[EZTABAIDA NAZIONALA] Estrategia independentistak mintzagai

Eztabaida nazionala –

2017an artikulu sorta bat publikatu zen etxe honetan Maltzaga izenburupean. Bertan zenbait lagunek Euskal Errepublika bat lortzeko jarraitu beharreko pausoen inguruan egin zuten gogoeta, eta estrategia independentisten inguruan eztabaidatu. Lau urte igaro dira jada, eta berriz heldu nahi diogu gaiari.

Eztabaida nazionala

Ez da erraza azken lau urteetako aldagai garrantzitsuenak zerrendatzea. Gutxi batzuk aipatzearren:

  • Euskadi Ta Askatasunaren desagerpena.
  • Kataluniako erreferenduma eta ordutik hona bertako prozesu independentistak izandako ibilbidea.
  • Euskal Herri osoan zehar ospatu diren hauteskundeek utzitako mapa instituzional berria. Azpimarratzekoa da abstentzioaren igoera, eta berauk islatzen duen politika tradizionalarekiko atxikimenduaren ahultzea.
  • Brexita, Eskoziako edo Kanakiako erreferendumak, Irlanda batu bat ikusteko aukerak…
  • Estatu espainiar eta frantsesean ultraeskuinak izan duen gorakada.
  • Bizitzako esparru guztiak aldenik alde zeharkatu dituen pandemia. Goitik behera aldatu du ezagutzen dugun guztia, gugan, etxean, herrian, Euskal Herrian, munduan…
  • Komunitate independentistaren baitan bizi diren talkak: ELA eta LABen arteko urruntzea, Mugimendu Sozialistaren agerpena … (GKS, IA, Kontseilu Sozialista…).
  • Azken urteetako borroka ezberdinek utzitako aztarna: Azkoiengo baratzak, Arbonako lurren okupazioa, Aroztegiaren aurkako borroka, Jaka Horiak, Tubacex, borroka feministaren hamaika adibide…

Astelehenetan, bizpahiru hilabetetan, hotsa emango diogu lagun bati helburu batekin: azal diezagula, modu sinple eta ulerterrezean, zein izan ahalko litzatekeen euskal errepublikara eramango gaituen bidea. Ez da galdera makala. Euskal Herriko lurralde eta pentsamolde ezberdinetako jendeak parte hartuko du gogoeta eta eztabaida kolektibo honetan: sindikalgintza, kultura, alderdiak, mugimendu feminista, akademikoak, herri mugimendu ezberdinetako militanteak… Asko dira elkarrizketa eraikitzailea desagertzen ari direla uste dutenak. Zantzu nabarmenak topa daitezke sarean. Guk, ordea, gure akatsak-akats, temati jarraitzen dugu jaio gineneko misio berarekin: ZuZeu pentsamolde ezberdinetako euskaldunen agora izatea. Kasu honetan, gure herria burujabe izatera egin beharreko bideaz solasteko, soseguz, patxadaz, errespetuz eta borondate onenaz. Eztabaida Nazionalari Itziar Ziga idazle, kazetari eta militante feministak emango dio hasiera. Zerrenda luzea dator atzetik, astelehenero ahal dela, hilabete batzutan, ikuspuntu eta mami anitzak plazaratuko dituena, eta gure kalkuluen arabera urtarrileraino luzatuko dena. Inork eztabaidan parte hartzeko gogorik balu jarri dadila gurekin kontaktuan. Mundua ziztu bizian aldatzen ari da, eta soilik eztabaida eta iritzi trukaketak ahalbideratzen duen inteligentzia kolektiboak eskaini ahal dizkigu bertan gure tokia aurkitu eta herri bezala bizirauteko gakoak. Amaitzeko, eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu Unai Apaolaza filosofia irakasle eta zuzeulariari, ekimen hau antolatzen eskaini digun laguntzarengatik.

Eztabaida aberasgarriena opa dizuegu.

