Faltan sumatzen zaitut, Jonan

Faltan sumatzen zaitut, Jonan.

Oraindik heldu ez den negu hotzeko gau epeletan; kasik ihintzik gabeko goiz hauetan; lurrunik botatzen ez dugun abenduko arrats zelebreetan.

Faltan sumatzen zaitut, JonanFaltan sumatzen zaitut, Jonan.

Zure argiak ospelean harrapatzen nau, zure beroak laiotzean, zure izpiek itzaletan. Begiratzen zaitudanean ez nauzu entzuten, oihu egiten dizut baina ez nauzu ikusi nahi, lurrinetan estali arren ez nauzu ukitzen, usaintzen nauzunean ez nauzu dastatuko. Jada enbarazu egiten dizun lagun baten antzera, topatu nahi ez duzun maitale ohi baten gisan, irribarrez agurtu arren gorroto duzun bizilagunaren modura, gogoz kontra bisitatu behar duzun senidea bezala.

Faltan sumatzen zaitut, Jonan.

Nire bake eta bizikidetzaren idazkaria izan behar zinela esan zenidan goxo-goxo, belarrira, eta nik sinetsi egin nizun. Eskumuturra bihurritu zidaten Donostian, burua ireki Ondarroan, hankartea kolpatu Iruñean (bale, ez da EAE, baina beno), irain sexistak entzun behar izan nituen Azpeitian, eta bizkarra berotu zidaten Gasteizen; eta zu, goruntz begira, zure keia eskuetan, putz zabar batekin putz, ez zinen nigana etorri, ez zinen agertu.

Faltan sumatzen zaitut, Jonan.

Behin baino gehiagotan iraindu ninduzun, zu eta zure inguruko lagunen ahotik, baina hala ere pentsatzen nuen horrelako gauzak maleziarik gabe esaten zenituela; sakonean maite zenidala. Biolentzia egunero aplikatzen zuen jendeaz inguraturik egon arren, zu bakezalea zinela, zubi eraikitzailea, indarkeria onik ez dagoela ozen, lau haizetara zabaltzen zuena.

jonanBaina  Iñigok zabaldu dizkit begiak, eta azaldu dit egiazki ez nauzula maite. “Kontraterrorismoaren biktimak”. Maite denari ez zaiola iseka egiten. Zilegi ez den biolentzia aipatu duzu, eta Julek ikusarazi dit biolentzia bat zilegi bihurtzen duzula zure hitzekin. Ez zabiltzala garbi, zure diskurtso eztiaren atzean giza eskubideekin loturarik ez duten ideia batzuk kokatzeko azpijokoan diharduzula. Beti duzula burla mardula xuxurla.

Aski da. Honelako harreman batek ez dit kalte besterik egiten. Norbaitek zioen bezala, bakea ez delako nirea, bakea ez delako zurea, bakea gurea delako; eta ahoa zabaltzen duzun bakoitzean gerra besterik ez duzulako ematen. Zure gerra, zilegi den guda, noski.

Aldebakarreko bizikidetza egiten zabiltza.

Faltan sumatzen zintudan, Jonan.

jonan

 

 

bizikidetza, fernandez, jonan, ordoki, sumatzen, zuhaitz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude