Ezer txarrik egin ez balute bezala

Ezer txarrik egin ez balute bezala

`Kakux auzia´ deitu den horretaz neuk ere esan gura ditut bi berba, erortzear den elurrarekin afera hedabideen orrietan nabartu baino lehen; egunotan ezinegona eragin didaten kontu batzuk irakurri eta entzun ditut-eta.

Ezer txarrik egin ez balute bezalaBaga, Euskal Herriko elizaren baitan ezagutu eta frogatu den lehen sexu erasotzat jo dute zenbait hedabidek afera. Aurretik irakurri ahal izan ditugun zenbait testigantzari esker badakigu ez dela horrela.

2012ko apirilean, “Hoy es nuestro aniversario, cerdo” izeneko sarrera batean, gazteleraz eta gordin, 32 urte aurretik Bilboko parroko baten egin zizkion erasoen berri eman zigun Ana Isabel Moralesek, nardatzen duen kontakizun batean.

Oier Gorosabelek “pederastia atzo goizerarte oso gauza normala izan dala ederto erakusten dau ointxe kontauko dotenak” idatzi zuen 2015eko urrian, gerora Zuzeuko salabardoak ere jaso zuen sarrera batean, “Pederasten paradisua”. Berak entzundako kasu batzuk kontatzen ditu bertan, iragan mendeko 40. eta 80. hamarkadan jazoak.

“Spotlight” ikusi berritan, 70. hamarkadara itzuli zen Alberto Barandiaran kazetaria, La Sallen jasan zituzten abusuak Berria egunkarian kontatzeko, Moralesek bezala lehen pertsonan honek ere -Mendizabalek erasotuak ere, hogeita bi urte igaro eta gero kontatu dizkio pairatutakoak Barandiaran berari, pentsa-.

Bilbon, Gasteizen eta Irunen; Don José Luisek, Dimas Sotések eta Anaia Valeriok; 11-14 urte bitarteko neskatila eta mutikoei. Gure aldetik erabateko sinesgarritasuna duten hiru adibide baino ez dira, baina Joxe Aranzabal bezala, ez ginateke harrituko geu ere, `Kakux auzira´ bueltatuta, “Bergaran, Antzuolan, Donostian edo ez dakit non, beste kasu batzuk ere agertuko balira, alegia, Kakux abade gisa lana egindako tokietan”. Guzti honek ez du justiziaren aldetik ikerketa bat merezi?

.

Neurriak hartu beharraz

Biga, eta aurreko galderari erantzunez, ezetz uste du Iñigo Urkullu lehendakariak. Elizari dagokion prozesu bat dela iritzita, “ez dagokit gai horretan sartzea. Hartu dituzte erabakiak jada, eta, printzipioz, errespetatu egin behar dut jazarpena salatu duten pertsonen egoera”, esan du -fiskala ez dator bat, zorionez-. Larriak begitandu zaizkigu lehendakariaren adierazpenak, are gehiago gizona fededuna dela jakinda.

Ezer txarrik egin ez balute bezalaEAEko agintari legez, jakin beharko luke (eta badaki) pederastia delitu larria dela, eta horrelako kontuak, gure jendartean, justiziak epaitu behar dituela. Beste modu batera esanda, Munillari amen egin dio, eztanda egitear zen arte afera isilpean gorde duen gotzaina; haren alde egiteak erasoak pairatu zituzten adingabeak babesik gabe uzten dituela jakinda edo jakin gabe.

“Hain babestuta sentitu dira sexu-depredadore zuriak, zeren, euren kasua publiko egin arte, lotsa barik segitu baitute predikatzen, ezer txarrik egin ez balute bezala, dio lehen aipatu dugun Aranzabalen idatziak, eta Morales berak ere, Mendizabalek sentitu duen inpunitatea du aferaren giltzarritzat. Eta horixe da Urkulluren hitzek betikotzen laguntzen dutena, elizaren inpunitatea.

Jende andana asaldatu da Urkulluren esanekin, eta ez da gutxiagorako. Horretaz idatzi berri du Luistxo Fernandezek ere, “ez, lehendakari jauna”, esateko:

«Kasualitatea izango zen, Urkullu Vatikanoko ordezkari batekin elkartu behar izana, hain juxtu euskal eliza (edo eliza katoliko euskalduna, nahi baduzue), abusu kasu batean nahastu denean. Hala ere, hobeto prestatua ager zitekeen Lehendakaria, ze esan egin behar da, esan, “Elizari dagokion prozesu bat” dela Juan Kruz Mendizabal apaizarena.

Ez, lehendakari jauna. Agintari batek beste gauza batzuk esan eta egin behar ditu halako kasuetan, eta Elizak barik, aginteak hartu behar du esku delitugileen kontra».

Bide beretik jo dute beste askok ere.

.

Ezer txarrik egin ez balute bezala Ezer txarrik egin ez balute bezala
eliza, ikerketa, Iñigo Urkullu, inpunitatea, Kakux auxia, lehendakaria, sexu erasoak, zigorra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude