Feijoo, ETBko zuzendari

Feijoo, ETBko zuzendari –

Administrazioan Euskaraz Taldeak honako idazki hau bidali dio (galizieraz) Galiziako lehendakari Alberto Núñez Feijóori (PP):

“Alberto Núñez Feijóo agurgarria:

Ikusirik Galiziako Telebistak galizieraz emititzen dituela film, telesail eta dokumental guztiak, eta kalitate handiko telesailak produzitu dituela hizkuntza horrexetan, esaterako «O sabor das margaridas», Netflix plataformaraino ere iritsi dena, eta ikusirik, orobat, ETBk, tamalez, urteak daramatzala film guztiak espainieraz ematen (salbuespen urriekin), eta aktore euskaldunak beharturik daudela kanpora joatera, ez dagoelako euskarazko produkziorik, proposatu nahi genizuke ETBko zuzendari izateko kargura aurkeztea.

Bistan da ETBko azkeneko urteetako zuzendariek iparra guztiz galdurik dutela, eta ahaztu dutela zer eginkizun izan behar duen ETBk euskara berreskuratzeko eta sustatzeko.

Ez dugu dudarik: Zurekin, ETBk hobekuntza nabarmena izanen du.

Zure erantzunaren zain, jaso ezazu agur bero bat.

Administrazioan Euskaraz Taldea”.

.

Eranskin gisa, hona hemen aste honetako (2019-9-9 / 2019-9-15) filmen konparazioa:

 

TVGk emandako filmak

  • Cidade de ladróns (The town). Galegoz.
  • A cicatrice branca. Galegoz filmatua.
  • Crazy, stupid love. Galegoz.
  • Gran Torino. Galegoz.
  • Ilegal. Galegoz.
  • O xinete pálido. Galegoz.
  • Beleza oculta. Galegoz.

.

ETBk emandako filmak

  • El teniente otomano. Espainieraz.
  • Al caer la noche. Espainieraz.
  • Catwoman. Espainieraz.
  • Las novias de mi novio. Espainieraz.
  • Una novia diferente. Espainieraz.
  • Pequeñas mentiras sin importancia. Espainieraz.
  • Mary Higgins Clark: Mi querida Sunday. Espainieraz.
  • La hija del éxito. Espainieraz.
  • Asesinato en la alta Saboya. Espainieraz.
  • Impulso criminal. Espainieraz.

Feijoo, ETBko zuzendari

Administrazioan Euskaraz Taldea

8 pentsamendu “Feijoo, ETBko zuzendari”-ri buruz

  • Ederra ziria.

  • Edarra ziria eta, etsigarria konparazioa.
    A ze nibela daukagun! 🙁

  • Ikusten denez, TVG “umilagoa” da ETB baino:
    bi kate; horietako batean, ETB1en antzeko programazioa, bestea, gure ETB3ren antzekoa egunez, eta, gauetan, filmak. Oro har, ETBn baino film gutxiago. Hori bai, dena galizieraz.
    Eta produkzio propio franko (telesailak), dena galizieraz.
    http://www.crtvg.es/tvg/programacion/canle/tvg2/data/20-09-2019

  • Eitbk bikoizketa bermatzeaz aparte, aukera eman beharko luke beti jatorrizko bertsioa ikusteko aukera. Merlí telesaila adibidez katalanez ikusteko aukera ez ematea lotsagarria da, edo edozein pelikula ingelesez, frantsesez edo japonieraz, eta azpitituluak euskaraz. Baina beno zertarako eman kalitatezko zerbitzu bat, XXI. mendean… Bikoizketa ondo egon daiteke haurrentzat, baina irakurtzen dakiten helduontzat jatorrizko bertsioa bermatzea ezinbestekoa, kultura lanen duintasunaren mesedetan.

    Eredugarria izan ordez, beste zerbitzu publiko batzuk bezalaxe (BBC), Espainiako praktika eta formatu txarrak kopiatzen dira etengabe. Gaztea (Los 40 principales euskaraz) edo Robert de Niro gaztelaniaz entzutea barregarria dela? Beno, guk gure hizkuntza defendatzeko, euskaraz bikoiztuko dugu. En fin…

  • Kaixo Carlos, jatorrizko bertsioan ikusteko aukera badago audio botoia sakatu eta entzun nahi duzun hizkuntza hautatuz. Baina zuk aipatzen duzun moduan, azpidatzien kontua ez dago hain garatuta eta nire ustez hori sekulako akatsa da. Ez soilik atzerriko film eta telesailekin, baita etb1-eko euskarazko programazioa euskaldunak ez direnek uler dezaten. Zergatik ez hain arrakastatsua den “el conquis” euskaraz grabatu eta erdal azpidatziekin telebistatu?

  • Carlosi erantzunez, kontua ez da bikoizketa edo azpidatziak, baizik ETBk filmak espainieraz ematen dituela.

  • Hainbat ahots galtzen ari gara: z, tz, ts, tt, ll… horiek Hegoaldean. Eta Iparraldean? Aipatu horietako zein? Eta R?
    Horiek horrela eta bertsio originalean behar ditugula pelikulak eta abar?
    Euskara zuzen eta txukun bat entzuteko aukera ere kendu nahi didazu, Carlos?

  • Joseba Otano 2019-09-24 21:31

    Nire ikuspuntutik azaldu dut iritzia bikoizketa eta azpidatzien inguruan. Nire ikuspuntua, ziur aski, gaur egun euskaldun gehienena da. Hau da, kaleko giroa erdaraz duen toki batekoa naiz (Iruñea) eta familiako gehien-gehienak erdaldunak ditut.

    Azpidatziekin euskaraz irakur dezaket, baina euskaraz irakurtzeko aukera zabala daukat (“Berria”, “Argia”, liburu ugari eta kalitatekoak…).

    Zein da nire gabezia? Euskara gehiago entzutea. Hori da gaur egun euskaldun gehienok behar duguna. Beraz, ETB1ean fikzioa behar da eta bikoiztuta (ez azpidatzia).

    Azpidatziak ongi daude bikoizketek iristerik ez duten lekuetara iristeko (merkeagoak dira), baina bikoizketaren osagarriak dira. Ezin dute ordezkatu.

    Beraz, azpidatziekin esperimentuak egin nahi badira, ETB2an, eta ETB1ean fikzio bikoiztua.