Fanatismoak

Fanatismoak –

Eduardo Arriolabengoa Abasolok Arabako Alean.

Urteak dira ideologia kontzeptuaren definizio zehatza irakurri nuela gogoratzen ez naizen liburu batean. Liburu horren egilearen iritziz hiru ezaugarri bete behar zituen ideologiak benetako ideologia izan zedin: munduaren eta gizakiaren ikuspegi propioa, ikuspegi hori gizartean zabaltzeko proselitismoaren beharra, eta, hirugarrenez, antolaketa-egitura sendo bat aurreko bi ezaugarriak bermatzeko. Definizio honen arabera, katolizismoa ideologia izango litzateke gizakiaren izaeraren ikuspuntu transzendentala duelako oinarri, misioen bidez zabaldu egin duelako mundu zabalean bere sinismena, eta era hierarkiko baten bidez antolatua dagoelako. Alderdi politiko batek gizadia ulertzeko berezko ikuspuntua du, gero eta boto gehiago lortzen saiatuko da gobernura heltzeko eta, normalean, forma piramidala aukeratzen du bere barneko antolamendurako. Beraz, alderdi politiko horrek ideologiak eskatzen dituen hiru bereizgarriak beteko ditu. Enpresa batek, aldiz, hiru nota horietariko lehenengoa ez luke osatuko, edo existenzialismoak ez lituzke azken biak beteko. Ez dago esan beharrik ere futbol klub bateko jarraitzaile erradikalez osatutako talde bat ezin dela ideologiatzat hartu.

Sinesmen edo iritziak, bereziki erlijioso edo politikoak, defendatzeko grina eta tinkotasun neurrigabea da fanatismoa. Ideologiatik edo zale izatetik fanatismora daraman bidea, zoritxarrez, maizegi izan da erabilia historian zehar, fanatismo erlijiosora, politikora edo kiroletakora eramanez.

Inguratzen gaituzte fanatismoek, edonon zabaltzen dira buruberokeriak. Ikaragarria da ikustea milaka xiita Kerbala hiri santuaren bidean beraien lepoak zigorrez jotzen, sorbalda osoa hanpatua eta odolez estalia dutelarik; alderdi politikoenganako fideltasun itsua; indarkeriazko homofobia kasuak; futbol zelaietan eta inguruetan astero gertatzen diren liskarrak. Egia bada fanatismo mota ezberdinak direla aipatutakoak, erlijiosoa, politikoa eta kiroletakoa, egia da ere badituztela ezaugarri komunak.

Fanatismoak

Bat: egiaren jabetzaren sentimendua. Ageria da ezaugarri hau fanatismo erlijiosoetan nabarmenagoa dela, txikitan ikasi genuen Elizatik kanpo ez dago salbaziorikesaldiak oso ondo adierazten duenez. Egun hauetan jakin izan dugu Barhein estatu islamikoan homosexualei hil-zigorra jarriko dietela Islamen aurka omen doalako joera sexual hori. Beraien egia guztion egia bihurtzeko erlijioek historian zehar egin dituzten saioek heriotza, min eta oinazea besterik ez dute ekarri gizateriari: Kristautasunak Europan eta Amerikan, Islamak Afrikan eta Asian. Eztabaidaren eza, zalantzarako lekurik ez, erabateko ziurtasuna, mezuen hutsalkeria, dogmatismoa, intrantsigentzia eta autoritarismoa.

Bi: inposiziorako joera, indarkeriaren erabilerarako jaidura. Egiaren jabe sentitzen direnez gero, beraien egia zabaldu beharrean sentitzen dira, eztabaidaren bitartez baino ezarpenaren bidea erabiliz. Zenbat eta zenbat heriotza, sufrimendu, oinaze pairatu duen gizateriak erlijioen ezarpenaren bitartez; zenbat isun, tortura, heriotza-zigor eta espetxe-zigor diktaduretan; eta zenbat jipoi eta triskantza futbol zelaien inguruetan!

Hiru: taldearen beharra. Fanatikoa gauza gutxi da bakardadean, taldearen laguntza beharrezkoa zaio, ez da bakarrik ezer egiteko gai. Ultrasur taldekideak saldoa behar du, ez da bakarrik ausartzen, taldean sentitzen da harro eta bipila, edozer gauza egiteko gai. Itxuraz, zaila omen da besteen ideiak, usteak edo zaletasunak errespetatzea, norberarenak zalantzan jartzea, inongo beldurrik gabe baina errespetu osoz eztabaidatzea kolpeka hasi beharrean. Neurri batean, historia bera da fanatismoaren historia, jazarpenaren kronika odoltsua.

Fanatismoak

Fanatismoak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude