Ezohikotasunaren ohikotasuna: La grande guerre, entre memoire et histoire

lansiaux3

Dispertsioaren arrazoiz, Paris lagun galduaren geografia bihurtua dugu, eta bisitak, kilometroak egiteko, bidaialagunekin hitz egiteko eta liburuak irakurtzeko ez ezik, denborak uzten digunean, hiriburuko erakusketa batzuk ikusteko ere baliatzen ditugu. #resultadosdeladispersion

*

Gerra Handiaren mendeurrena ospatzen ari dira Frantzian, etaEchenoz bakarrik ez, errepublika hazita dago XX. Mendeko gertakari lazgarrienetakoaren memoriarekin. I. Mundu Gerraren urteurrenaren aitzakian, Parisko Bibliotheques de la ville de Paris aretoan, La grande guerre: entre memoire et histoire erakusketa zabaldu dute, Charles Lansiaux-en argazkiekin.

*

Verdun gabeko gerra bat, lubakirik gabekoa, baina gerra bat da, azken finean, argazkietan erakusten zaiguna. Ez tiro, ez lokatz, ez ia armarik: haien ondorioak Parisen, ez besterik. Erretaguardia, zaurituen zaintza, hiri eta jendartearen berrantolaketa, elkartasunerako deia, abertzaletasuna eta aberrikeria, susmoa eta mehatxua, ohartarazpenak, errefuxiatuak… gizon, emakumezko, adineko eta haurren rola.

Lansiaux1

Lansiaux2

Lansiaux4

*

Gerraren eguneroko bat erakusten du Lansiauxek. Desirak, harrotasunak, beldurrak eta ohiturak: ezohikotasunaren ohikotasuna edota salbuespenaren errutina. Denak daude egon beharreko lekuan, baina denak daude lekuz kanpo. Desoroso daude eta, aldi berean, euren arduraz harro.

 

Alkatearen aginduak, herri zerbitzuen antolakuntza, herri babesa eta elkartasuna, arreta eta indiferentzia, familien berrantolaketa… gerra batek ez ditu lubakien aurre-atzearen arabera aldatzen mugak, erretaguardiako jendarte osoa ere antzaldatzen du: sozialki, kulturalki eta emozionalki.

*

Argazkien balioaz gaindi, gerrarako jendarte egituren arkitekturaren azalpena da (erakusketaren antolaketa beraren bidez bideratzen dena) benetako balioa duena.

*

Argazkia arte “berria” zen oraindik eta gerra laburra iragartzen zen, eta horregatik, ziurrenik, argazkiek, gerora erreprodukzio askok galdua duten benetakotasun eta freskotasuna mantentzen dute: ez dago pose bakar bat ere. Eta gaurtik begiratuta, une historiko ezinbesteko baten erretratuak dira. Eta, ziurrenik, protagonistek ez zuten mende betera argazki horiek izango zuten esanahiaren kontzientziarik.

*

Bazter batean, Maurice Busseten margo batzuk daude, argazkiekin kontraste egiten dutenak, eta argazkien islada ahalmenaren ondoan eta haiekin elkarrizketan, gerra fikzioko giza-harreman talka bat besterik ez dela irudika dezaketenak.

Busset

*

Urtarrilaren 15etik Martxoaren 30era dago erakusketa zabalik.

(Jatorrizkoa nire blogean)

jon benito
Jon Benito

EHUN GINEN - Idazlea, gidoilaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude