Ezker Abertzalearen proposamenaz prentsak dakarrena

Altsasun emandako prentsaurrekoaren argazkia
Altsasun emandako prentsaurrekoaren argazkia

Uste dut ez nabilela oker, Ezker Abertzaleak garrantzi handiko adierazpen asko, baina hau bezain garrantzitsuak gutxi egin dituela badiot.

Gaur, jaiki eta berehala, egunkariek adierazpenaz ziotenaren bila ibili naiz sarean, eta hauxe topatu dut:

Garak, espero zenez, leku zabala eskaini dio atzoko asmo iragarpenari. Batetik, adierazpenaren kronika egiten du Ramon Solak; bestetik, atzo aurkeztutako agiria plazaratzen dute osotasunean. Hori gutxi balitz, Iñaki Iriondoren analisi bat ere badakar egunkariak haserako orrietan, Gararen iritzia erakusten duen editorialaz gain.

Berriak, bere aldetik, Altsasutik egindako kronikan, Ezker Abertzalearen proposamenaren aldebakarrekotasuna darama titularrera. Pello Urzelairen analisiak eta Xabin Makazagaren hizpideak ere gaian sakontzen dute. Veneziatik izan arren, Brian Currinen adierazpenak (“Iraganean ez da horrelako proposamenik egin, inoiz”), interesgarriak dira egunkari berean.

El Correok, interneteko edizioan, garrantzia gutxi eman dio notiziari. Bosgarren notizia da, eta titularraren ñabardura batek deitzen du arreta (La izquierda abertzale se dice dispuesta a un proceso de paz “en ausencia total de violencia”).  “Se dice” horrek, unionismoaren hedabideetan ohikoa izango den, deskreditu saiakera bera egiten du.

Talde bereko Diario Vascok ordea, sareko edizioan lehen notiziatzat dauka. Aipagarria da, El Correo eta Diario Vascoren artikuluak, beste hainbatetan ez bezala, ezberdinak direla erredakzioan.

Deiak Ezker Abertzalearen proposamenak  ETAri eskaerarik egiten ez diola azpimarratzen du Alvaro Gonzalezek sinaturiko artikuluan.*

Espainiako hedabideetan

Espainiako hedabideetan, El Mundok ez du eraman sareko azalera notizia. El Paisek, bere aldetik, Deiak bezala, ETA kondenatu gabeko proposamen bat dela azpimarratzen du, eta Azpioleak, bere analisian, proposamen berriaren aurrean eszeptizismoa orokorra dela dio. Editorial laburrean, ez dela politika aldatzeko unea dio egunkariak.

La Vanguardiak ez du interneten behintzat azalera eraman eta EFE agentziaren kronikaren bidez ematen du berria. Publicok, Altsasun izandako Guillermo Malaina kronistaren bidez, Batasunak bide politikoetara egindako bidea azpimarratzen du.

Blog pertsonalek eta konfidentzialek ia ezer ez dakarte momentuz.

Interesgarria litzateke nazioarteko prentsak lekurik eskaini dion eta eskaintzekotan nola jorratu duen aztertzea.

*Noticias taldeen gainerako egunkarien sareko edizioak, notizia hau idazterakoan, eguneratu gabe zeuden.