Ezinezkoa, gizon jatorra da! Estatu arrazoia 1609-2022

Ezinezkoa, gizon jatorra da! Estatu arrazoia 1609-2022 – 

Albisteak ekainaren 24an astindu gintuen. Pixkanaka plazaratzen hasi ziren irudiak, zer eta hamarka gorputz eta gorpu pilaturik Melillako mugako hesiaren aldamenean. Jakiten hasi ginen hilik suertatu zirela hiri horretako hesia gainditzeko ahaleginean. Sanchezek, “ondo ebatzitzat” iritzi dio muga zeharkatzean etorkinei eman dieten erantzunari (eraginkortasun putindarrekoa, hala esan badaiteke). Berdin izan dio sarraskia izanik ere.

Espainiako gobernuak etorkinen kontrako lan espezializatu gehiena eman dio Marokori, jipoi banaketarako proxy bilakaturik: finean, Espainia Europar Batasunak Libian jarritako ereduari lotu. Mendebaldeko Saharari bizkarra eman eta Marokon sartzeari on iritzi ondoren etorri da Melillako hesiko hilketa. Mesedeen elkatrukea, antza. Espainiar presidentea errespetuz zuzendu zaio Ipar Afrikako diktadura erregimenari eta bateko zein besteko poliziei. Ulermena eskatu du haientzat, hara.

Sanchezek, bada, erantzukizunik ote du azken gertaera lazgarri horretan? Ez dugu inongo kontraturen testurik hori berresteko, eta Sanchezek gizon jatorra ematen du, errepublikazaleen familia batetik dator, saskibaloian jokatu du… Eskuak ez ditu zikindu bederen, hori segurua da, sarraskiaren orduan auskalo nongo bulegotan egongo zen. Beharbada goiko beste norbaitek behartu zuen Marokorekin bakeak egitera eta lankidetza horretara: Atlantikoaz bestaldeko X jaun edo indar batek (azken hilabeteotan Israelek Marokorekin harremanak estutu ondoren).

Ezinezkoa, gizon jatorra da! Estatu arrazoia 1609-2022Ezin eutsi beste kasu batekin antzekotasunak ikusteari, esku artean darabildana: Lapurdiko sorgin ehiza (1609). Beñat Zintzo-Garmendia historialariak ukatu egin du (Histoire de la sorcellerie en Pays Basque, 2016) pertsekuzio hori Frantziako Henrike IV.a erregearen (Nafarroako III.aren) Lapurdiko euskaldunen kontrako zigorra izan zenik, 80 lapurtar hil eta beste 200 (gehienak emakumeak) Bordeleko espetxean usteltzen utzi zituena.

Sorgin ehiza hori hasi baino ia urtebete lehenago, 1608ko uztailean, Quebecen, Ipar Euskal Herriko marinel euskaldunek (asko ziburutarrak, Bidasoaz mendebaldeko euskaldunen laguntzaz, segur aski) kanoikadaz hartu zuten  frantsesen larru salerosketaren monopolio ahalegina. Are, frantsesen armak konfiskatu zituzten, kanoiak ere tartean. Samuel de Champlain zebilen hor Henrike erregearen ordezkari. Quebec sortzean (larru salerosketa kontrolatzeko eta asmo koloniala aurrera ateratzeko), euskaldunek konplota antolatu zuten Champlain hiltzen saiatzeko, baina ez zuten lortu.

Sekuentzia bat hasten da, 1608ko uztailetik urrira doan gertaeren sekuentzia bat. Errege aginduei desafio egin ondoren, euskaldunek umiliatutako Gravé du Pont buru zuen barku bat itsasoratu zen Frantziara Quebecetik, konploteko inplikatu ez-euskaldunak gatibu zeramatzana; Gravé du Pontek Quebecen gertatutakoaren berri eman zion Henrike erregeari. Urrirako, Henrike erregeak Bordeleko Pierre De Lancre jujeari esleitu zion Lapurdira joateko misioa. Juje sektario horrek bazuen Quebeceko gertaeren berri zehatza, bere idazkietan agerian utzi zuenez. Haatik, hori ere ez omen da ezeren seinale.

Tolosa Okzitaniako historialariak beste argumentu bat eman du. Henrike ez zen aiurri gaiztokoa. Frantziako tronua eskuratzeko erlijio gaietan era guztietako itzulipurdiak egindako errege nafar-frantses horri Le Bon roi deitu dio frantses historiografiak. Bigarren hezkuntzako irakasle frantsesek begiko dute, kuttuna dute, historiako eskola curriculumean leku garrantzitsua du. Printze tolerantea zen, baketsua eta abila. “Jatorra” zen. Ezinezkoa Pierrre De Lancre Lapurdira igorri izana horregatik, “ez idatzita ikusi arte”.

 

Ezinezkoa, gizon jatorra da! Estatu arrazoia 1609-2022

Euskal Wikilarien Elkarteko kidea, itzultzailea