Felix Zubia: “Ikasi dugu elkar zainduz hobeto bizi garela”

Felix Zubia: “Ikasi dugu elkar zainduz hobeto bizi garela” –

Felix Zubiak bertatik bertara ezagutu ditu koronabirusa eta bere ondorioak. Donostiako Ospitaleko Zaintza Intentsiboetako Unitateko medikua da eta bere karrerako unerik latzenak igaro ditu azken hilabeteetan. Jarraian duzu, Donostia Kultura Irratiko Ispilu Beltza saiorako egindako elkarrizketa transkribatua.

Felix Zubia: "Ikasi dugu elkar zainduz hobeto bizi garela"
Lehenengo galdera, ezeren aurretik, zermoduz zaudete Zaintza Intentsioboetako Unitatean?

Ba ondo, orain ondo. Pasa ditugun egunak eta gero, ondo. Badira jada 14 egun jada, gure unitatean ez dugula sarrera berririk izan koronabirusa dela eta. Ospitalean Bertan ere oso kasu bakanak daude eta alde horretatik arintzen. Orain bueltan gatoz lehen ziren bestelako gaixotasunetara, eta normaltzen ari da egoera. Lanean egon garenak nekatuago, geure onera bueltatzen.

Elkarrizketotan ohitura dugu galdetzeko zer moduz itxialdia edo zer moduz konfinamendua. Baina, zuen kasuan oso egun gogorrak izan dira mentalki eta fisikoki. Oso intentsoak.

Bai. Guk itxialdi gutxi egin dugu. Etxekoek bai, baina, gainontzean tokatu zaigu astean sei egunez lana egitea. Martxoan eta apirilean seina guardia gehiago egitea tokatu zaigu, lehen genituenez gain. Larunbat eta igandeetan lanera joatea, eta Aste Santuan ere egunero ospitalean izatea. Egoerak hala eskatzen zuen, eta hor ibili gara eta izan du bere eragina, bai, neke fisikoaren aldetik, bai buruaren aldetik ere. Nabaritzen dugu oraindik lehengoak ez garela, baina beno, hobetzen bagoaz.

“Garai honetan jarraitu dut bertsotan, batzutan neure buruarekin, eta ez dakit ze kalitatekoa izango den, baina, lagundu dit”

Nolakoa izan da zure egun bat, koronabirusaren krisi honetan?

Gure koronabirusaren egunak Gabonak pasata hasi ziren. Orduan iritsi zitzaizkigun lehenengo zantzuak. Bagenekien aldizkarietatik bazirela gaixotasunak eta prestatuz hasi ginen lehen protokoloak idazten. Guztiz ezezaguna zen dena. Txinatik zetozen berriekin genbiltzan, horiek zuten fidagarritasunarekin, ospitaleko protokoloak idazten. Geure babes ekipoak prestatu, pentsatu, entrenatu eta probak egiten. Guretzako ez da kontu berria beraz. Prest geunden eta bagenekien iritsiko zela, baina, hainbestekorik ez genuen espero. Ez guk eta ez Europa guztiak. Arrazoiak hainbat dira, eta agian beste egunen batean, beste foro batean, azaldu litezke, baina, kontua da espero genuena baino askoz ere gehiago zela. Egun txar horietan izaten zen; ospitalera joan, zenbat paziente zeuden ikusi, beste zerbitzuekin harremanetan jarri, izan ere, koronabirusak programaturik lan egitea eskatzen du, ahal dela, beti babes ekipoarekin izateko eta egun txarrenetan zortzi ospitaleratze berri izaten genituen gure unitatean. Orduan, haiek hartu, lokartu, tratamendua jarri, ekipoak kendu, ekipoak erantzi, antolatu, eta ondoren etengabe irakurri zer zegoen berria, zer ez zegoen berria, zer egin zitekeen eta zer ezin zitekeen egin. 17 protokolo izan ditugu tratamendurako, bakoitza bere eguneratzearekin. Eta era berean, isolamenduan ezin zen aurrez aurre hitz egin familiekin, eta telefonoz hitz egin behar izaten genuen. Lehen momentuan asko lokarturik geneuzkan, eta familiekin telefonozko harremana zen. Ondoren, hobetu ahala, bideo deiak egiten ziren gaixo eta familien artean. Une oso politak ere bizi izan ditugu, baina, gogorrak ere bai. Denetik tokatu zaigu.

Askotan pasa izan zait burutik, halako krisi baten aurrean, etxean gaudenok ez garela jabetzen arazoaz, ez? Iristen zaigu handik edo hemendik, baina, abstrakzio moduko bat da, zuek bertatik bertara bizi izan duzue.

Pentsa, gure unitateak 48 ohe ditu. Eta pentsatuta daude gutxi gora behera, guztiz beteta ez izateko, zeren, istripu edo larrialdiren bat baldin bada, lekua izan behar dugu. Kasu honetan guk 59 paziente izan ditugu zainketa intentsiboetan guztira. Gehien gehieneko momentuan 48ak beteak genituen, juxtu eh! %100eko okupazio batekin geunden. Eta bestelako pazienteak -zeren istripuek eta bihotzekoek jarraitu egiten dute- beste unitate batzuetan banatuta, haiek ere zaindu beharra eta artatu beharra genuen. Hori izan da gure dimentsioa. Eta gero horrekin batera momentu asko. Ez zait behin ere ahaztuko 38 urteko neska gazte bat, bestelako aurrekari berezirik gabekoa eta koronabirusarekin, neumonia batekin iritsia eta ikusten zuena gaizki ari zela, ezin zuela arnasik hartu. Hark esan zigun, lokartu aurretik dei bat egin nahi dut. Eta deia egin genuen zuzenean. Bikoteari esan zion: “Ez dakit hemendik aterako naizen, baina, jakin ezazu nire bizitzako gauzarik onena zarela”. Eta esan zigun, orain lokartu nazazue eta egin egin beharrekoa. Zorionez, gero, ondo atera zen kontua.

Ederra.

Baina zuzenean hori ikustea bera, ez? Pertsonalki ere, horrek atzetik dakarkien pisuarekin… nahiz eta momentuan ez jausi, ba beno, tokatu egin zaigu. Eta antzerako egoerak dezente izan dira. Andre-gizonak elkarrekin ospitaleratzea adibidez. Bi anaia ere izan ditugu. Horrelako istorioak ere bai.

“Estimatuko genuke gertatu den guztia ez ahaztea eta dauzkagun ebentualtasun tasak murriztea”

Oiloipurdia jartzen zaigu halakoak entzutean. Oso gordinak dira halako egoerak. Zorionez orain bestelakoa da egoera.

Bai. Orain lasaitu gara. Momentu honetan dauzkagunak lau bakarrik dira, eta lau hauek, pixkana pixkana, gorputzari buelta ematen ari dira. Gaitzaren hilkortasuna gure unitatean %25 azpikoa izan da. Txinatarrek %50ekoa argitaratzen zuten, eta gurea baxuagoa izan da. Alde horretatik badugu poz bat ere, nahiz eta, beste %25a ere ez dugun sekula ahaztuko. Eta orain berriz beldurrarekin, izango da berririk? Inork ez daki. Hemengo egoera kontrolatua dago, eta kasuak bakanak dira. Izango da agerraldiren bat nonbait, baina, 10 edo 15 kasu espero dira. Ez da izugarrizko agerraldirik espero. Eta ondoren beldurra dago udazken eta neguari begira, baina hori inork ez daki. Mundu mailako egoera bat delako eta ez dakigulako zer gertatuko den Hego Amerikan… hau da, hego hemisferioan neguan sartzen direnean, gure udarekin batera, ikusiko dugu udazkenean zer etorriko zaigun.

Orain atentzioa deitzen du, badirudi normalitate moduko bat ari garela berreskuratzen. Jendea tabernetako atarietan dabil, aitzitik, inmunizazio tasa oso baxua da. Arriskua joan egin da ala hor segitzen du?

Izugarrizko agerraldi bat berriz izatea oso zaila da. Baina badago 10-15, 20-30 kasuko agerraldi bat izateko arrisku txiki bat. Eta horregatik nik jendeari eskatuko nioke distantziak zaintzeko eta ez guztiz lasaitzeko. Kezka ahal den neurrian gainetik kentzeko, ez beldurturik bizitzeko, baina, faborez neurriak mantentzeko eskatuko nieke herritarrei, arrisku hori hor daukagulako.

Asko hitz egiten da biztanleko ohe tasaren inguruan. Eta nola espainiar Estatuan baxuagoa den beste herrialde batzuetan baino. Prestatuta gaude horrelako pandemia baterako?

Neurri batean. Guztiz prestatuta egotea oso zaila da. Mundu guztian ez dago horretarako prestatuta dagoen inor. Honek, batez ere, bi gauza eskatzen ditu. Bat dira baliabide materialak, eta baliabide horiek hor daude eta bestela lortu litezke edo pentsa litezke, ikusi dugu Madrilen ospitale bat jartzen edo egiten ahal den tokian, eta bestea dira giza baliabideak. Kopurua garrantzitsua da baina zainduta egotea ere behar dugu. Hau da, osasun publikoko zerbitzuek eta medikuek indartsu egon behar dute, ondo egon behar dute. Eta alde horretatik estimatuko genuke ez ahaztea pasa den guztia eta dauzkagun ebentualtasun tasak murriztea, jendearen lan baldintzak hobetzea, berriz gertatzen denerako ere hobeto egon gaitezen.

“Hego hemisferioan neguan sartzen direnean, ikusiko dugu udazkenean zer etorriko zaigun”

Zer ikasi duzue halako krisialdi batetik?

Alde batetik, ikasketa medikuak daude, eta bestetik, pertsona modura jasotzen ditugunak. Ikasketa medikuen aldetik, gaixotasun berriak sortzen direla eta izango direla ikasi dugu. Gaixotasun infekziosoak ez daudela gaindituak. Bazirudien antibiotikoekin eta txertoekin, horiek iraganeko arazoak zirela, baina hori ala ez dela ikasi dugu. Gaitza bera ere ezagutu dugu. Eta antolakuntzak duen garrantzia eta nolakoa izan behar duen ere ikasi dugu. Pertsonalki, ikasi dugu guztiok garela hauskorrak, ez baldin bagenekien, berriz ere gogorarazi digute. Eta elkarren premia daukagula ere bai, ez? Elkar zainduz askoz hobeto bizi garela, alegia, eta indibidualismoak ez garamatzala inora, kasu honetan ere ez.

Zer aholku emango zenizkiguke arriskua gutxitzeko?

Emango nukeen aholku nagusia da, beti pentsatzeko gaixotasunaren kutsakortasuna espazio itxi batean 15 minutu baino gehiago igarota gertatzen dela. Pertsonaren tantatik tantara, pertsonen arteko metro eta bi metroko eremu batean. Ahal dela beti metro eta erdi eta bi metro arteko tarte hori mantentzeko, eta batez ere, espazio itxietan kontuz ibiltzeko aholkatzen dugu. Eta hortik aurrera saiatzeko bizimodu normala egiten, baina, presarik gabe. Ez dago azkar ibili beharrik jatetxe batera joateko, taberna batera sartzeko edo denda batean 10 lagun batera egoteko.

Goazen zure bertsolari fazetari heltzera. Noiz izan zen azkenengo aldia bertso saio bat egiteko aukera izan zenuena?

Nola galdetu beharko genuke. Neure buruarekin askotan. Bagenuen ohitura taldetxo batean biltzeko tartean tartean eta hori ere moztu digu koronabirusak. Publikoaren aurrean egin nuen azkenengo saioa txapelketakoa izan zen, 2019koa. Ordutik lagun artean saioren bat edo beste egina genuen koronabirusa iritsi arte. Garai honetan jarraitu dut bertsotan, batzutan neure buruarekin, eta ez dakit ze kalitatekoa izango den, baina, lagundu dit. Bertso sorta bat ere jarri dut Bertsolari aldizkarian, ’Egin nahi nuke’ izena duena. Gainera nire ahotsez gaizki kantatua, beti bezala. Baina kantatua dago. Baina balio izan dit bitarte horretan izan ditudan estuasun eta neke horiek ateratzeko edo arintzeko.

Bertsolariak egin dezake telelanik?

Bai baina gaizki. Nik uste bertsolaritzan badela bertsolarien arteko komunikazioa begiratuekin, keinuekin… Batez ere, ohitura dagoenean elkarrekin kantatzeko, begiratu hutsarekin dagoen komunikazio hori galdu egiten da. Telelana egin liteke, baina, gaizki.

Azken aldian asko ari gara hitz egiten kulturgintzako hainbat diziplinetan bizitzen ari garen ataka larriaren inguruan. Bertsolaritzak sekulako ekosistema du, langile mordoa, non geratuko da hori guztia?

Niri egia esan kezka handia eragiten dit. Neu ez naiz bertsolari profesionala, baina, badakit jende asko dagoela hortik bizi dena eta pertsona horien bizimoduari kalte handia egingo ziola. Eta pertsona horientzako bideak, aretoak eta plazak topatu beharko ditugu. Hau da, kultura sortzetik bizi diren guztientzat da egoera latza eta kasu honetan bertsolaritzan ere bai. Askok gainera apustu pertsonal handia egin dute, bestelako lanak utzita, bertsolaritzan punta puntan aritzeko eta denoi kalitatezko bertsolaritza bat eskaintzeko. Egin duten apustu pertsonal hori eskertu beharra dago. Denok, ahal den neurrian, lagundu behar genieke bizimodu hori aurrera ateratzen.

Felix Zubia: “Ikasi dugu elkar zainduz hobeto bizi garela”

Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzio burua. Barruan Gaude elkarrizketa saioa ZuZeu Podcasten. Ispilu Beltza kultur magazina Donostia Kultura Irratian. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude