Ezer ez aldatzea

Zumaia, eguzkia«Ezer berri ez eguzkiaren azpian», diote; eta mundu zaharkitu bateko biztanlea balitz bezala sentitu da.

«Dena kontatuta dago», diote; eta bezperan bururatu zitzaion istorioa isildu du, noizbait beste baten bati entzun eta errepikatzera doalako susmoarekin.

«Liburu guztiak idatzita daude», diote; eta bolaluma hartu duenean, idatziko duena aurreko bati irakurria zela pentsatu du.

«Mapa guztiak dagoeneko marraztuta daude», diote; eta iruditu zaio deskubritu berri duen paraje bikaina aisia-eremua izendatzeko zorian daudela bertako aldundian.

«Bide guztiak urratuak izan dira jada», diote; eta martxan jarri da, egiten dituen urratsak beste batzuek utzitako oinatzen gainean doazen sentsazioarekin.

«Dena dago asmatuta», diote; eta proposatzen ari zen aldaketa agortuta dagoela sentitzen hasi da.

Baina, barruan, zerbaitek esaten dio mundua —zaharra izanik ere— ez dela oraindik ihartu; eta sortu zaion istorioa ez dela beste baten kopia izan; eta idazten dituen hitzak eta lerroak bere-bereak direla; eta ezagutu duen parajea bere begiek ikusi dutela estreinako aldiz; eta badaudela mapan marraztu ez diren lurraldeak, badaudela urratu gabeko bideak, idatzi gabeko liburuak, asmatu gabeko sendabideak, proposatu gabeko irteerak… oraindik.

Eta susmatzen hasi da lelo horiek guztiak errepikatzen dituztenek sormenik gabe geratu direlako esaten dituztela. Edo inoiz ez zutela izango akaso. Edo baten batek moztu egin die noizbait. Edo, agian, Arantxa Iturbek zioen gepeseari begira, burua altxatu gabe, segitzea besterik ez dutela egin nahi edo egin ahal. Edo… nork daki, sinetsi eta berea egin dutela ezer aldatzerik nahi ez dutenen doktrina. Haratago joan da gero. Eta indar berria eman dio pentsatzeak eurak direla, hain zuzen, ezer ez aldatzea nahi dutenak.

gizartea
Arantza San Sebastian

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz