Ezinegona (edo iaz idatzi beharreko testu bat)

Minbizia. Beldur ematen duen hitz horietakoa da. Minbizia. Berba poliedrikoa; esanahi guztiek ez didate burura berri onik ekartzen. Minbiziak, egunero entzun arren; hurbilago sentitzen dugun bakoitzean izu handiagoa sortzen du; ezinbestean. Minbizia, zorigaitza, etsaia barruan, auto-suntsiketaren modu ankerrenetakoa. Minbizia. Inoiz arrunta izango ez den berba; ezta malura ere.

Aitor dezagun minbizi baten aurrean ez dakigula zer esan, zer egin. Esan dezagun: “ez dakit zer sentituko nukeen etsaia barruan daukadala ohartu orduko”. Aurreikusi ezin daitekeen jarrera da. Era berean, ez dakit zer esan, edo zer egingo nukeen lagun min batek minbiziak jota dagoela aitortuko balit. Isilik geratuko nintzateke seguraski. Triste, goibel, kezkati agian, baina laguntzeko prest. Zelan egiten da? Neuk ez dakit, behintzat. Inork ez dit irakatsi.

Minbizia. Hilkorrak garela gogoratzen digun gaixotasuna. Hitz gutxitan: sentitzen ditugun segurtasun guztiak hausteko gai den guk sortutako izurritea. Gorputzak “aski dela” dio. Batzuetan geldiarazteko gai gara; bestetan ez. Ezinegona, amildegia, beraz. Minbizia. Gizakiaren trebezia lehian; medikuntzaren erronka. Minbizia. Aitor dezagun beldur diogula, oihu egin dezagun hauskorrak garela, behingoz. Minbizia. Zozketa petral honen partaideak gara. Naturaren menpe beste behin ere. Minbizia, minbizia, minbizia…

Nolanahiko gaixotasuna ez bada ere, gutxitan kontuan hartzen den malura da, hurbilagoa egiten zaigun heinean agertzen den mamua baita minbizia. Maite dugun pertsona baten taupadak geldiarazteko zorian daudenean, amildegira begira gaudenean baino ez dira azaltzen kezkak, beldurrak, eta horiei aurre egiteko eskarmentu faltak eragiten duen ondoeza. Daukazun guztia eskeini nahi, asmatu ez, ordea. Bidean ikasi behar, ohi bezala. Eta hemen nauzu; eta hemen gaituzu. Ezinegon batean sarturik, baina ondoan segitzeko prest.

Asko gure dotsugu.

(Animo minbizia pairatzen ari zareten guztioi! Eta animo gaixoaren ondoan zaudetenoi!)

PD: Zorionez, ametsgaiztoa iraganeko pasadizo iluna baino ez da.

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.