[#EztabaidaNazionala] Unibertsaltasuna, dialektika, emantzipazioa

[#EztabaidaNazionala] Juan Jose Etxabe 2.0

[#EztabaidaNazionala] Independentzia eta gero

[#EztabaidaNazionala] Euskal errepublika

[#EztabaidaNazionala] Egunerokotasunetik abiatu

[#EztabaidaNazionala] Estrategia eta praxi independentistari buruzko alferrikako galderak eta gogoetak

[#EztabaidaNazionala] Herrigintza eta estatugintza globalizazioaren aroan

[#EztabaidaNazionala] Naziogintzaren oinarrietan

[#EztabaidaNazionala] Errepublika independiente euskalduna, feminista, ekologista eta abar? Bai, baina ez, eskerrik asko!

[#EztabaidaNazionala] Askatasuna, urratsez urrats

[#EztabaidaNazionala] Euskal Errepublika erdira

[#EztabaidaNazionala] Herri batentzako bide baten bila

[#EztabaidaNazionala] Sinesgarritasunaz

[#EztabaidaNazionala] Naziogintza da txapela

[#EztabaidaNazionala] Desiogintza da herrigintza (edo nola saiatu pitzatzen pitzagaitza)

[#EztabaidaNazionala] Independentzien artxipelagoa

[#EztabaidaNazionala] Kuleroak gaseosa eginda jarriko dizkigun Euskal Errepublika batengatik

XXI. mendeko Abertzaletasunaz [EHU Ikastaroa]

[Maltzaga I] Zer demonio da Maltzaga?

Eztabaida nazionala

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

6 pentsamendu “[EZTABAIDA NAZIONALA] Estrategia independentistak mintzagai”-ri buruz

  • Zorionak ekimenagatik. Oparoa izan dadila eta idei eta praktika onen ibaiak sortu ditzala ariketa honek.

  • Oparoa izan dadila oso, herri honek horrelako eztabaidak lehen bailehen behar ditu eta!

  • Kuriositate sano eta zirikatzaile bat plazaratu nahiko nuke: eztabaida nazional honetan ildo politiko guztiak sartzen dira edo ZZk (ZuZeu, ez ZZ Top) onetsitakoak besterik ez? Noski, EZTABADA NAZIONALA hitz potolotxoak dira kultura politiko bakar baten eztabaida endogamikoa izango denerako, suposatzen dut. Historiaren indar aurrerakoiek norabide bakarra daukate, noski. Halaber, eztabaida NAZIONALA bada, zein da eztabaida horretan parte hartzen duen nazioa? Nor nazioaren kide? Zentzu etniko bat dauka honek? Edo ze demontre? Demokraziaren aurka agertzen den baten batek parte hartzeko aukera izango zukeen, esaterako? (edo jarri hemen politikoki gaitzesgarria iruditzen zaizuen edozein adibide)
    Halaber, aipatzen dituzuen puntuetako gehienak prozesu politikoei egiten diete erreferentzia ia espreski. Globalizazioaren aurrerakada eta azelerazioa, inperialismo kulturala, ezker idealistaren teorien goraldia…horiek aipatzea ere beharrezkoa litzateke eztabaida NAZIONAL batean, independentzia zerbaitetarako behar bada nazioa zuztarritzeko da bereziki, hau da, etniaren izaera politikoa.

  • Kaixo, Undar:
    Ahalik eta ildo politiko eta profil ezberdineko jende gehien biltzen saiatu gara, eta emaitza oparoa izan da oso, nahiz eta, noski, beti zabaldu daitekeen. Era berean, idatzia irakurri baduzu ikusiko zenuen edonor gonbidatzen dugula gurekin kontaktuan jartzera eztabaidan parte hartu nahi izanez gero. Oso zaila ikusten dugu idatziren bat kanpo uzteko aukera, baina parte hartzea onartzeari dagokionez, noski, etxe honetako erredakzioak izango du azken hitza. Hutsuneren bat sumatzen baduzu jakinarazi, asko eskertuko dizugu.
    Ondo izan

  • UNDARrekin nago: gaur egun ez dago “eztabaida nazional” baliozkorik, Agenda-2030 kontutan hartu gabe.
    Beraz, hobe deitzea “ESTABAIDA NAZIONALA EGUNGO NAZIOARTEKO EGOERAN”

  • Oso interesgarria!