Ez zait ume bat kabitzen buruan

Ez zait ume bat kabitzen buruan –

Samara Velte kazetariak Hik Hasi aldizkarian.

26 urte dauzkazunean, badakizu gehienez ere lau geratzen zaizkizula jendea zure umetokiko jarduerari buruz galdezka hasi aurretik. «Gaia» airean dabil jada zure inguruan. Eta «gaia» diot, oraindik halako ukiezintasunezko aura bat daukalako amatasunaren auziak. Niri, behintzat, deserosoa zait; eta are deserosoago sentitzen naiz ohartzen naizenean inguruko gazteek zenbateko normaltasunez onartzen dituzten emandako rol batzuk.

Suposatzen dut kontraesan hori gure belaunaldiko emakume dezentek izango dugula. Alde batetik, neska koxkorrak ginenetik ikasitako rola daukagu, giza espeziea ez desagertzearen ardura osoa gure sorbaldetan eramango bagenu bezala edo. Nik baditut nerabezarotik euren seme-alaben izenak erabakitzen ari diren adiskideak, edota “ama gazte” izan behar zutela ziotenak. Atzeratu bai, baina saihestu ezin litekeen erabaki bat dirudi, kasik, gurasotasunak —nahiz eta, oraingoz, egunero ari diren erabakitzen haurrik ez izatea—. Bestetik, gaztaroan ikasitako teoria feministek alarma pizten digute rol horien aurrean, norbere autonomia familia tradizional baten mesedetan sakrifikatzeko beldurragatik. Gehitu horri katalogoetako bizimodua daramagula: alegia, sekula nahikoa bizi ez dugun irudipen hori, ez baditugu etengabe gauza berriak probatzen. “Orain, umea? Nola, bada, oraindik ez banaiz Sri Lankara joan?”.

Horra gura kontraesan nagusia: erabaki ustez saihestezina da hartu nahi ez duguna.

Baina nago erabakia hartzeko zailtasun handienetako batek ez daukala zerikusirik umeekin, inguruan ikusten ditugun amatasun ereduekin baizik. Ezinezkoa zait ama itxuraz bokazionalekin identifikatzea, eszedentzia luzeak har ditzaketen guraso irakasleekin eta Twitter kontuetan euren burua “Unaxen ama” edo “Juneren aita” bezala aurkezten dutenekin. Izutu egiten naute emakume gazteengan ikusten ditudan etxerako joerek, naturalismo berri baten izenean edo. Ama idealak izango dira akaso, baina niri ez didate balio eredu gisa. Haien alboan, saihestezina da norbere buruari begiratzea: 27 urte betetzear, 1.100 euro eskaseko soldatarekin —zorte pixka batekin lanpostu finkoarekin, edo ez—, zeinaren heren bat alokairuan joaten den; etxea beranduenez bi urte barru aldatu beharko dela jakinda; eta mila proiektu asmotan. Umea, akaso, kabi liteke bizitza horretan, baina ez nire buruan eraikita daukadan amatasun ereduan.

Ez zait ume bat kabitzen buruanBi oztopo horiek eragozten didate gurasotasunaz modu zintzoan pentsatzea: ama izateko idatzi gabeko obligazioak eta, horren ondoren, ama ideala izateko beharrak. Faltan botatzen ditut eredu anitzagoak, beste modu batzuetan ere guraso izan litekeela erakusten dutenak, prekarioegia, berekoiegia edo zalantzatiegia izateko beldurrik gabe. Beharbada horrela ere has gintezke libreago hitz egiten guraso ez izatea erabakitzeari buruz.

Ez zait ume bat kabitzen buruan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Ez zait ume bat kabitzen buruan”-ri buruz

  • Ez dut ulertzen azken aldian amatasunaren edo aitatasunaren inguruan dagoen “gogoeta egin behar” hau. Jende askok umeak dauzka, eta beste hainbat jendek umerik ez izatea erabakitzen du. Uste dut denok ezagutzen ditugula bitarikoak.

    Zertara dator hainbeste teorizazio eta gogoeta egitea? Umea izateak (bizitzako beste hainbat erabaki bezala) ondorio batzuk dauzka. Umea izateak bizitza aldatzen dizula jakin ez eta umea izan ondoren damutzen/harritzen den jendea inkontzientea edo gutxienez nahiko heldugabea da. Ama berri izateak dakartzan buruhauste eta ezintasunen inguruan ugaldu diren artikulu, liburu eta bestelako saioak ez ditut ulertzen. Kotxea erosteak gasolina erosi beharra dakarrela harrituta idatzirikoak ulertuko ez nituzkeen bezala.

    Gurasotasuna plano gorenean (“Unaxen aita” etab) jartzen duten horiek, eskubide osoa dute beren bizitza horrela baloratzeko. Norberak ikusiko du zeri ematen dion garrantzia bere bizitzan.

    Umea izan nahi ez duenak, arrazoia edozein dela ere, erabaki normal bat hartu du. GUztiz errespetagarria. Eszedentzia hartzen duten gurasoena bezainbeste. Eta ez du aparteko esplikaziorik merezi/behar. Norberak ikusiko du.

    Goian aipatu bezala, guztiok ezagutzen ditugu denetariko kasuak. Nik behintzat ez diot inori galdetu “zergatik” den beren erabakia den bezalakoa. Kasu guztiak iruditzen zaizkit normalak.

    Utzi jendeari pakean bizitzen, eta gutxiago teorizatu hainbeste buelta ez duten gauzekin.