Eztul puta batek

Eztul puta batek –

Eztul puta batek

Bronx ibaian behera motel-motel zihoazen kankailu haren azal, gihar eta hezur mailatuak. Silueta soil bat besterik sumatzen ez zen arren. Argia eta itzala besterik ez zen ur haien kodea, urak dir-dir egiten zuenean, eguzkia eguneko azkenak ematen ari zen seinale. Edozein kasutan, emarian begirada jarriko lukeen edonork itsutu gabe ikusteko moduan zebilen hilotza, ahate baten igeri erritmoan East River aldera, apurka-apurka erlojuaren zentzuan jiraka.

Kanabera zoruan utzi eta bizkor demonio altxa da Fergie ipurdia hondoratuta duen hondartzako aulki deseroso hartatik. –Doug! You’ve gotta see this! Ilunabarrarekin batera hasi ohi dira tramankuluak jasotzen, badaezpada pitan arreta galdu gabe, ea Morone Saxatilis gizen batek New Yorkeko ur lohietan gora egiten duen; teink! karnatari kosk eta hozkailu eramangarrira. Baina gaurkoan azken arrantza minutuak okertu zaizkie. Tresnak moilan utzi eta ibaiertzeko belardia saltaka gurutzatu dute biek. Hilotza buruz behera dator, kokotean txima batzuk antzematen zaizkio, bizkarraren amaiera eta ipur-masailak plastiko zikinen batek estaltzen dizkio. Biak haitzetan behera jaitsi dira, txipli-txapla, eskura izan arte ezusteko arrantza. Hasieran itzala zena forma eta koloreak hartzen joan da: sorbaldako bi orezta bikik deitu diete arreta lehenbizi, bi txanpon handiren tamaina dute. Larru gorritan dator. Hanka batetik tiraka haitzetara erakarri du Fergi-k, kostata. Ur korrontearekin batera East River aldera tematzen ari da harri koskorrez betetako zakua bailitzan. Gerriraino busti arte sartu da uretara Doug, harrapakinaren eskuin oinari heltzeko. Gizonkote hila arroketan pausatu bezain laster ahaztu zaizkie tximak, oreztak eta zikinak. 

Senak esan die gorpuari buelta ematea dela lehentasuna: besapetik altxa bitartean Fergus-i burutik pasa zaio, berez, ekintza horrek zipitzik balio ez duela, aurpegia ikusi behar horrek ez duela ezer aldatuko, ez bada begi zulo batzuk hiltzatuko zaizkiela betirako oroimen ilunen azken txokoan. Buelta ematea ez da ideia ona izan, usaindua zuen. Aurpegia puztu xamar du, azala hori, ezpainak more. Begiak itxita, gaitz erdi. Behera, bularralde sendoa, erdian ile kiribilo horizka itsatsita, alde banatan titiburuak uzkurtuta, eta azpirago, zuloa. Sabelaren paretik kanpora irtetzen zaizkio hesteak zizare lodikote baten tankeran. Nahikoa izan dute erraien higuin hori akatsaren tamainaz jabetzeko. Supituan gorpua dagoenean utzi eta korrika alde egin dute bi lagunek, Fergie telefono kabinara doa zuzenean, Doug moilara itzuli da, dardarak jota oin puntetatik buru gaineko kalparreko azken ilera. Kanabera eta tresnak nola edo hala jaso ditu, eta heriotzaren amuak ezpainetik tiraka balu bezala egin du arineketan baldar hanka. 

Gizonezkoa. 30-35 urte bitartekoa. Sei oin eta hiru hazbeteko altuera. Ezin zenbatu adina zauri. Erredurak. Norantza eta luzera askotariko mozketak. Larriena, eta autopsiak heriotzaren kausatzat ziurtatu duena, eskuin birika azpiko ziztada. Hortzdun labana handi batekin egindakoa, ogia mozteko erabiltzen den gisakoa, edo zerra txiki batekin, bestela. Forentseak ez die xomorroei erreparatu. Hamahiru egun izan dute hozkailuan gordeta. Hilotza identifikatuko duen arrastorik ez du aurkitu. Izenik gabeko bat gehiago. Edo bat gutxiago.

Ezer ez duenari bizitzea baino garestiago irtetzen zaio hiltzea. Hobia nork ordaindu aurkitu ez dutenez gaixoaren azken bidaia presoen esku utzi du New York-eko Udal Batzarrak. Hamabostero legez, Rikers Island-eko gaizkileak itsasontzietan sartzen dituzte, Hart Island-eraino. Han lurperatu dute beste ezezagun bat, hobi komun batean, beste etxegabeko 850.000 gorpuren artean. Eduard Veniaminovitx Savenko azkenean hil egin da, eta inork ez du ezagutuko Limónov izenordea bere egin zuen errusiar idazlea. 

***

Zorionez, Hasier, zure anti-heroi errusiar maiteak biziraun egin zuen. Emmanuel Carrère idazlearen liburuari esker ezagutu zenuen. Facebooken aurkitu zenuen Limónov, 2010. urtean-edo. Idatzi egin zenion. Hura gozatua hartu zenuena… nik dakidala, erantzunik jaso ez zenuen arren. Ezta beharrik ere. Idatzi behar zenion hori murtxikatzen gozatu zenuen. Ohi bezala. 

Bronx ibaian, Senan edo Moscovan hiltzea zuen Limónovek destinu. Baina zerri harek ihes egin zion, behin eta berriz, heriotzaren hatsari. Heroi bezala hil zitekeen bere bizitzaren klimaxean, Che Guevara bat, edo erori zitekeen koitadu gisa, Urtain bat. Baina, iraun du morroskoak, azkenean, bihurtu arte liburu dendetan sinadurak oparitzen dituen idazle bat gehiago. Zuk utzi eta hiru urtera hil da, minbiziak jota, zuri estreinekoz bezala eztarrian korapilatu zitzaion hari mamorroa. Limónoven parametroetan, eztul puta batek akabatu du. 

Horretan behintzat Limónovi aurrea hartu zenion, nagusi, bizipen hartatik atera zenuen Damian Arruti, eta hari esker hitz egiten didazu zure liburuak zabaltzen ditudanero, edo Iturrino Handiarekin. Oraindik ez ditut denak irakurri, ezta asmorik ere. Ez ditut behar baino lehenago agortu nahi.

Eztul puta batek

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra