Ezagutza sexuala eta gogobetetze maila erabat lotuta daude

Ezagutza sexuala eta gogobetetze maila erabat lotuta daude –

Maddi Ane Txoperena Iribarren kazetariak Jaione Valdes Ituarte sexologoa elkarrizketatu du Berria egunkarian, Emakumeen Ahalduntze Sexualaren Autopertzepzioa ikerketa dela-eta.

Emakumeek euren ahalduntze sexualari buruz uste dutena ikertu du Mundu Berriak gobernuz kanpoko erakundeak, Euskal Herriko 612 emakumeri egindako galdetegietako erantzunak kontuan hartuta.

Ezagutza sexuala eta gogobetetze maila erabat lotuta daude
Mundu Berriak.

«Ezer gutxi» ikertu da emakumeen sexualitateari buruz, «are gutxiago andreen ahalduntze sexualaz», eta, gabezia horri datuak jartzeko asmoz, Emakumeen Ahalduntze Sexualaren Autopertzepzioa izeneko ikerketa abiatu zuen iaz Mundu Berriak GKE gobernuz kanpoko erakundeak. Plazaratu berri dituzte emaitzak, eta horiek aletu dizkio BERRIAri ikerketan parte hartu duen Jaione Valdes Ituarte (Eibar, Gipuzkoa, 1974) psikologo, sexologo eta Mundu Berriak GKEko kideak. Lotura ugari atzeman dituzte ikerketa kuantitatiboan proposaturiko aldagaien artean: «Kontzientzia feministak laguntzen du ahalduntze sexual handiagoa izaten».

Zergatik ikerketa hau?

Modu zientifikoan ikertu nahi genuen emakumeen ahalduntze sexualaren autopertzepzioa, alegia ikerketa baten bidez; gure ustez, horrek lagun diezagukeelako sakontasun handiagoz ulertzen emakumeen sexualitatea, eta, era berean, detektaturiko beharren araberako ekintzak proposatzen.

Zer da, zehazki, ahalduntze sexualaren autopertzepzioa?

Emakume bakoitzak subjektiboki egiten duen balorazio bat da, bere ahalduntze sexualari buruzkoa: hau da, garen, dugun eta egiten dugun sexuari buruz hartzen dugun boterearen pertzepzioa, betiere gorputzari sexualitatearen mapa gisa duen garrantzia emanda. Gorputzarekiko eta sexualitatearekiko kontrola eta autonomia izatea eskatzen du ahalduntze sexualak.

Lau hipotesi proposatu zenituzten ikerketaren hasieran. Zein dira eta zergatik proposatu zenituzten?

Lehenak zioen gero eta ezagutza sexual handiagoa izan, orduan eta gogobetetze sexual handiagoa izango zutela emakumeek; bigarrenak, gero eta autoestimu handiagoa izan, orduan eta motibazio sexual handiagoa izango zutela; hirugarrenak, kontzientzia feminista gero eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango zela sexu erasoen identifikazioa; eta, azkenik, laugarrenak zioen pertzibituriko autoefikazia sexual gero eta handiagoa izan, orduan eta asertibitate sexual handiagoa izango zutela andreek.

Ahalduntze sexuala neurtu ahal izateko, zortzi aldagai proposatu genituen: sexu ezagutza, gogobetetze sexuala, autoestimu sexuala, sexu motibazioa, kontzientzia feminista, sexu indarkeriak identifikatzea, sexu asertibitatea eta autoeraginkortasun sexualaren pertzepzioa. Eta, aldagai horietan joera positiboa bada, ahalduntze sexual indize bat ateratzen da. Aipaturiko korrelazioak ikerketa aberaste aldera proposatu genituen.

Bete dira hipotesiak?

Lehendabiziko hirurak bai: ikusi dugu ezagutza sexuala eta gogobetetze maila erabat lotuta daudela, adibidez. Kontzientzia feminista eta erasoen identifikazioa ere erlazionatuta daude, eta autoefikazia sexualaren pertzepzioa eta sexu asertibitatea ere bai. Bata gero eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da bestea, eta alderantziz.

Zertan ikusi duzue hori?

Ikerketa kuantitatiboa da guk egindakoa, eta oinarri gisa inkestak ditu. Alegia, nik ez nuen inolako harremanik izan emakume horiekin: gure datu basearen eta sare sozialen bidez hedatu genituen galdetegiak, eta anonimoki bete zituzten. Diogunean ahalduntze sexuala dagoela edo aldagaiak lotuta daudela, inkestetako emaitzek hala diotelako esaten dugu.

Azal dezakezu…?

40 galderatan neurtu ditugu aldagai horiek: aldagai bakoitzak bost galdera zituen, eta, erantzunen arabera, puntuak gehituz joan gara; gutxi gorabehera, eta sinple azalduta -hori baino konplikatuxeagoa da-.

Autoestimu sexualaren eta sexu motibazioaren artean, berriz, ez duzue lotura zuzenik ikusi. Zergatik?

Hor ere, datuengatik. Ondoren, emaitzak adituekin kontrastatu genituen, eta korrelazio horrekin, adibidez, adituetako batek ere zalantzak zituen. Horrek erakusten du gehiago ikertu behar dugula horri buruz, uste genuen baino zailagoa delako: motibazio sexuala fenomeno konplexu bat da, non tartean sartzen den nagusi den sexualitate eredua -androzentrikoa, matxista, koitozentrista-, eta horrek ere eragin dezake.

Parte hartu duten emakumeek ahalduntze sexualaren autopertzepzio handia dutela ondorioztatu duzue, baina inkestaren zabalpena sare sozialen bidez egin duzuenez, segur aski erantzun duten emakumeek interesa izanen zuten gaiarekiko…

Ikerketaren faktore kutsatzaile bat da, baina faktore positiboa ere izan daiteke. Sexualitatea gai polemikoa da, erresistentziak sortzen ditu, eta segur aski emakume askok ez dute erantzun nahi izan. Kontzientzia feministarekin zerikusia dauka: hala duten duten emakumeek, oro har, ikusten dute emakumeekin zerikusia duen inkesta bat dela, eta, beraz, erantzun egiten dute.

Horrek eragin du emaitzan?

Bai, argiki. Kontzientzia feminista aldagai bat da, hain zuzen: laguntzen du ahalduntze sexual handiagoa izaten. Edo, kontrara: ez bazara feminista, zure ahalduntze sexuala segur aski txikiagoa izango da, agian ez dizkiozulako mugak jarriko harreman bati, edo harreman heterosexual koitozentristetara lerratzen utziko baitiozu zeure buruari, zeinak beharbada ez zaituzten aseko.

Bertze ikerketarik egitea pentsatu duzue? Adibidez, ikerketa kualitatiboagoren bat?

Bai, beharrezkoa da. Ikerketa berritzaile bat egin dugu, baina, era berean, ez dago ezaugarri honetako ikerketarik analisi konparatiborik egiteko. Sakontzen segitu behar dugu, eta beste erakunde batzuekin sinergiak eraikitzen, jakiteko nola segitu dezakegun sakontzen emakumeen sexualitatearen ezagutzan, pluralean. Ikuspegi intersekzionalean ere sakondu nahi genuke: gure ikerketan dibertsitatea kontuan hartu dugu, baina harago jo nahi dugu hurrengo ikerketetan.

Ezagutza sexuala eta gogobetetze maila erabat lotuta daude

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Ezagutza sexuala eta gogobetetze maila erabat lotuta daude”-ri buruz

  • Bizitza osoa jeltzaleei aurpegiratzen euren kontrolpean dauden inkestak batzokietan egin izana, eta gaur egun ezker abertzale ildokoei inkestak herriko tabernetan edo gaztetxeetan egiten omen dituzten galdetu beharko zaie, erantzunei erreparatuta, jakina.
    Nire inguruan horrelako “ahalduntze” burujanik duen inor ez dut ezagutzen, ez emakume ez gizonik.