Fernando Mikelarena historialariari babesa

Fernando Mikelarena historialariari babesa –

Artikulu honen bidez, Berako Udalak Fernando Mikelarena herriko historialariari babesa eta elkartasuna adierazi nahi dizkio. Arturo del Burgok, Jaime Ignacio del Burgo UPN-PPko diputatu ohiaren seme eta Jaime del Burgo Torres zenaren bilobak, kereila kriminal bat jarri dio.

Fernando Mikelarena historialariari babesa
argazkia: Tokikom

Jaime del Burgo Torresek Esteban Ezcurraren lekua hartu zuen erreketeen gidaritzan 1936ko gerraren testuinguruan. Bere gidaritzapean Nafarroan izan den errepublikanoen erailketarik handiena burutu zen. Erailketa masibo hori “Tafallako saka” izenez ezaguna da, zeinean 1936ko urriaren 21ean Monrealen 64 pertsona fusilatu zituzten. Aipatu bezala, Fernando Mikelarenak gertakari ilun hori gertatu zenean, Jaime del Burgo Torres erreketeen buru zela frogatu zuen eta aipamen hori egin “Sin piedad, limpieza politica en Navarra 1936. Responsables, colaboradores y ejecutores” liburuan eta duela hilabete batzuk argitaratutako “Saca de Tafalla Monreal de 20-10-1936” artikuluan.

Bere bertze bi maisulan ere aipatu nahiko genituzke: “Muertes Oscuras. Contrabandistas, redes de evasión y asesinatos políticos en el país del Bidasoa 1936”, eta “La desmemoria de los vencedores Jaime del Burgo, Rafael García Serrano y la Hermandad de Caballeros Voluntarios de la Cruz”.

Onartezina iruditzen zaigu salaketa hau. Mikelarena ibilbide luze eta izen handiko historialaria da. Hainbat sari jasotakoa. Nafarroan memoria historikoaren alde egundoko lana burutzen dihardu. Bere ikerketak zehaztasun zientifiko handiz eginak eta argudiatuak dira. Bere lana beti ebidentzietan eta dokumentuetan oinarritua, frogatua eta arrazoitua izaten da. Beran ere 1936ko gerran gertatutakoak berari esker dakizkigu hein handi batean.

Harro gaude herrian horrelako historialari bat izateaz eta eskerrak ematea bertzerik ez zaigu gelditzen. Berari esker, 1936ko gerran izan ziren errepresaliatuen alde egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidean hainbat aurrerapauso eman ditu Nafarroako gizarteak. Baina denek ez dute gustuko bide hori, eta Arturo del Burgoren salaketa da horren lekuko. Jarrera horiek atzerapausoa bertzerik ez dira elkarbizitzaren aldeko bidean. Batzuek nahiago dute irabazleen ahanzturan sakondu eta omertà-rekin jarraitzea, hau da, gerraren ondoren Nafarroan inposatu zen isiltasunaren legearen pean.

Kontuan izan behar dugu oraindik ehunka gorpu daudela desagertuak, edozein bide bazterreko kunetetan lurperatuak. Hildako horien omenez eta oraindik sufritzen ari diren senideen omenez, lanean jarraitzea bertzerik ez zaigu gelditzen.

Fernando Mikelarenaren ausardia ere goraipatu eta eskertu nahi dugu. 1936an matxinatuek indarkeria nola erabili zuten, eta indarkeria horien arduradunak nortzuk izan ziren argitara ekarri duelako. Nafarroako gizarteak eskubidea du benetan zer gertatu zen jakiteko. Belaunaldi berriek jakin behar dute egia, berriz gertatu ez dadin.

Hainbat historialari eta eragilek egin duten bezala, Berako Udalak ere lan historiografikoaren judizializazioa arbuiatzen du, eta kereila hori kentzea edo ezestea eskatzen du.

Idatzi hau hasi dugun bezala bukatzen dugu. Gure babes eta elkartasun sentituena luzatuz Fernando Mikelarenari.

Aitor Elexpuru Egaña
Berako alkatea, Berako Udalaren izenean
Fernando Mikelarena historialariari babesa

Berako alkatea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude