Ezkutuan

Ezkutuan –

EzkutuanPazko astea andaluziako lurretan pasa dugu, hango bidezidor, errepide, eta estratetan barna; gure bizikleten pedalei eragiten. Jaengo lurretan hasie eta, Kordoba izan genuen helmuga. Ez da bidaia erraza izan, euria ere bidaide izan baitugu, eta bertako olibondo lurrak lokatz bilakatu baitira. Hala ere, nola edo hala aurrera egin, eta lortu genuen kalifen hiriburura heltzea, Kordobako kaleak gure oinez zapaltzea, alegia. Kale horietan paseoan genbiltzala, zenbait ezeusteko jaso genituen bertako kaleen, eraikinen eta plazen izenei erreparatu genielarik. Lehenengoa, Mateo Inurria izeneko arte eta lanbide eskola. Nor demontre ote zen “inurria” gaitzizeneko Mateo delakoa?, edo benetako abizen zuen Inurria? Bueno, ikertzeke… Bigarrena, Goiri abizeneko Mariarena izan zen, “Calle de la escritora María Goiri”. Emakumea, idazlea eta euskalduna; eta guk ezagutu ez? Zein bizitza ezkutatzen ote zen Maria Goiri izenaren atzealdean? Ez dizuet kontatuko sarean zer topatu genuen, zuen esku uzten dut Mariaren bizitza miresgarrian egin beharreko ikerketa lana. Soilik esango dizuet hizki larriz eta aspalditik ezagutzen ditugun gizon askoren bizitza eta langintza erruz gainditu zituela idazle honek. Eta zenbat horrelako bizitza ezkutuan? Zenbat emakumeren lanak eta istorio interesgarriak itzalpean, inon aipatu gabeak?

Behin apustua irabazi nion joan berri zaigun lagun on bati. Taberna batean geunden berbetan, euskal kulturaren ikusezintasunaz, gure sortzaileen lanek bertako erdaldunengan duten eragin faltaz eta ezagutza txikiaz. Berotu ere egin ginen, eta berak Maialen Lujanbio denek ezagutzen zuela esan zuen. Euskal Herriko bertsolari txapelketako txapela jantzi berritan zen, eta gure laguna puztuta, badakizue. Postura argitzeko metodoa falta zitzaigun, eta bioi otu, onena zela tabernako zerbitzari erdaldunari galdetzea ea Maialen arratsalde horretan tabernan izana zen: –“¿Has visto a Maialen?”, galdetu genion tabernariari. –“Qué Maialen?” erantzun berak, eta guk aho batez –“¡Lujanbio!”“¿Y quién es esa?” besteak.

Pentsa, pentsa zer nolako arrakala dagoen euskal kulturaren eta inguruko bizilagun erdaldunen artean, pentsa zenbat Maria eta zenbat Maialen geratu diren eta geratuko diren ezkutuan. Batzuetan guztiontzat, Mariaren kasuan bezala, besteetan euskal kulturaren arrasto gutxienekoa ere jasotzen ez dutenentzat. Afari legezkoa irabazi nion Iñaki lagunari, baita kobratu ere, baina nahiago nukeen nik ordaintzea hurrengoan, aukerarik egongo balitz.

eze

Oihaneder Euskararen Etxeko kultur teknikaria ofizioz, kultur-xaxatzaile afizioz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude