoza eta Castellonetik, a ze tanke festa Espainia handiaren batasuna defenditzeko prest! A por ellos!

Gure ipuin xume honi une honetan errealismo punttu bat jarriko diogula esaten badugu, ez dugu lan handiegirik hartu beharko ondorengoa imajinatzeko: Herri xehearen kontra sarraski beldurgarria; tanke haiei leihoren batetik ateratzen egiten zaion tiroren bat edo beste erresistentzia bakarra, eta huraxe aitzakia komunikabideetan hanpatua eta hedatua sarraskia justifikatzeko; orain arteko Kataluniako agintari askoren hilketa bihozgabeak, eta milaka atxiloketa; odol-festa beldurgarria nonahi; jende xumea Frusian sartzen ihesean Frusiako armadaren babesa dutela, haiek baitziren Kataluniako errepublika onartzekoak ziren bakarrak; Frusiako eta Espainiako armaden arteko talkaren bat edo beste ere bai, munduaren orekarako oso arriskutsuak omen zirenak. Blokeak. Emaitza, gerra guztiek dakarten berbera: Jende xumearen miseria gorria, gosea, hotza, heriotza, baita kulturak eta hizkuntzak odolusteko saioak ere. Hori guztia diskurtso gezurti askoren mamigabe, pobre eta kontrajarrien artean. Gerra guztietan bezala egia da akabatu beharreko lehenbizikoa. Gezurra beti garaile.

Baina ez. Zergatik horrela? Ez al ginen ba imajinazio ariketa bat egiten ari? Errealitatea egoskorra da baina gure imajinazioa libre eta mugarik gabea. Bestela ere izan liteke kontua beraz, atzera joko dugu eta gure errelatoak beste bide bat hartuko du: Berriro ere aldarrikatu berri den Kataluniako errepublikaren ospakizunetara bueltatuko gara. Kaleak lepo, jendea pozez kabitu ezinda, dena algara eta festa, guztia kanta eta dantza, “Els Segadors” hemen eta “l’estaca” han. Baina honatx bertsio honek dakarren ezberdintasuna: hemen armak hartu zituen inongo gerrillarik ez dago, eta orain arteko bidea guztiz baketsu eta demokratikoa izan da, errealitatean izan zen bezalaxe.

Auzokide espainiarrei, baina, gutxi inporta bertsioa bat edo bestea, ez dira geldirik egotekoak. Oso Espainolak sentitzen diren katalanak ere ez. Espainiaren batasuna da balore gorena. Uniformedunak ez daude festarako. Eta poliziak hemen eta tankeak han, hauek hasita daude beren gerra partikularra, gerra? Noren kontra, baina? Katalanek oso garbi eduki dute horraino ailegatzeko modu baketsu eta demokratikoak besterik ez zituztela baliatuko. Gutxi inporta, Espainiazalei: tiro-hotsak han eta hemen, makilakadak non-nahi atxiloketak erruz. Inork ez daki zenbat hildako zenbat zauritu.

Jendea, ordea, ederki antolatuta dago, agerian da hilabeteak eman dituztela une hau prestatzen. Eraikin ofizial guztiak jendearenak dira eta militarrek ez dute sartzeko modurik, polizia jendetza ozeaniko haren aurrean gelditzen da zer egin jakin gabe; jende-multzo handiak dabiltza hemendik hara, laguntza non behar eta haraxe; Europako autoritateak ez dute asmatzen orain arte eduki duten diskurtso miserable eta hipokrita nola zuritu, orain, ehunka zibil akabatu dituzten honetan. “Gure estatukideen barruko aferetan ez gara sartuko” leloa nazkatzeraino errepikatu dute orain arte. Ez omen zitzaien askorik axola estatukideek bere mugen barruan zibilak akabatzen ari badira tiroka. Baina egunak pasatzen ari dira, kartzelak eta futbol zelaiak gainezka daude -eta ez Barça ikusteko- eta hildakoen kopuruak gora egin du eta uniformedunek ez daukate oso garbi zer egin: jende multzo ikaragarriak aurrean dute eta egiten dakiten bakarra, tiroa, ez omen zaie oso baliagarria oraingo honetan. Europatik ere, atzeko atetik ezkutuan eta sekretupean ari zaizkie mota guztietako oharpenak ailegatzen Espainiako autoritateei: Nahikoa da.

Listo. Bi bertsioetako errelato pattal honi puntu eta kito jarri eta errealitatearen gandu potolo bezain labainean endredatuko gara, ea pulamentuzko zerbait ateratzen dugun gehiegi endredatu gabe:

-Kataluniak 2017an inoiz ikusi gabeko metodo erradikalki demokrata erabilita bere errepublika lortu zuen: erreferendum garbian aise irabazita, bertako parlamentuak gehiengoz onartuta eta Generalitateko presidenteak aldarrikatuta. Lortu, lortu egin zuen, nahiz eta bi minututan Espainiako errepresio bortitz itzelak birrindu.

-Hori non lortu eta Europak duen estaturik autoritarioenetako baten baitan lortu zen, frankismoaren egiturak, mekanismoak eta egiteko moduak apenas ukitu gabeko estatuan eta Espainia horren batasuna lelo sakratu eta ukiezin duena. Alegia, horrelako autodeterminazio ariketa bat egin litekeen tokirik okerrenean.

-Europako testuinguru honetan izanda ere, Espainiako estatuak ez zuen izaera totalitario hori ezkutatzeko edo itxuratzeko batere ahaleginik egin Andaluziatik guardia zibilen armada hori bidali zutenean edo Bartzelonako portuan Piolina aparkatu zutenean. Noren kontra, baina? Nor zuten aurrean amon-aitonak, gurasoak eta umeak ez bada? Ahaztu gabe jendearen kontra buruturiko oldarraldi masibo hura eguerdi aldean gelditu bazen Europatik etorritako dei baten ondorioz izan zela, bestela, batek daki. Ez da, ez, jendea faltako, Putin Espainian agintzen dutenak baino ankerragoa eta gaiztoagoa dela pentsatzen duena.

-2017ko urri hartan, gure ipuintxo horren bi bertsioetan deskribatzen den herri xehearen kontrako sarraskia -errealitatean beti gertatzen dena- Katalunian gertatu ez bazen: Kataluniako herriak erakutsitako zibismoaren, kultura maila harrigarriaren eta demokrazia erradikalerako gaitasun gorenaren ondorioz saihestu zela. Lortu zuten guztia metodologia erradikalki demokratikoaz erabiliz lortu zuten: erreferendumean irabazita, Parlamentuak baiezkoa emanda eta presidenteak aldarrikatuta. Horrela iritsi ziren errepublikara. Tiro bakar bat ere bota gabeko prozesu guztiz demokratiko batez ametsezko emaitza ekarri zuen, nahiz eta, ondoren minutu batzuk besterik behar ez izan totalitarismo gordineko sistema baten aparatu errepresiboak, bere bortizkeria guztia erabilita errepublika zirtziltzeko.

-Katalanek Munduan parerik ez duen zibismoa, kultura maila eta demokrazia erradikalerako gaitasun gorena erakutsi izan ez balituzte, imajinatzen al duzue Katalunia ze izango litzatekeen orain?:

1-gure ipuinaren lehenengo bertsioa ontzat hartuta errazagoa da imajinatzea: erresistentzia armatua aitzaki, hildakoak erruz utziko zituen odol-festa eta txikizioa guztizkoa egun batzuetan bukatuko zena. Honek ze utziko zuen? Palestina bat edo horren antzeko zerbait, igual, guztiz interbenituta, militarizatuta, eta giza-eskubideak gabetuta?

2- bigarren bertsio hartuta, bi aukera. 2-A- txikizioa ez hain handi baina luzeago baten ondoren aurreko aukeran deskribatu dugun Palestina horren antzekoa: guztiz interbenitua baina aurreko paragrafoan deskribatutakoa bezain gogorra ez; edo 2-B Europaren presiopean Espainia bere burua negoziatzera behartuta ikustea bere burua eta Katalunia errepublika independentea lortzea. Bi-bietan, hala ere, hala Palestina hori, nola Kataluniako errepublika independentea lortuta, ondorioak igualtsuak: jende xehearen txikizioa: hamaika ume, gazte, emakume, gizon edo adinekoak bidean geldituta. Betikoa.

-Barkatuko didazue setati xamarrak bagara baina berriro errepikatuko dugu: Kataluniako herriak erakutsitako zibismoaren, kultura maila harrigarriaren eta demokrazia erradikalerako gaitasun gorenaren ondorioz saihestu zela gorago deskribaturiko giza-sarraskia.

-Beste galdera batzuk niri bederen badatozkit arrapaladan eta galdetu genezake: Errelatoan agertzen diren sarraski egoera horietan, ze egingo lukete urkuilutarrek? Segituko al lukete ezkutuan Espainiaren batasunaren alde lanean eta beraz, herri baten kontrako horrelako txikizio ankerra laguntzen? Eta euskaldunek, zer egingo lukete? Hizkuntza eta kultura zer diren ikasiko al lukete noizbait edo segituko al dugu egunero zakarrontzira botatzen? Memoria hitza maiztuta daukagun honetan eta egunero lore sorta bat non jarri daukagun honetan, ederki ahaztuta dugu, nonbait, Gernika.

-Hizkuntza eta kulturaren eraikuntzaren bidetik soilik ebitatuko dira ba omen datozen Gernika berriak. Ez dugu ikasten.

-Non da orain garai batean, betiere Euskal-herriko markoan eta oso norabidea zuzenean egunero aspertzeraino urkuilutarrei entzun behar izaten genien “Ez dago ideia politikorik giza-bizitzaren gainetik dagoenik” leloa? Orain, NATOko tankeen -NATO? guk ezetz esan genuen- motorrak berotzen ari direnean zertarako eta etsaien blokea erasotzeko, hau da, beste nonbaiteko jende xehea akabatzeko eta miseriara eramateko. Zergatik ez dute orain lelo hori lau haizetara zabaltzen? Orain isiltzen al dira? Orain bai, antza, orain, ideia -edo interes- politiko -edo ekonomiko- batzuk giza-bizitzaren eta gauza guztien oso-oso gainetik daude.

-Blokeak? Denok dira bloke berekoak: Gizabanakoaren, planetaren eta kulturaren oso gainetik interes politiko eta ekonomikoak jartzen dituzten blokekoak.

-Susmagarria da oso katalanek 2017 hartan erakutsi zuten praxia, metodo eta jokaera haiek ez edukitzea batere oihartzunik munduan. Hura gerraren kontra munduan inoiz eman den leziorik handienetako bat izan zen. Kataluniako urri hartan ikusitakoek ildo garbia ireki zuen egun dugun mundu ustel eta zornetsu honen bestelako zerbait eraikitze aldera, gerrari tokirik uzten ez diona eta kultura eta hizkuntzak erdian jarriko dituena. Ildo horren pautak begi-bistakoak dira:

  • Modu erradikalki demokratikoak: Jendearen onarpena nahitaezkoa da egiten den edozein urratserako. Herriaren eta erakundeen arteko koordinazioa egituratua.
  • Bortizkeria gordinaren erabileraren erabateko debeku eta arbuioa, hala herritarrena nola legearena.
  • Hitza da gakoa: hala eguneroko bizitzako gauza ttikietan (hori da kultura, eta politika) nola gizartearen antolamenduari dagokion edozein herri erakunde edo instituziotan (hori da politika, eta kultura).
  • Hitza gakoa izanda, hitzaren zaintza etengabea eta egituratua beharrezkoa da. Non da gure Òmnium Culturala? (honen antipodetan leudeke orain aprobatu nahi diguten baskongadiletako hezkuntza-legea eta urteetan indarrean izan den hizkuntza politika).

-Ez, ez da susmagarria urte hartako Kataluniako gertakariak isilarazi eta lurpean sartzea. Ez dute-ez dugu?- mundu ustel eta zornetsu honen bestelako zerbait nahi. Merkatua eta kontsumoa nahi dituzte -nahi ditugu?- Merkatuari ez diote batere mesederik egiten horrelako estrategiek; zer esanik ez armen merkatuari. Beharrezkoa dugu, beraz, noiz edo noiz gerra bat, besterik ez bada armak saltzeko, eta poliki-poliki hizkuntzak eta kulturak desagerrarazten segitzeko.

Fikzioa?  Fikzioa?  Fikzioa?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude